Albistea entzun

Asiain inspektorea bueltan da

Alberto Ladron Aranak 'Jainkoen zigorra' nobela beltza kaleratu du: bere hamargarren eleberria eta Leire Asiain inspektorea protagonista duen hirugarrena
Alberto Ladron Arana idazlea, <em>Jainkoen zigorra</em> eskuetan hartuta, aurkezpen egunean, Donostian.
Alberto Ladron Arana idazlea, Jainkoen zigorra eskuetan hartuta, aurkezpen egunean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Itziar Ugarte Irizar -

2017ko azaroak 3 - Donostia

«Liburu poliziakoetan, oso konplikatua izaten da liburuaz hitz egitea; esaten dituzunak spoiler -ak izaten dira, barruko trama argitzen hasten zara, nahi gabe». Alberto Ladron Aranaren (Iruñea, 1967) liburu berriaz hitz egiten hasi aurretik egin du ohartarazpena Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak. Ladron Aranak ohiko duenez, polizia nobela bat kaleratu baitu; Jainkoen zigorra. «Ladronen zigilua darama, bere ezaugarri guztiekin», aipatu du editoreak.

Hona arte aurreratu daiteke istorioa: Olivier eta Peio Idiart anai baxenabartarren hilotzak Mendaur tontorrean azaldu dira, modu bitxi batean hilik. Itxura guztien arabera, erritu azteka bati jarraituz sakrifikatu dituzte. Nork, nola, zergatik ikertzen hasiko da Leire Asian inspektorea, eta Nafarroako Foruzaingoa eta Jendarmeria izango ditu lagun bilaketan. Laster konturatuko dira hilketaren atzean zerbait «handia, antolatua eta iluna» dagoela, idazlearen arabera.

Asiain inspektorearen sailaren hirugarrena da Jainkoen zigorraHarrian mezua (Elkar, 2014) eta Gezurren basoa (Elkar, 2016) dira aurrekoak—. Azken hori duela urte bete eskas argitaratu zuen Ladronek, oso harrera ona izan zuela aipatu dute editoreak nola idazleak —pare bat hilabetetan amaitu zen lehen tirada—. Bada bira bat Asiainen pertsonaian hirugarren lan honetan; urrunago joan dela dio Ladron Aranak. Eta Mendigurenek bota ditu egileak bota ez dituen pistak: «Aurreko nobeletatik ikusten da inspektoreak anorexia arazoak dituela, eta honetan ikusiko da horren jatorri posiblea. Arazoak ditu lanetik kanpo harremanak izateko jendearekin». Orain bai idazleak: «Horrelako pertsonaiak gustura sentitzen dira laneko burbuila txikian; hortik kanpo ez dute bizitzarik. Baina hemen ikusten da ahalegina hortik ateratzeko». Mendiguren: «Oso perfekzionista da bere lanean. Etikaren eta giza eskubideen errespetuaren zentzu sakon bat duena, polizia izateaz aparte». Eta azkenik, Ladron Arana: «Horregatik ditu ika-mikak lankideekin».

Bien arteko hitz trukeari eutsita, editoreak egin dio galdera-iruzkina idazleari. Halako nobela batean, errealismoa zehatz zaintzeko, idazteko dokumentazio lan handia behar duela egon atzetik, eta berak, Ladron Aranak, Nafarroako geografia oso zehatz erabiltzen duela. Erantzun garbia idazleak: «Azken batean, ezagutzen dugunari buruz idazten dugu, eta nik Nafarroako mendiak ezagutzen ditut, eta, gainera, guk gure geografia aprobetxatu behar dugu. Indar handiko tokiak ditugu; Mendaurreko gailurra, esaterako, oso toki iradokitzailea da».

«Euskal Herriko idazleetan nobela beltzari lotuen dagoen egilea da Alberto Ladron Arana», Mendigurenen esanetan. «Bai titulu kopuruagatik, bai jarraitutasunez idazten duelako, baita daukan arrakastagatik ere». Haren liburuak oso maiz berrargitaratzen direla adierazi du editoreak, eta jende asko zain izaten duela. Ladron Arana, ordea, ez dela «bere buruaren marketin zalea» azaldu du Mendigurenek; ez dela Durangoko Azokara sinatzera joaten, esaterako, jendea egileaz galdezka aritzen den arren.

Genero beltzaren legeak

Ladron Aranaren thrillerren alde, «generoaren legeak» oso ondo betetzen dituzten lanak direla dio editoreak. Lege horiek nolabait estalgabetzen ahalegindu da, hala ere, idazlea. Idatzi duen nobela bakoitzak bere «errezeta»duela, baina azkenean «osagai antzekoak» direla dio. Jainkoen zigorra-tik bi osagai nabarmendu ditu: misterioa eta ekintza. Misteriotik nobelaren lehen zatian jarri du gehiago, irakurlea harrapatzeko. «Irakurlea lehen atalean harrapatu, eta katigaturik eraman behar da amaierara». Ezohiko krimenak irakurlea harrapatu badezake ere, krimena bere horretan ez dela nahikoa aipatu du, irakurlea berekin eramateko. «Krimenaren inguruko baldintza batzuk argitu, baina galdera nagusiek ilunpetan jarraituko dute».

Irakurleek «beren teoriak» egingo dituztela dio Ladron Aranak, eta garrantzitsua dela apustu horiek «goratzea», irakurlea ez desengainatzeko. Baina, horrek arrisku bat dakar; sinesgarritasuna galtzea. «Ezin duzu jarri bi anaiak estralurtarrek hil zituztela eta Mendaur mendira espazio ontzi batean eraman zituztela. Ikusgarria izango zen, baina inork ez zuen sinetsiko, eta irakurlea desengainatuko genuke».

Puntu batetik aurrera narrazioaren erritmoa azkartzen hasiko da, «ikerketak eztanda egingo balu bezala». Hor sartuko da jokoan ekintzaren elementua. «Niretzat, erritmoa estilo kontu bat da. Ez dut batere gustuko deskripzio luzeak egitea. Pertsona, giro eta toki bat deskribatu behar dudanean, pare bat esaldi edo hitzetan egiten saiatzen naiz. Azken nobela hauetan modu ia telegrafikoan egiten ditut deskribapenak, dena erritmo bizi baten mesedetan». Informazio berri bat emateko elkarrizketak erabiltzen ditu Ladron Aranak. «Guk galdera-erantzun bidez jasotzen dugu informazio gehiena, naturalagoa gertatzen zaigu, atseginagoa seguru asko irakurtzeko, eta umorea bezalako elementuak sartzeko aukera ematen du». Horra nobelaren beste osagaia; umorea.

Normalean baino azkarrago eta luzeago idatzi du azken eleberria idazleak. Hirurehun orri pasa ditu, eta urtebetean idatzi du; orri bat eguneko ia-ia. «Nahiko neketsua» egin zaiola dio, baina eutsiko ei dio bideari: «Asiainen munduarekin gustura nago, eta, segur aski, ez da hau azkena izango».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Plateruena: berriz zabalduko ditu ateak

Durangoko Plateruena kafe antzokiak berriz irekiko ditu ateak

Iñigo Astiz - Paulo Ostolaza

Udalarena izango da, baina kudeaketa publiko eta komunitarioa izango du; kultur mahai batek gidatuko du. Gune berriak hiru erpin izango dituela azaldu dute: euskara, kultura eta sorkuntza.

Harkaitz Cano idazlea, bere poema liburu berria esku artean duela, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Harkaitz Canok ‘Pozaren erdia’ poema liburua plazaratu du

Ainhoa Sarasola

Susarekin eman du lana argitara. 64 soneto bildu ditu idazleak, eta aitortu du «adiktiboa» egin zaiola hamalaudunaren egituran barneratzea.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aurtengo Durangoko Azokak argitu dezakeen argazkia

Itziar Ugarte Irizar

Digitalizazioaren aroak galdera ikur handiak ezarri ditu musikagintzaren sektorean. Nabarmen aldatu da musika banatzeko era, eta Durangoko Azokan ere gero eta begi-bistakoagoa da hori. Eredu bat agortzear sumatu arren, formatu fisikoaren aldeko jarrerari eusten diote gehienek.

Karmele Mitxelena eta Iñaki Cid Larrea, beren lan argitaratu berriak eskuetan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Karmele Mitxelenaren eta Iñaki Ciden lanak argitaratu dituzte

Itziar Ugarte Irizar

'Haragizko mamuak' du izenburu Mitxelenaren lehen narrazio liburuak, eta 'Behin batean Loiolan' antzerkiaren alorreko Ciden lanak. Donostia Hiriko Kutxa Literatura sariak irabazi dituzte biek, eta Elkarrek eman ditu lanok argitara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...