Albistea entzun

«Hasiera baino ez da hau»

Zuzeneko bira izateko sortu zuen proiektua, 'Besamotzak', disko bihurtu du Joseba Tapiak. Bere bakarkako ibilbidean sortutako 11 kantu berrinterpretatu ditu, gitarra elektrikoarekin
Joseba Tapia musikaria, atzo, Zumeta estudioan, <em>Besamotzak</em> diskoaren aurkezpenean.
Joseba Tapia musikaria, atzo, Zumeta estudioan, Besamotzak diskoaren aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Maialen Unanue Irureta -

2017ko azaroak 9 - Usurbil

Joseba Tapiaz hitz egitean saihetsezina da trikitiarekin lotzea. Badira lau hamarkada horren konpainian agertu zela plazetan, agertokietan, eta oraintsu arte izan da hala. Duela ez asko egin zuen aldaketa, trikitia utzi eta gitarra hartzekoa —Tximela Kapitainaren izarrak lanean—; iaz, gitarra elektrikoa hartu, eta Joseba Tapia eta Besamotzak bira hasi zuen. Zuzenekoetarako sortu zen proiektu horrek disko formatua hartu du oraingoan. Jose Luis eta Usoa Zumeta artisten estudioan aurkeztu du, Usurbilen (Gipuzkoa), lagunez inguratuta, eta gitarra aldean hartuta. Usurbilen bertan egingo du estreinako kontzertua: igandean, 19:00etan, Sutegiko auditoriumean.

Aspalditik du lotura Tapiak gitarrarekin. «Txikitatik jo izan ditugu gitarrarekin familian Ez Dok Amairuren kantak, edo The Beatlesenak...». Gogoratu duenez, Tapia eta Leturia Banden kantu asko sortu zituen gitarra elektrikoarekin, baina oraingoan zuzenean arituko da instrumentu horrekin, eta hori bada jauzi bat musikariarentzat: «Ikusi beharko da nola moldatzen ote naizen».

Bere bakarkako ibilbidean —alegia, azken hogei urteetan—egindako kantuen lagin bat berrinterpretatu du Tapiak lan berrian: ehundik gora aletik 11 aukeratu ditu. Hainbat hasiera izan ditu Tapiak bere musika ibilbidean, eta hau beste bat da: «Hasiera baino ez da hau, eta asmoa daukat kantu gehiago ekartzeko». Hori egiteko arrazoiak gutxi du gozotik, ordea: «Sentsazioa dut ez dituela jendeak asko ezagutzen: gertatu liteke txarrak direlako ez entzutea, baina sentsazioa dut entzun ere ez ote dituzten egin, eta hortik dator ahalegin hau, kantu horiei bizi berri bat emateko». Bakarkako ia lan guztietako abestiak batu baditu ere, gehien-gehienak Real politik diskokoak dira.

Hiru musikariren laguntza izan zuen Tapiak bira hartarako: Iker Uriarte (bateria; Betagarrin aritua), Iñigo Telletxea (baxua; Anje Duhalde, Xabier Montoia, Borrokan, Petti...) eta Dani Narbarte (eskusoinua; Laiotz). Diskoan, berriz, gonbidatu gisa aritu da Narbarte. Eta Tapiak ez du gitarra elektrikoa soilik jo: baxu eta bateria batzuk kenduta, berak grabatu ditu tresna gehienak. Jonan Ordorika soinu teknikariarekin aritu da lanean, Azkaraten (Nafarroan), eta Gaztelupeko Hotsak etxearekin atera du diskoa.

Hain zuzen ere, diskoetxe horrekin ekin zion Tapiak bakarkako ibilbideari ,Apoaren edertasuna diskoarekin (1998). Québec: hamalau kantu independentziarako (1999) eta Agur Intxorta maite (2001) diskoak ere haiekin atera zituen; Zakurraren Biolina zigiluarekin argitaratu zituen hurrengo hiruak —Real Politik (2006), Eta tira eta tunba (2010) eta Tximela Kapitainaren izarrak (2013)—. Gaztelupeko lagunengana itzuli da, beraz, azken lanarekin: «Oso zaila da bakarrik lan egitea, eta konexio handia dugunez, haiengana jo nuen: beso zabalik hartu ninduten». Ñabardura bat egin du Gaztelupeko Hotsak-eko Joxe Felix Azkarate Xarra-k: «Emozionatuta hartu genuen».

Zerbait esateko jardun

Ofizio eta afizio baino gehiago, ofizioa eta plazera da Tapiarentzat musika. Hala azaldu du: «Egunaren ordu guzietan agertzen zait musika belarrietara: beti ari naiz musika aditzen. Erritmoa goiz-goizetik sartzen zait gorputzean, eta uhin elektrikoak gora eta behera ibiltzen dira nire zainetan».

Musikak bizi du Tapia, eta kontzientzia osoz jarduten duela aldarrikatu du. Baina, lehenik, musika zertarako ez duen egiten azaldu du: «Ez ditut diskoak argitaratzen nola gozatzen dudan erakusteko. Nire konposizioekin ze ondo pasatzen dudan adierazteko ez ditut kantuak egiten. Nire buruarekin zer plazer sentitzen dudan esateko beharrik ez dut sentitzen: nolako masturbazioak egiten ditudan nire ahotsa entzuten dudanean, nolako garrasiak eta intziriak ateratzen dizkiodan neure buruari. Zenbat instrumentu ezberdinekin jotzen ote dudan esateko ez ditut prentsaurrekoak antolatzen».

Izan ere, artista izatea ogibide dutenei hori guztia baino zerbait gehiago exijitu behar zaiela uste du Tapiak: «Ezin dugu jarrera neutrala izan». Umorea bada Tapiaren musikaren parte, eta umorea bera ez dela neutroa aldarrikatu du. «Jota dagoenari barre egiten dionak bere burua salatzen du; emakumeei buruzko txisteak egin dituztenek ipurdi bistan jartzen dute beren burua, beren ipurdia; katalanei buruz barre egiten duenak maila intelektual baxua erakusten du». Jarrera makur hori «ofiziodun batek» egitea are larriagoa dela uste du. «Eta musikarekin gauza bera gertatzen da: ez al da musika jardun politiko bat?».

Ibilbide luzea opatu dio Xarrak Tapiari disko berriaren aurkezpenean. «Oso konbentzituta ikusi dut lan honekin, eta, gainera, ilusio handiz eta modu txukunean egin duela uste dut». Xarraren ustez, Tapiak badu joera berrietara inor baino lehenago iristeko abilidadea. «Joseba beti ibiltzen da aurretik. Triki-popa hasi zenean, berak utzi egin zuen. Edo mugimendu batzuk martxan jarri, eta berehala beste batera joan izan da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herrialde Katalanetako Maduixa konpainiak <em>Migrare</em> emango du, lau emakume migratzaileren istorioa ardatz duen ikuskizuna. ©JUAN GABRIEL SANZ

Gaur hasiko da Leioako XXII. Umore Azoka

Itziar Ugarte Irizar

Gaurtik igandera bitarte, kaleko arte eszenikoei loturiko 90 emanaldi ikusi ahalko dira herrian. 40 konpainia eta sektoreko 220 profesional inguru batuko dira, eta estreinaldi ugari izango dira, batik bat, euskal konpainienak
 ©TALKA RECORDS & FILMS

'Black Is Beltza II' komikia bidean da

Andoni Imaz

'Black Is Beltza II: Ainhoa' komikia urriaren 6an argitaratuko dute, euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz. Susanna Martin marrazkilariak Manex aitaren grazia eman dio Ainhoa protagonistari

Imanol Beobide eta Mikel Alberdi, Mainlander taldeko kideak, atzo, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Sufrimenduaz, goxotasunez

Ainhoa Sarasola

Rock progresiboaren ildotik, Mainlander taldeak zazpi abesti bildu ditu izen bereko estreinako diskoan. Gizartean oraindik ere tabuak diren zenbait gai mahai gainean jarri dituzte kantuetan
Aitor Fenandino eta Mikel Losada aktoreak, 'Bake lehorra antzezlaneko eszena batean ©Monika del Valle/Foku

Karlistaldian kokatutako gerrei buruzko antzezlana sortu du Patxo Telleriak

Iñigo Astiz

Zehazki, 1872ko karlisten eta liberalen arteko Zornotzako bake ituna hartu du abiapuntu antzerkigileak, baina kasu zehatzetik harago, bakeari eta gerrari buruz gogoeta egiten duen obra bat sortu du: 'Bake lehorra'. Astelehenean estreinatuko dute euskaraz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...