Etxebestetarren egungo ibilerak

Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileek 'Agur Etxebeste!' filma grabatuko dute udan. Orain dela hamahiru urte estreinatu zuten pelikularen segidatzat har daiteke lan berria

Aupa Etxebeste! filmeko fotograma bat. 2005. urtean estreinatu zuten lana, eta milaka ikusle joan ziren zinemara. BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Zertan dabiltza etxebestetarrak? Nolako bizimodua darama duela hamahiru urte pantaila handian milaka ikuslek ezagutu zuten familia hark? Aupa Etxebeste! filma 2005ean estreinatu zuten Asier Altuna eta Telmo Esnal zinemagileek, eta haren segida izan daitekeen lana sortzekotan dira orain. Agur Etxebeste! izango du izenburu, eta udan hasiko dira grabatzen. Asier Altunak BERRIAri azaldu dionez, komedia bat izango da lan berria ere, eta Etxebeste familia izango du protagonista, «baina beste saltsa batean sartuta».

Aupa Etxebeste! estreinatu zenean, urteak ziren euskarazko lanik ez zela iristen zinema aretoetara, eta harrera beroa egin zion publikoak, ia 72.000 ikusle biltzeraino. Nolatan orain, hamarkada bat geroago, haren segida egiteko asmoa? «Irusoin ekoiztetxearen obsesio bat izan da», adierazi du Altunak, irriz. «Pelikula egin genuenean, bigarren partea egin nahi izan zuten haiek, baina Telmok eta biok beti ezetz esaten genuen, nahiago genuela beste lan batzuk sortu». Orain dela gutxi, ideia berriz ere mahai gainean jarri zieten, eta «planteamendu oso polita» iruditu zitzaien bi zuzendariei. «Hamar urte geroago non dagoen familia hori, zertan ari ote den... Ariketa oso polita da pertsonaia berekin beste istorio bat kontatzea. Nora iritsiko ginen oso ondo jakin barik hasi ginen idazten; sartu ginen pelikulan, eta ja ezin atera!». Esnalek eta Altunak Nagore Aranbururekin batera idatzi dute gidoia, eta gustura aritu direla dio zuzendariak. Istorioaren nondik norakoen inguruan ez du askorik aurreratu nahi izan. «Herri bat, familia bat eta pertsonaia batzuk ikusiko ditugu, hamabi-hamahiru urteren ondoren, egoera ezberdin bat bizitzen, eta ikusiko dugu denbora nola pasatu den bai pertsonaiengan, bai soziologikoki».

Ramon Agirre (Patrizio), Elena Irureta (Maria Luisa), Paco Sagarzazu (Luciano), Iban Garate (Iñaki), Iñake Irastorza (Axun) eta Patxi Gonzalez (Exenarro) aktoreek jardun zuten Aupa Etxebeste!-n lanean, besteak beste, eta aktore talde berarekin jardun nahi dute zuzendariek film berrian ere, beste zenbait gehituta. Altuna: «Familia bera da, pertsonaia berberekin, baina istorio berri batean». Oro har, orduko lantalde osoa lan berrian aritzea da haien asmoa. Oraingoa ere Irusoinen ekoizpen bat izango da. Finantzaketa lortua dute, eta udan grabazio lanekin hastea da asmoa.

Herri berean, etxe berean

Filmaketari dagokionez, dena den, hainbat kontu dituzte zehazteko oraindik. «Bi gauza ditugu argi: bata, aurrekoan bezala, familiaren etxea eraiki egin beharko dugula. Eta bestea, Bergara izango dela lokalizazio printzipala; aurrekoa ere han grabatu genuen». Dena dela, azaldu du oraindik ez dituztela zehaztu beharreko guztiak zehaztu, eta udaberriarekin jarriko direla horretan buru-belarri.

Dena ondo bidean, 2019an iritsiko da filma pantailetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.