Denbora eta memoria elkartzen diren lekuak

Juan Manuel Castro Prieto argazkilariak 'Cespedosa' erakusketa jarri du Donostiako Tabakaleran. Familiaren sorterrian hartutako irudiekin, memoria berreraikitzeko ariketa bat egin du

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Garai bateko panpina bat, ohe zahar baten gainean. Aspaldian erabili gabeko maleta batzuk. Hautsez estalitako tresnak ganbaran. Iraganean antzezlanak taularatzen zituzten antzoki txikia. Hainbat argazkitan, denbora gelditu izan balitz bezala ageri dira objektuak eta espazioak. Beste hainbatetan, paisaiak eta herritarrak ageri dira erretratatuta, gaur egungoak guztiak, baina denbora geldo batean bezala. Argazkiek denbora geldiarazi egiten baitute,nolabait, eta memoria egiteko ere balio dezakete. Horixe egin du Juan Manuel Castro Prieto argazkilariak (Madril, 1958), Cespedosa izeneko erakusketan: memoria ariketa pertsonal bat, memoria berreraikitzekoa. Donostiako Tabakaleran ikusgai jarri dituen irudien bidez, haren berrogei urteko ibilbidea ikus daiteke, baita artistaren begirada ere. Gaur irekiko ditu ateak, eta erakusketa uztailaren lehenera bitarte egongo da zabalik.

Cespedosa de Tormes herrian (Salamanca, Espainia) hartutako argazkiak daude ikusgai; artistaren familiaren sorterria da, eta 500 bat biztanle bizi dira udalerrian. Baina ez da leku bati ateratako argazki sorta hutsa. Castro Prietok berak azaldu bezala, herri hori erreferentzia garrantzitsua da berarentzat. «Han dago nire obra osoaren ardatza, ideien laborategia, teknika eta adierazpide plastiko guztiak ikertzen ditudan guda zelaia, eta baita nire lan askoren abiapuntua ere». Han ditu erroak, eta behin eta berriro itzuli izan da hara, erakusketako irudiek agerian uzten dutenez. «Han ikasi nuen argazkiaren lengoaia. Nire argazkilaritzak, eta, finean, nire arimak habitatzen duten epizentroa da oraindik ere».

Chema Conesa komisarioaren hitzetan, haren lana aztertzean, laster jabetu ziren artistak hastapenetatik atera izan zituela argazkiak han. «Ikusi genuen argazkiak egiteko moduan ez zegoela kontraesanik 1977an bere aitonari eginiko lehen argazki hartatik 2016ko irudietara. Teknikari eta kontzeptuei dagokienez bere lanak aro ezberdinak izan baditu ere, iruditu zitzaigun begiratzeko modu baten laburpen bat izan zitekeela hari hau». Cespedosa da hari hori. Eta hango irudien bidez ikus daiteke artistaren garapena, zuri beltzeko lehen argazki dokumentalistagoetatik, plaka kamerarekin egindako esperimentazio bide oparoraino. Teknika horrek eman zion, artistaren beraren hitzetan, bilatzen zuena erretratatzeko modua, «geldoagoak» direlako bai prozesua eta bai emaitza. Autodidakta gisa hasi zen, eta Espainiako Argazkilaritza Sari Nazionala irabazi zuen 2015ean. Haren ondotik sortu zen erakusgai duen proiektua. «Hau izango da, ziurrenik, nire proiekturik pertsonalena, intimoena eta guztietan garrantzitsuena».

Eguneroko «artegagarria»

Orotara, sortzaileak 150 argazki baino gehiago bildu ditu erakusketan, gehienak handiak. Herriko biztanleak, senideak eta lagunak ageri dira erretratu askotan, eta argazkiek ere haien izenak dituzte izenburu. Ekonomikaren alboan eserita ageri dira Luis eta Nieves aitona-amonak; Valentin eta Alicia, berriz, garai batean zuten dendatxoan, salmahaiaren ondoan. Haurrak erakusten dituzte beste zenbait irudik. Edo natura hil itxurako objektu zaharren bildumak. Edo paisaiak, kaleak, etxeak. Horietako askotan suma daiteke misterio puntu bat, edo «elementu artegagarriren bat», argazkilariak ohartarazi duenez: modu horretan, gogoeta eginarazi nahi du egunerokotasunaren atzean ezkutatzen denaz.

Sei ataletan banatu dituzte erakusketako irudiak. Album galdua izeneko atalarekin hasten da ibilbidea; paisaiak dira nagusi horko argazkietan, eta espazioak zatituta agertzen dira, hiru, lau edo sei piezarekin osatutako konposizioetan.

Hiru hormak mugatutako espazio txikiago batean, Lehen argazkiak izeneko atalean, artistak bere senideen erretratuak bildu ditu, birraitona-amonetatik hasi eta seme-alabetara. Ikusgai dauden gainerako irudiak baino txikiagoak dira gehienak, baita Zirriborroak izeneko beste atal batean bildutakoak ere: Polaroid kamera batekin ateratako 40 bat argazki dira, landu nahi duen argazkiaren ideia ematen dutenak, ohar modukoak.

Itzaletan idatzia izenburua daraman atalean 50x50 eta 100x100 cm-ko 30 bat irudi bildu dituzte. Bere ibilbidearen hasieran egin zituen argazkiak daude bertan, deskribatzaileagoak, bainajada badituzte hurrengo etaparen adierazle diren zenbait aztarna: errealismo magikoaren ukituak, kasurako. Hain zuzen, 1996. urtean «inflexio puntu bat» izan zen sortzailearen obran, plaka kamerarekin esperimentatzeari ekin zionean. Zirkulu alderantzikatua izenburupean bildu dituzte puntu horretatik aurrerako hainbat lan, azken urteetakoak tartean. Artistak enfokatzearekin jolas egiten du horietan , eta gogokoa du geruzak bereiztea, ageri diren objektuak «ia ukitu» egin daitezkeela irudikatzeraino. Azkenik, Argi lauso bat atalean, tamaina handiko 30 bat irudi koloretsu daude.

Aretoko hormetan, irudien artean tartekatuta, hainbat idazleren aipuak daude idatzita; besteak beste, Cesar Vallejorenak, Miguel Delibesenak eta Gabriel Garcia Marquezenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.