«Geure buruari egindako selfie moduko bat da hau, autorretratu bat». Bilduman dauzkaten 14.000 artelanetan arakatu, eta haien artetik 110 pieza hautatu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak bere 110. urteurrenaren ospakizun erakusketarako, eta horregatik aipatu du autorretratuaren ideia Miguel Zugaza museoko zuzendariak. 1908ko urriaren 8an egin zuten museoaren patronatuaren lehen bilera, eta data hori hartu dute gogoan orain 110 urte, 110 artelan erakusketa antolatzeko. XIII. mendetik XX. mende amaierara doan ibilbide kronologikoa proposatzen du ibilbideak, eta museoaren harribitxi nagusiak biltzen ditu. Urtebetetze festa gisako bat irudikatu du Zugazak: «Artelan bakoitza museoaren urtebetetze tarta handiko kandela bat balitz bezala da». Irailaren 17ra arte egongo da zabalik.
Piezen kalitatea eta edertasuna nabarmendu ditu zuzendariak, eta horren berme dira erakusketak biltzen dituen artista esanguratsuen izenak. Tartean dira, besteak beste, Lucas Cranach Zaharra, Grekoa, Joaquin Sorolla, Jose de Ribera, Francisco Zurbaran, Bartolome Esteban Murillo, Francisco Goya, Ignacio Zuloaga, Aurelio Arteta, Paul Gauguin, Adolfo Guiard, Francis Bacon, Antoni Tapies, Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida.
Museoko BBK areto osoa betetzen du erakusketak, eta lehen solairuko sei gela ere hartzen ditu 1900. urtetik aurrerako lanekin. Kronologikoki antolatu dute ibilbidea, eta, ondorioz, museoaren bildumako XIII. mendeko Kristo gurutziltzatu erromanikoak hartzen ditu bisitariak sarreran. Aretoz areto, sasoiz sasoi, Europako eta Euskal Herriko artista esanguratsuen lanak datoz ondoren. Tartekatuta maiz.
Ez dira joan nobedade bila: museoaren barrualdea da bistara jarri nahi izan dutena. Bildumaren parte izanik, ezagunak dira ikusgai diren artelan gehienak ohiko bisitariarentzat. Horregatik nabarmendu ditu Zugazak hautaketaren kalitatea eta ibilbidearen antolaketa. «Bildumako pieza esanguratsuenak erakutsi nahi izaten direnean, oso zaila da lan berriak erakustea. Lan horiek erakusteko hautatu den modu esentzial hori da berria dena; garapen kronologiko bizkortu hori. Gainera, erakusketak aukera ematen du normalean elkarren ondoan ikusi ohi ez diren pieza batzuk elkarrekin ikusteko ere».
Hiru emakume artista
Zuzendariaren hitzetan, bikoitza da Bilboko Arte Ederren Museoaren egitekoa, eta bikoiztasun horren erakusgarri da urteurreneko erakusketa. «Museoak arte unibertsala zaintzen du, baina, era berean, kontuan hartzen ditu Euskal Herrian artearen modernizazioak izan dituen berezitasunak ere». Zehaztu duenez, osotasuna ere hartu nahi izan dute gogoan, gainera. «Kalitatea izan dugu kontuan hautaketa egiterakoan, baina testuingurua ere ahalik eta osoena deskribatu nahi izan dugu; irizpide historiko eta geografikoak hartu ditugu horretarako kontuan».
110 artelan horien artean, hiru baino ez dira emakumezko artistek egindakoak. Mary Cassatt, Maria Blanchard eta Maria Helena Vieira da Silva dira hiru andrazko sortzaile horiek.
Erakusketa barruan, Erdi Arotik XIX. mendera arteko artea biltzen duten aretoetako artelanak izan ditu mintzagai Jose Luis Merino museoko zaharberritze departamentuko buruak, eta bildumaren kalitate orokorra nabarmendu du. «Bilduma bikaina da, baina erakusketa honetarako onenetan onenak hautatu ditugu». Lucas Cranach Zaharraren Lukrezia margolana azpimarratu du, esaterako. «Koadro horren bertsio pilo bat egin zituen artistak, eta bere tailerrean zeuden artistekin batera egindakoak dira haietariko gehienak, baina hau da koadro horren bertsio onenetariko bat, eta Lucas Cranach Zaharrak bakarrik egin zuen. Sinadura eta data ere baditu». Moralesen eta Goyaren erretratuak ere nabarmendu ditu Merinok, eta baita Riberaren Emakume santuak San Sebastian sendatzen koadroa ere. Horiek, besteak beste.
Parisen eragina
XX. mende hasieran Euskal Herriko arteak izandako garrantzia ere nabarmendu du Javier Novo museoko bildumen buruak. Haren hitzetan, sasoi hartan, Parisen indartsu ziren joeren berri jasotzen aitzindari izan zen Euskal Herria, eta eragin horren oihartzuna ere ikus daiteke erakusketan. Francisco Durrio eta Paul Gauguin artisten arteko harremana aipatu du horren froga modura, eta elkarren ondoan jarri dituzte horregatik haien lanak bilduman. Eta, hain zuzen ere, sasoi horri dagozkion aretoetan hasten dira nazioarteko eta bertako artisten lanak elkarren ondoan maizago agertzen.
Ibilbideko azken aretoak dira nobedade gehien dutenak. Garaikideenak. Gaur egungo euskal sortzaileen lanak ikus daitezke haietan, eta badira gehiegi ikusi ez diren lan batzuk ere tartean. Angel Bados artistaren obra bat dago, esaterako, eta Sergio Prego artistaren Tetsuo, porrotera kondenatua bideo lanak ixten du ondoren ibilbidea. Hori da bilduma osoan dagoen bideo bakarra, baina kasu horretan ere lanak duen izaera eskultorikoa nabarmendu du Miriam Alzuri museoko bildumaz arduratzen den lantaldeko kideak.
Bisitarientzako eskuorriak eta katalogoa ere kaleratu dituzte euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.
Zenbat urte, hainbeste arte
Bilboko Arte Ederren Museoak bere bildumaren parte diren 110 artelan esanguratsu hautatu ditu 110. urteurrena ospatzeko. XIII. mendean hasi, eta XX.era heltzen da ibilbidea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu