Eraldaketaren aitzin dasta

EHZ Nomada ekainaren 29tik uztailaren 1era eginen da, Baigorrin, Baionan eta Itsasun. Trantsizio urtea da aurten. Ekainaren 23ko biltzarrak finkatuko ditu norabide berriak. Bideoa albistearen bukaeran.

Nora Arbelbide Lete. Ekhi Erremundegi Beloki
Baiona
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Ekaineko azken asteburuko ohiko hitzordua ez galtzeko, baina aldi berean EHZ trantsizio batean dela azpimarratuz, horra nondik datorren aurtengo EHZ Nomada. Hiru egun, hiru herri, musika, zirku, antzerki eta dantza artean. Baigorritik Baionara. Afixaburuen lehian sartu gabe. Artetik errateko, hiru leku horiek teilatu indartsukoak izanen dira nagusiki. Iazko aro txarraren mamuaren beldurra oraindik hor dutela, aldi honetan euriaren ondorioen saihesteko aukerak aztertu dituzte, dela biltoki, ezker pareta edo ostatu, nahiz eta larunbat gaueko Baionako musika hitzordua karpapean izan.

Hasteko, ekainaren 29an, ostiralarekin, EHZ Nomadak Baigorriko Plaza Xokon du hitzordua. EHZ ez dela soilik musika kontu bat erakusteko asmoz, antzerkian eta dantzan jarriko du arreta. Baionako Etxepare lizeoko ikasleen antzerki taldeak Ero emateaz gain, Huts Teatroa Hozkailua-rekin iritsiko da, eta Kukai dantza taldea Gelajauziak emanaldiarekin izango da. Gaualdia musikarekin bururatuko dute, Garazi inguruko Doctor Mephisto taldearekin. Dozena bat musikari eta kantari biltzen ditu talde horrek, soul, blues eta rock munduko erritmoen munduan murgiltzen dena.

Biharamunean, ekainaren 30ean, larunbatarekin, EHZk Baionako bidea hartuko du, hortaz. Baiona Ttipiaren atarian dauden harresi ondoko Mousserolles izeneko belargunean karpa jarriko du, eta EHZk Baiona Ttipiko ostatuekin elkarlanean karriketan gaindi zabaltzekoa du bere erritmoa. Horretarako, poteo giroko ibilaldia dute pentsatua. Lagun, Eonian txaranga, Dr Troll magoa, Kongoko erritmoko dantzak, eta baita Biarritz Dance Schoolen hio-hopa ere. Lumi taldea ariko da Mami Txula ostatuan. Kalostrape ostatuan, berriz, Jon Iraundegik kontzertuetan hartu argazkien erakusketa jarriko dute. Eguneko programazioa Carcassonneko Barolosolo zirku konpainiaren akrobaziekin borobilduko dute. EHZ arrastirian joanen da karpara. Londresko Yassassin taldearen rocka entzuten ahalko da bertan, eta baita Casey rap abeslari frantsesa ere. EHZk jadanik ezagutzen du haren rap sarkorra, 2013ko edizioan etorri baitzen Lekornera. Arrastiria Kolinga bikotearen afro folkarekin hasiko dute. Ondotik, Pelax artista arituko da bere taldearekin. Gaua Zizpa gaztetxean bururatzekoa dute.

EHZk Itsasun du iraganen uztailaren lehena, igandea; Atharri ezker paretan, zehazki. Ohiko EHZn bezala, Euskal Herriko Laborantza Ganberak zikiroa prestatuko du egun horretan. Chicken Street konpainia eta Arberoako txaranga hor izanen ditu, animaziorako. Atx Teatroa eta Elirale dantza konpainia ere joango dira Itsasura. Kontzertuen aldetik, Foisis Jaunak karaoke bat proposatzekoa dute, taldearen zuzenekotik landa. Ondotik, Goxoki gaztetxera joatekoa da EHZ, eguneko ordu txikietaraino.

Baina hori; EHZ hau trantsiziozkoa da. Iaz, urteetako gorabeheren ondotik, EHZkoek 2017ko edizioa deuseztatu eta jaialdiaren etorkizunaz eztabaidatzeko aroa zabaldu zuten. Negua diagnostikoa egiteko erabili zuten, eta ideia anitz atera ziren hortik. Besteak beste, helburuak eta balioak ez direla argi, egoera ekonomikoaren karga, musika taldeen eskaintzan eta gazteen ohituretan izan diren aldaketakā€¦ Laguntzaileetan eta elkarlanean oinarrituta, parte hartzaileek urtero gazteen arteko harremana sustatu eta eskaintza kultural zabal bat eskaintzea ere baloratu dute. Hortik, erronka nagusiak definitu dituzte. Lau ildo nagusi dituzte adostu. Euskararen eta euskal kulturaren zabaltzea, erdaldunentzat ate ireki bat izatea, alternatiba iraunkorrak eraiki eta gauzatzea, eta militante aktiboen arteko truke eta topaketa gune izatea.

Lau erronka horiek kontuan hartzen dituzten proiektu berrien pentsatzeko eta proposatzeko garaia da orain. Edonork egiten ahalko ditu proposamenak, baldin eta proiektua gutxienez hiru pertsonaren artean pentsatua bada. Horri begira, lanegun bat antolatu dute Hazparnen (Lapurdi) larunbat honetako, EHZk duen egoitzan. Nahi dutenen artean proiektuak idatzi eta denen artean koadro bat ematea da lan egunaren xedea.

Ekainaren 23rako dute finkatua proiektuaren hautatzeko eguna, EHZk biltzar nagusia baitu egun horretan. Proiektu bat bozkatuta, oraino izanen dute zer zehaztu: barne antolaketa bera, aurrekontuen gaia, eta beste. Udan aritzekoak dira azken fase hori zehazten. Koadro horretatik, gero, asmoa da ikasturte hasieratik hastea lanean, 2019ko ekitaldia marrazten.

[youtube]https://youtu.be/aJ0f4Ts_mkM[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.