Gatazkatik sortu duen kontaera

Hondarribiko alardea abiapuntu duen 'Bidean ikasia (1993-2016)' liburua kaleratu du Arantxa Urretabizkaiak. Fikzioan murgiltzeko ez ezik, hausnarketarako tartea ere hartu du

ander perez zala
Donostia
2016ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Inor gutxik izango du kalean ahoz gora iraindua izateko ohitura. Inor gutxi dago horretarako prestatuta. Iraintzaileak ere ez du seguru asko ohitura hori, baina ekintzek frogatzen dute hobekiago egokitzen dela iraintzailea egoera berrira, berak sortua delako egoera hori, berak aukeratu duelako ekintza». 1996ko irailaren 8an, hainbat emakume atera ziren Hondarribiko kaleetara (Gipuzkoa), alardean desfilatzeko eskubidea aldarrikatzera; irainak jaso dituzte egun hartatik hona.

Emakume horien artean zegoen Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) idazle eta kazetaria. Hogei urteren ostean, alardea abiapuntu duen Bidean ikasia (1993-2016) liburua aurkeztu du, Pamiela argitaletxeak kaleratua: «1996ko irailaren 8ko eguerdirako, banekien egun hartan gertatutakoa kontatuko nuela», ziurtatu zuen atzo Donostian egindako agerraldian. Gertatutakoa liburu bilakatzeko ideiak 2014ko udazkenean hartu zuen indarra. «Zalantzak zituen arren, guk hasieratik esan genion nola edo hala idatzi behar zuela», azaldu du Pamielako editore Peio Eltzaburuk.

Alardearen gatazkan gertatutakoari buruzko hausnarketa egin du Urretabizkaiak; batez ere, minari eta pozari buruzkoa, biak «irakasle onak» baitira, haren ustez. «Hogei urte hauek behar izan ditut ardoa likore bihurtzeko, eta orain aurkitu dut kontakizunaren forma eta liburua argitaratzeko kemena», azaldu du idazleak. Argi utzi nahi izan du liburua ez dela historialari baten edo kazetari baten lana, literatura baizik. «Badu saiakera kutsu bat; memoria liburu bat ere bada, oraindik desagertu ez den mundu bati buruzkoa. Liburu honetan, Arantxa bere osotasunean dago», gehitu du Eltzaburuk.

Kronika, fikzioa eta hausnarketa bildu ditu Urretabizkaiak haren obra berrian. Kronika, alardea zer den ulertzeko, eta irakurleak bere burua kokatzeko, gaia ezagutzen ez badu; fikzioa, errealitateak baino «hobeto» erakusten duelako zer pentsatzen duten pertsonek, zer gertatzen den norbanako baten barruan. Hainbat testu laburretan txirikordatu ditu hiru ildo horiek. Azaldu duenez, tartekatuak datoz; obraren antolaketa, senak adierazi dion modura erabaki du.

«Liburuaren helburua da azken hogei urteetan ikasitakoa besteentzat baliagarria izatea, baita kanpokoentzat ere». Izan ere, urte hauetan jasandako guztiak balio izan dio hainbat gauzaz ohartzeko. Desadostasunen aurrean pertsonek duten jarrera nabarmendu du: «Gure jokaera nagusia da iritzi desberdina duena etsai bilakatzea. Adostasunaren bertuteak ikasi ditut, desadostasunei esker». Irakurlea eraman nahi du pentsatzera zer egin eta zer egin behar ez duen gatazka edo desadostasun baten aurrean.

Esperientziaren garrantzia

Hogei urtez bizi izandakoari esker, Urretabizkaia konturatu da merezi duela gatazkaren konponbidea bilatzea, eta ezinbestekoa dela beldurra gainditzea. 1993tik 1996ra jardun zuten zenbait emakumek udalari baimena eskatuz; ezezkoa jasota, 1996an kalera irten ziren. Hurrengo urtean, Jaizkibel konpainian antolatuta. Une hartan konturatu ziren eskubide baten defentsan jarduten zutenak gutxiengoa zirela; gehiengoan gobernatzen zutenek emakume horiek «estaiak» zirela erabaki zuten, Urretabizkaiaren hitzetan. Eta etsaia «txirtxilatu» behar da: «Alarde baztertzailearen aldekoek ez dute konponbiderik nahi. Horrela bihurtu da Hondarribia plastiko beltzen herria, gure gogoaren kontra».

Prozesu horretan, beldurra gainditzen eta kemena izaten ikasi du: «Ez badut ezer ikasi, zertarako pasa ditut urte hauek?».Mina eginda dago, azaldu duenez. «Garesti» ordainduta ere, esperientziak merezi izan du: « Lagunak egin ditut, barreak ere bai, elkarrekiko babesa zer den ere ikasi dut». Etorkizunari buruz «apenas» hitz egin duen. Geroari gehiegi begiratzen ez dion arren, ziur da gatazka konponduko dela. Azken atala bukaerari buruzkoa da: «Hasi ote da bukaeraren hasiera?», galdetu dio bere buruari.

Giroa baretu da Hondarribian, «dexente», eta «ikasi behar zutenek» ikasiko zutela uste du: «Guk jarrera aldatu dugu eta gehiago aldatzeko prest gaude. Baina beraiek ez». Urretabizkaiaren liburu berria ez da panfleto bat, literatura da: «Hori egin nahi izan dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.