Euskal presoak. EPPKren bitartekarien kontrako polizia operazioa

Bulego garbiegiak gauza onerako

Goioagarenetik izan ezik, Elkano kalean aritzen diren abokatu guztien bulegoetatik eraman dituzte txosten eta ordenagailuak. Helegitea aurkeztuko dute.

Goioagaren bulegoko atea, Guardia Zibilak zigilatuta. BERRIA.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Espero zitekeen baino garbiago zegoen abokatuek Bilboko Elkano kalean duten bulegoa, Guardia Zibilak azken miaketa amaitu berritan. Zerrauts apurrek ihes egiten zuten sarrailarik gabe zegoen sarrerako atearen inguruetan eta guardia zibilek ezkutuko informazioen bila indarrez kendu dituzten zokalo azpietan. Kutxa huts batzuk bilera gelan. Besterik ez. Hainbat gelaz osatutako bulegoan ez da paperik nahastuta ikusten ez lurrean, ez apaletan. Gela horietako bakoitzean abokatuek izan ohi dituzten paper multzo handiak desagertu egin dira. Garbi-garbi daude mahaiak, orri bakar bat gabe. Eraman egin dituzte guardia zibilek. Abokatu guztien paper, defentsarako txosten eta auzi askotako diligentzia denak.

«Irregulartasunak» izan dira nagusi miaketan, atxilotuen abokatu Alfontso Zenonen esanetan. Defentsarako eskubidea urratu dutela dio. Bulegoan lan egiten duten abokatu guztien bezeroen babeserako eskubidea ere larri urratu dela. Abokatuak bere lana egin ezinik utzi dituztela. «Bada astelehenean epaiketa batean aritu behar duenik; auziko diligentzia guztiak eraman dizkiete; nola egingo du defentsa?». Lehen miaketan bi bulego arakatu zituzten, eta atzo, Iñaki Goioagarena ez beste abokatu guztienak miatu, eta paper eta ordenagailuak eraman zituzten horietatik.

«Irregulartasun» eta eskubide urratze andana ikusita, helegitea aurkeztuko dute abokatuek. Miaketak baliogabetzeko eskatuko dute. Zenonek BERRIAri azaldu dionez, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoak ere «gestioak» egingo ditu horrenbeste «astakeriaren» kontra.

Bestalde, hedabideek kontrakoa zabaldu zuten arren, Goioagaren bulegoa «ezin» zuten atzo miatu. Senatari izaerak ematen dion babesari esker, haren bulegora sartu ahal izateko, Goioaga inputatu egin behar lukete aurrez. Espainiako Senatuaren baimena behar luke auzitegiak, eta, edozein modutan, Auzitegi Gorenarena litzateke eskumena, ez Auzitegi Nazionalarena. Telefonoz deitu eta bulegora joateko eskatuta, bere eskumenak gainditzeko saio iruzurtia izan liteke, beraz, atzokoa. Bulego horretara sartzea lortu ez eta, oraindik zigilatuta dago gelako atea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.