Mixel Berhokoirigoin. EHLGko presidente ohia

«Orain, gizarteak du ETAren armategiaren ardura politikoa»

Joan den ostiralean Luhuson abiatutako bidea «asumitzen» du Berhokoirigoinek. Panorama «aldatu» dela uste du, eta lehen posible ikusten ez zena orain posible dela. «Gizartea inplikatu behar da».

BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Atzo goizean iritsi zen Baionara Mixel Berhokoirigoin (Gamarte, Nafarroa Beherea, 1952), pausatzeko denborarik gabe: «Lehenik lasaitu behar da, pausatu ahal izateko». Ostiralean atxilotu zuten, Luhusoko (Nafarroa Beherea) etxe batean, ETAren armagabetze zibila abiatzeko ekinaldi herritar batean.

Nola iragan dira poliziaren esku pasatu dituzuen lau egunak?

Egun zailak dira. Tentsio handiko egunak. Baina, ongi tratatuak izan gara. Nik orotara bost galdeketa izan ditut; izpiritua argi izan behar da, buruan gauzak zuzen, eta ekintza abiatu aitzin markatutako bide orria beti presente izan, eskema galdu gabe. Uste dut hori lortu dugula, bide hori atxiki dugula; gure iparrorratza.

Bazenuten kanpoan gertatzen ari zenaren berri?

Guti. Abokatuaren bidez jakin ditugun gauza bakarrek erakusterat ematen ziguten uholde zerbait bazela, beharbada orain arte ikusi ez dena. Eta segur da Euskal Herriko panorama eta bake prozesuaren gai hori argitarat ekarria izan dela, eta gure muga txikietatik atera dela, eta orain, bi estatuak beste eginbehar batean ezartzen dituela.

«Bakearen artisauak» izendatu zaituztete.

Ikusi dut izen hori eman digutela: izen handia da biziki. Egia da eginbide bat ere ematen digula, eta erakusten du bake beharra zentroan ematea zela oinarrian. Baina bakea ez da atentatuak bukatzea: prozesu orokor bat da. Lehenik, armagabetzearen etapa ongi egitea eskatzen du, gizartearen eta botere publikoen inplikaziorekin. Hori ez bada egiten, besteak egitea ez da posible. Hori esplikatu dugu, eta pentsatzen dut nonbait ulertuak izan garela.

Zergatik erabaki duzue armagabetzean engaiatzea?

Bada zenbait denbora gogoetan ari ginela, eta bereziki, foro sozialetan edo Parisko bake konferentzian parte hartu izan dugunean, horretarik ere atera da gizarte zibileko kide gisa zer egiten ahal dugun. Kide ezagunak gara, gure ibilbidea publikoa da, eta animatzen gaituzten balioak ezagunak dira. Geure buruaz harro izan gabe egin dugu, ardura bat genuela kontziente; beharbada, orain zela ardura hartzeko garaia. Bada bost urte ETAk borroka armatua utzi duela, bada aspaldi armak utzi nahi dituela errepikatzen duela; eta, parean, polizia operazioez aparte, estatuak ez du erantzuten, eta denbora pasatzen da.

Lehen aipatzen genituen azken egunetako mobilizazioetan, ohartzen gara gure ekintza eta gizarteak igurikatzen zuena juntatu direla. Izan den ihardukitzeak gure erabakia baieztatu du. Orain, panorama berri batean gara: ez gara atzoko egoeran. Egoera berri bat da: atzo posible ikusten ez zena beharbada orain posible da. Abiatu diren ekinaldi guziak segitu behar dira, indarra hartu behar dute, eta bakoitzak bere lekuan, gizarteak, hautetsiek, egiturek... Sostengua erakusteaz gain, denek pauso bat eman behar dute. Prozesu hori bururaino eramatea bakoitzaren ardura da. Pentsatzen dut baldintza hoberenetan garela hori gauzatzeko.

Bazenekiten atxilotuak izateko arriskua zenutela?

Bai. Bagenekien abiatua genuen ekintza ez bazen erreusitzen, aukera hori bazela. Ez genuen gauza klandestino bat egin nahi, —horregatik zen filmatua—, eta, bideoa botere publikoei eta nazioarteko ikuskariei helarazteko plan bat pentsatua zen; egindakoa erakustea, eta asumitzea. Ondoko asteetan ezagutarazteko ideia genuen. Ez da gure kulturan asumitzen ahal ez ditugun gauzak egitea. Helburuak bete ditugu; ez da dudarik. Hiru izenpetzaileetarik bi barnean ginen; bestea kanpo gelditu da. Funtsean, enbaxadore lanak egin ditu, elkarrizketak emanez eta kontaktuak eginez. Ororen buru, bakoitzak gure lekutik, egin beharrekoa egin dugu.

Zer gertatu da Luhusoko polizia operazioa aitzin?

Aspaldi hasia zen prestatzen interbentzio bat; zerbait behar zela egin bake prozesuari buruz. Emeki-emeki, gutunen trukearekin armagabetzeari buruz egin behar zen operazioa armen deuseztatze bat izaten ahal zela finkatu zen. Gutun horietan ikusten da geure burua bitartekari gisa ezarri dugula; ez baziren baldintza guziak beteak, ez genuen eginen. Guretzat argi zen egoera desblokeatzen entseatu behar genuela, baina ez ginela ETAren azpitratatzaile bat. Armagabetzean inplikatzekotan, erakundeari eskatu genion gizartearen esku utz zezala armagabetzearen ardura politikoa. ETAk ez du gehiago eskurik bere armategian, gizarteak du eskua. ETAk hori onartu duenetik, bada urrats kualitatibo bat; beraz, gure esku da; guk dugu ekinaldia ukanen. Eta guk diodalarik, ez gara soilik gu hirurak, gizarte zabalaz mintzo naiz. Azken gutunean ETAk erraten duenean «gure helburua da ahal bezain fite deklaratzea ETA ez dela egitura armatu bat», hor badira perspektibak. Gure engaiamenduak posible bilakatzen badu aldaketa hori... Atzo posible ez zena, estatuek diotena ez dela posible, posible bihurtzen da.

Gero, gauzak konkretu egiteko bideak atzematen dira. Poliziak galdegiten zidanean nola egin dugun lotura ETA erakundearekin, nork eta nola egin dugun, nik erantzun diet hala nahi duenak egiten duela. Guk ez dugu lotura zuzenik; ez gara ETAren barne, ez gara ETAren delegazio bat; baina bideak badira. Poliziari erran diot: ETArekin kontaktuan sartu nahi baduzue armagabetze hori egiteko, bideak atzemanen dituzue, problemarik gabe.

Zein dira hemendik aitzina egin beharreko urratsak?

Ez dakit. Gauza horiek partekatu behar dira, ikusi behar da. Ezin dugu asteburu honetako operazioa zortzi aldiz egin dena bukatu arte, beste bide bat behar da. Orain arte mugitu direnek segitu behar dute; ni prest naiz, eta pentsatzen dut hiru izenpetzaileak prest garela rol baten izateko. Ararteko izaten ahal bagara, funtzio bat betetzen ahal badugu, ez dugu besterik eskatzen. Entzun dut hautetsi talde bat osatzen ari zela edo osatu dela gaia aitzinarazteko; horrelako ekinaldiak behar dira. Ez da gehiago bat bestearen beha egon behar.

Uste duzu posible dela Frantziako Gobernua mugiaraztea?

Uste dut posible dela. Eta uste dut beharbada garai ona dela mugi dadin. Legealdi baten bukaera da, eta, nahi badu, bere bilanean sartzen ahal du Euskal Herriko bake prozesua bide onean ezarri izana. Posible du. Azken egun hauetan pentsatzen dut Espainiaren presio handia izan dela, eta ikusten dut autonomia bat hartu duela eta arrazoiak irabazi duela. Ez dakit, seinale batzuk dira agian. Hasteko, posible da: ez da dudarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.