Errekaleor. Udalaren jarrera. Itziar Gonzalo de Zuazo. Gasteizko Hirigintza zinegotzia

«Okupek ez badute jarrera aldatzen, ez da akordiorik egongo»

Errekaleor auzoa eraisteko erabakiak ez du atzera-bueltarik, Gonzalo de Zuazok ziurtatu duenez. Auzokideei ohartarazi die euren autogestio proiektua beste toki batean garatzea beste biderik ez dutela.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Gasteizko Udalaren eta Errekaleor Bizirik elkartearen arteko harremanak onbideratzeko zirrikiturik ez du ikusten Itziar Gonzalo de Zuazok (Gasteiz, 1967). Ez bederen okupak «gutxieneko baldintzak» onartzeko prest ez dauden bitartean. Jakinarazi duenez, auzoa dagoen tokian Eraztun Berdea ixteko asmoa du udalak.

Nola daude Gasteizko Udalaren eta Errekaleor auzokideen arteko elkarrizketak?

Auziaren muina ez da elkarrizketa dagoen ala ez. Bere garaian Errekaleorreko auzokideei alternatiba bat eskaini genien euren proiektua beste toki batean garatu zezaten, uste dugulako Errekaleorretik kanpo benetako autogestio proiektu batek behar dituen baldintzak beteko zirela. Ordea, auzokideek gure proposamena baztertu zuten ez zutelako Errekaleorretik alde egin nahi. Eta, gaur-gaurkoz, udalak 21 Zabalgunea elkarte publikoari auzoa eraisteko proiektua lantzeko eskatu dio.

Errekaleor eraisteko erabakiak ez du atzera-bueltarik?

Ez.

Noiz egingo da?

Auzoa eraisteko proiektuan zehaztuko dira epeak, bai eta auzitegietako tramiteak ere. Auzitegiek baimena ematen digutenean egingo dugu.

Errekaleor Bizirik elkartearekin akordio bat lortzeko aukerarik ez dago?

Auzoa okupatu dutenek ez badute jarrera aldatzen, nekez lortuko dugu akordiorik. Garatu nahi duten autogestio proiektua beste gune batean egitea da aukera bakarra. Edozein autogestio proiektuk gutxieneko baldintza batzuk bete behar ditu, besteak beste, egokiak diren segurtasun neurri batzuk.

Errekaleor auzoa 2013an okupatu zuten. Nola iritsi da egoera honetara?

Errekaleorreko etxebizitza kaskarrak ikusita, bere garaian okupei eskatu zitzaien gune hori utzi behar zutela. Udalak, aspalditik,bestelako proiektuak garatzeko asmoa izan du bertan, Eraztun Berdea itxi ahal izateko. 2002an udalaren gehiengoak erabaki zuen gune hori libre utzi behar zela bestelako hirigintza proiektu batzuk garatzeko. Auzo horretarako aurreikusita dauden proiektuak 25 urtera begirakoak dira, eta inoiz ez da egon etxebizitzekin espekulatzeko helbururik. Errekaleorreko etxebizitzak egoera kaskarrean daude, infraetxeak dira, aluminosiak jota daude batzuk, euskarri egokirik gabe beste batzuk... Eta urteek aurrera egin ahala, egoera ez da hobetu; itxura hobea izango dute etxeek, baina egoera kaskarrean jarraitzen dute.

Errekaleorreko etxebizitza guztiak baldintza okerretan daude?

Bai. Etxebizitza guztiak garai berberean eraiki ziren, eta batek ere ez ditu betetzen bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak. Berriro diot: duela urte batzuk infraetxeak ziren, eta gaur egun egoera berberean jarraitzen dute.

Auzokideek hainbat hobekuntza egin dizkiete etxebizitzei, eta segurtasun neurriak hobetu dituzte.

Udal teknikariek eta udaltzaingoak 2015ean landutako txostenetan ohartarazi zuten Errekaleor auzoko etxeek arazo larriak zituztela eta arriskutsuak zirela segurtasunerako. Azken txostena aurtengoa da, eta gauza bera dio. Egoera honetara iritsi bagara ez da izan udalak nahi izan duelako. Gu legezko prozedurak eta bide administratiboak zehaztutakoa betetzen ari gara. Argindarra mozteko erabakia, esaterako, ez du udalak hartu: Industria Sailaren erabaki bati babesa eman diogu, segurtasunagatik erabaki logikoena delako. Norbaitek uste al du argindar hornitzailerik egongo dela Errekaleorreko instalazioak homologatuko dituenak? Segurtasun berme batzuk behar ditugu. Ez dut ukatuko auzokideek etxebizitzak hobetu ez dituztenik, baina etxe horien egiturazko arazoek bere horretan jarraitzen dute, ez dira konpondu.

Auzokideei argindarra moztea ez al da segurtasunaren kalterako?

Egia da argindarrik gabe utzi izanak zaurgarritasun egoeran utzi dituela hango auzokideak, baina, aldi berean, segurtasun handiagoa bermatu da, gerta litezkeen zirkuitu laburreko korronteak saihestu direlako. Gure betebeharra da bertakoen segurtasuna bermatzea. Ez dugu ahaztu behar duela urte batzuk sute bat egon zela eta txakur batzuk hil zirela. Auzokideak gizarte zaurgarritasun egoera batean baldin badaude, hamaika baliabide dituzte eskura gune duin batean bizitzeko. Hala ere, ez dut uste Errekaleorren egun bizi direnak egoera horretan daudenik haiek hala aitortu dutelako.

Errekaleor auzoko proiektua bideragarria litzateke hiriko beste edozein tokitan?

Bai. Gasteizko Udala ez dago autogestio eredu bat garatzearen aurka, baldin eta bere burua aski duen eredua bada eta ez bada gainerakoen baliabide publikoetan oinarritzen. Gutxieneko obligazio batzuk bete beharko ditu: gizarte alokairu bat ordaintzea, toki seguru batean egotea, baldintza duin batzuk betetzea, administrazioak gainbegiratzea... Legealdi honen hasieran, Urtanarek Errekaleorreko auzokideei proposatu zien euren proiektua Aretxabaletara eramatea, gutxieneko baldintza horiek beteta. Baina auzokideek baztertu egin zuten eskaintza, proiektua Errekaleorren bertan garatu nahi zutelako, ez beste inon. Auzokideek euren jarrera aldatzeko duten borondaterik ezak eraman gaitu gauden egoerara.

Errekaleor Bizirik elkarteak elkarrizketarako eskua luzatu dizue.

Guk ere irtenbide bat nahi dugu, eta elkarrizketa eskaini diegu, baina adostasuna ezinezkoa da eurek ez badute jarrera aldatzen.

Urtaranek esan du udalak ortu ekologikoak egin nahi dituela bertan. Zein da zehazki Errekaleorrerako duzuen proiektua?

Gure asmoa da Eraztun Berdea ixtea. Horregatik uste dugu gaur egun auzoan dagoen autogestio proiektu hori beste toki batean garatu daitekeela, udalaren asmoekin talka egin ez dezan.

Proiektua erabat definituta dago? Aurrekonturik ba al duzue?

Lehenik eta behin, espazio hori libre utzi behar da. Hori egin gabe, ezin dugu proiekturik definitu.

Errekaleorreko etxebizitzak aluminosiak jota badaude, horiek eraisten direnean lurzorua kutsatuta geratuko da. Bertan baratzerik egitea posible izango da?

Eraisketa proiektuak aurreikusi beharko du lurzoru horiei kutsadura kendu eta tratamendu egokia emateko prozedura zein izan behar duen.

Konponbiderik ez bada bilatzen, gizarte arazo bat bilaka daiteke Errekaleor auzoa?

Ez dugu horrelakorik gertatzea nahi. Horregatik diogu ezinbestekoa dela auzokideek jarrera aldatzea: gutxieneko betebeharrak eta segurtasun neurriak bete behar dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.