Raul Zelik. Politologoa

«Jarrera kritikoa egunerokora eraman du ezker abertzaleak»

Ezkerreko independentismoak «kontrahegemonia» eraiki duela uste du Zelikek; haren iritziz, ohitura sozial «progresisten» bitartez eta «instituzioen bidean galtzea» saihestuz eralda daiteke gizartea.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2017ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Europa erdialdetik eta ezkerreko begitik egiten dio so Raul Zelik politologoak (Munich, Alemania, 1968) Euskal Herriari. Gertutik ezagutzen ditu herrialdea eta, zehatzago, ezker abertzalea. Bigarrenaren teoriari eta, batez ere, praktika politikoari erreparatuta, hainbat ondorio jaso ditu La izquierda abertzale acertó liburuan —Ezker abertzaleak asmatu zuen (Txalaparta, 2017)—. Sektore horren jardunetik ikasgai ugari atera daitezkeela uste du, baina egin dizkio kritikak ere. Gaur aurkeztuko du liburua, Iruñean.

«Ezker abertzaleak asmatu zuen», dio izenburuak. Zertan?

Izenburuak apur bat badu probokaziotik. Ziur aski, gauza asko daude zalantzan jartzeko, baina, kanpotik begiratuta, pentsamolde progresistak askoz errotuago daude Euskal Herrian Europa mendebaldeko beste edozein lekutan baino. Adibidez, eskakizun politikoen presentzia festetan, jarrera solidarioak grebalariekiko, arrazismoaren arbuioa... oso errotuta daude herri txikienetan ere, eta horrek erakusten du ezker abertzaleek jakin izan dutela herritarrekin artikulatzen eta jarrera kritiko emantzipatzaileak eramaten eguneroko bizitzaren alor guztietara.

Gainera, erakundeetara zuzentzen ez zen jarrera izan du. Ia ezker bakarra da munduan 40 urtean instituzioek irentsi ez dutena. Gatazkarengatik da horrela, baina baita jakin izan zuelako ere gehiegizko konfiantzarik ez izaten instituzioekin, eta saiatu zelako botere sozial herrikoiak sortzen.

Ildo horretan, ezker abertzaleak «kontrahegemonia» eraiki duela diozu liburuan.

Hori da. Hegemonia ez da hauteskundeetan gehiengoa izatea, baizik eta gizartearen eredu menderatzaileak zalantzan jartzen dituzten jokabide kritikoak egunerokora eramatea. Halako adierazpen asko daude Euskal Herrian.

«Asmatu zuen». Iraganean. Gaur egun asmatzen ari al da?

Liburuaren helburua zera da, herri boterearen eraikuntzaren 40 urteko prozesu bat berrikustea. Esango nuke asmatzen aritu dela. Borroka armatuaren amaiera oso berandu heldu zen; ez nuen zalantzan jarri nahi estrategia aldaketa: esango nuke berandu iritsi zela. Baina saiatzen naiz ezker abertzalea interpretatzen ohiko behaketa irizpideez harago; hots, nazioaz eta borroka armatuaz harago. Beste elementu batzuk nabarmendu behar dira: eguneroko eraikuntza komunitarioak, kasu.

Kritiketako bat da estrategia berandu aldatu zela. Baina egiten dizkiozu gehiago ere.

Nik uste agerikoa dela borroka armatuak min egin ziola herri boterean eraikuntzari. Beste kritika nagusia da komunitarioegia izan dela, bere komunitatean itxi zela. Ezker abertzaleak jakin zuen komunitate tradizionalekin lotzen, baina ez, ordea, eremu ez-euskaldunetan artikulatzen. Komunitate euskaldunetik kanpo, muga handia izan du, eta akatsa da hori. Proiektu ireki bat eraiki beharko litzateke, baina oso zaila da jakitea nola. Politikaren artea zera da, lotura sendoak mantentzea zuretarrekin, zuretarren parte ez direnentzat itxi gabe.

Liburuko pasarte bat: «Arraroena da ezker abertzaleak berak ez dituela bere partikulartasunak eta asmatzeak ezagutzen». Zergatik diozu?

Bere gatazkari begiratu dion ezker bat izan delako. Aldi berean, internazionalista da; ez da Espainiako ezkerreko sektore batzuek irudikatzen dutena; askok dioten baino irekiagoa da. Baina egia da bere gatazkari begira egon dela, eta beste gatazka batzuei bere parametroetatik erreparatu diela. Ulergarria da, euskal gatazka intentsitate handikoa izan zelako eta delako, baina muga bat ere bada.

«Gutxitan galdetzen da zerk bereizten duen ezker abertzalea beste ezker batzuetatik, eta zeintzuk izan daitezkeen haren ekarpenak nazioarteko eztabaida batean». Zerorrena da galdera. Erantzuna?

Batez ere, Alemaniako, Frantziako, Espainiako eta abarreko ezkerrei begira planteatzen dut hori. Alemanian, esan izan da ezkerra fenomeno bohemioa dela, akademizista, ez duela herritarrekin lotzea lortzen... Nik diot badagoela esperientzia bat euskal ezkerrarekin, langilea dena eta egunerokoari lotuta dagoena, eta ez diogu galdetzen geure buruari zer ikas daitekeen harengandik. Ziur aski, Alemanian, nazioarekiko harremanak ezberdina izan behar du, baina beste gai batzuk interpretatu litezke edo behatu; esaterako, zer lan egin den landa guneetan tokiko kontrabotereak eraikitzeko eta proposamen progresistak eramateko arlo horietara.

Aro neoliberal batean bizi gara, gero eta zatituago gaude, baina euskal kultura nahikoa kolektiboa da oraindik, zuenean ere joera argia den arren. Gauza batzuk zalantzan jarri behar dira, baina ekarpen handiak egin ditzake Euskal Herriko ezkerrak, erakusten baitu zein eraikuntza solidario diren posible.

Mondragon korporazioa aipatzen duzu eredu gisa.

Zuentzat, merkatu globalean erabat txertatutako kooperatiba bat izan daiteke, baina guretzat, ezagutzen ditugun enpresen aldean,oso ezberdina da. Zuek normaltzat daukazue enpresa baten barruan eskari soziopolitikoak egotea, baina hori ez da ohikoa: langile mugimenduaren lorpen bat da enpresa bat zenbait jokabide hartzera behartzea. Ildo horretan, Mondragon kooperatibak balio etiko sorta zabala du, eta bertara heltzen den ezkerreko jendea harrituta geratzen da aurkitzen duen kontzientzia politikoaren mailarekin. Askotan, ez zaie baliorik ematen eguneroko konkista horiei.

Begira EAJ bezalako alderdi neoliberal bati; Europako sozialdemokraziaren aldean, ez duzu alde handirik topatuko. Alderdi demokristaua izanagatik, nahikoa sozialdemokrata da, presio sozial handia dagoelako, eskuina mugitzera behartzen duena. Kontrahegemonia adierazpenak dira horiek denak.

ETAren jardun armatuaren amaiera ez da hori soilik izan; ezker abertzalearen antolaketa eredua ere aldatu da azken urteetan. Nola ikusten duzu trantsizio horretan?

Batetik, oso positiboa da eredu abangoardistak baztertzea, oso autoritarioak izan ohi direlako. Demokratizazio seinale bat da pluraltasun eta kontraesan handiagoak izatea. Bestetik, nabari da militantzia konpromisoak lehen baino apalagoak direla. Erronka da bide instituzionalean ez galtzea, alderdi parlamentario tradizionalek ez baitute funtzionatzen: ez dute balio gizartea aldatzeko. Tresna bat dira aldaketak errazteko, baina gobernutik ez dituzu gizarteak aldatzen; gizarteak gehiengoen konpromisoekin aldatzen dira. Beraz, parlamentuetatik kanpo jarraitu behar du pentsaerak; behetik eraiki behar da. Gauza asko asmatu behar dira, baina jakinik gauza asko badaudela jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.