Albistea entzun

Ane Ablanedo. Irakaslea

«Haur batek senez dauka heldu bilakatzeko jakituria »

Irakaslea da Ablanedo, eta ikastetxe batean dihardu. Kezkaz mintzo da eskola gehienek umeak hezteko hautatu duten bideaz; pedagogia bide berritzaile eta askatzaileen lorratz oro ia galduta dagoela uste du.
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2014ko uztailak 19

Ane Ablanedok (Iruñea, 1973) Hezkuntza-sistema alternatiboak, gizarte aldaketarako tresna eta gako ikastaroa eman zuen lehengo astean UEU Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik, Baionan. Sistema pedagogiko «alternatiboetan» jarri zuen indarra, uste baitu eman beharrekoak eman dituela instituzionalizatutako eskola ereduak. Jomuga haur «esaneko eta otzanak» heztea dela dio: «Jasangaitza da».

Arautuegia dago egun eskoletako lana? Arauek garrantzi handiegia dute haurrak heztean?

Ez eskolan bakarrik, baita familian ere. Heziketaren eginbeharra hori da: sistemara egokitzea, hain justu, sistema sostengatuko duten gizakiak heztea. Azkenean, heziketa zertan datza? Pertsona baten ahalmen ikaragarriaren inauste prozesu bat da: forma emate bat. Jakina, beti hartu behar dugu kontuan zein ereduri lotuta egiten den forma emate hori, hori ez baita inozentea inoiz ere. Horregatik, haurrekin egoteko guk defendatzen dugun ereduan ez da pertsona soslai jakin bat fabrikatzeko asmorik; haurrari uzten zaio bidea egiten; jakina, ez da bakarrik uzten bidean, baina, haur batek senez daukanez heldu bilakatzeko jakituria, zuk ez duzu gidatu behar, zuk hazteko prozesu horretan lagundu egin behar duzu, bere erritmoa, berezitasuna eta inpronta errespetatuz.

Eskolak ez du deus irakasten?

Berez, ezin da ezer irakatsi; norberak ikasten du zerbait, interesatzen zaionean, jakin-mina duenean eta bere bizitzaren esperientziarekin zentzua duenean. Baina irakatsi? Euskarak badu beste hitz bat, politagoa: erakutsi. Hori da zuk egin dezakezuna, bide bat egina duen pertsona helduagoa zaren neurrian, gauzak erakutsi, inposatu gabe. Horiek zentzua badute haurraren bizitzan, ikasiko ditu. Zer oroitzen dugu eskolan ikasi genuenaz? Ia ezer ere ez. Hori bai, eskolan benetan ikasten duguna ezkutuko curriculuma esaten den horretan dago, eta hori irakastea da, hain zuzen, eskolak duen benetako funtzioa: esatea nor den dakiena eta nor ez dakiena, nork egiten dituen galderak, nork ematen dituen erantzunak, nork esaten duen zer dagoen ongi eta gaizki, nork ematen duen hitz egiteko baimena... Horrek garrantzi handia du sozialki. Gainerakoan, edukiez ia dena ahazten zaigu, eta ahazten den hori berdin ikasiko genuke eskolarik gabe ere, jakin-mina dugulako ikasi baitugu.

Euskal Herria, ikastolen sorreran, aitzindaria izan zen, pedagogiarik aurrerakoienei erreparatu baitzien. Galdua da hura?

Ikastolek sorrera eredugarria izan zuten, eta eredu gisa hartu beharko genuke politikan, ikusteko herriak izan zuen sena, sentitzeko gurea zen zerbait ezin zela eraiki etsai menderatzailearen etxean. Baina, azkenean, ikastolen mugimenduari gertatu zitzaion: estrategia politiko orokor baten faltan amore eman behar izan zuela. Eta sistemak ez du ezer dohainik ematen. Ez dugu ahaztu behar aipatzen ari garen sistema hori espainiarra eta frantsesa dela eta herria suntsitzea helburu duela. Hor sartzea bakarrik egin daiteke argi izanda zuk beste bide bat hartu behar duzula.

Aniztasunari leku urria uzten dio instituzioen peko eskolak...

Eskolak egiten duela esaten duen horren kontrakoa egiten du. Hezkuntza sistemak berezkoa du baztertzea; haren muinean dago. Azken finean, unibertsitatera iritsi ahal izateko —pentsatuta hori dela helburu gorena—; bada, iritsiko dira, hain justu, hezkuntzaren prozesura gehien egokituta jardun duten horiek... Haur bat, errebeldea bada, neurri batean sanoagoa da; nolabaiteko osasun bat erakusten du horrek. Baina ume hori ez da unibertsitatera iritsiko, sistemak baztertu eginen duelako lehenago; gehien otzanduak iritsiko dira... Eskolak ez du aniztasuna aintzat hartzen; uniformizatzailea da, berez.

Proiektu alternatiboak badaude egun martxan Euskal Herrian?

Badira hainbat eskola pedagogikoki ezberdin funtzionatzeko asmoarekin sortuak, eta gero eta familia gehiago konturatzen ari dira eredu aldaketa baten premiaz; ikusten dute indarrean den hezkuntza ereduak ez dituela asetzen haurrek dituzten premiak. Nola funtzionatzen duten? Bueno, badituzte denek betetzen dituzten ezaugarri batzuk; haurraren erritmoa eta jakin-mina babestu eta zaintzen dute. Haurrarekin dagoen helduaren egitekoa oso ezberdina da: bidelaguna gehiago da hezitzailea baino. Oso arau mugiezin gutxi dago, haurrek erabakitzen dute zer egin, eta nahi duten guztia egiten ez badute ere, ez dute egiten nahi ez duten ezer. Noizbait, gaztetxo horiek eska dezakete institutu normal batera joateko; ba, esaterako, mediku izan nahi dutelako edo talde handiago baten beharra dutelako. Eta normalean ondo integratzen dira, ez modu otzanean: begietara begiratzen dute, gauzak eskatzeko gaitasuna dute, helduarekin harreman sanoagoa... Beste bizitasun bat igartzen zaie. Gainerakoan, sarri ikasleei morrontza ezartzen die eskolak, beren behar, desio eta izatearekiko deskonexioa.

Zein lotura mota dute administrazioarekin?

Batere ez. Legezko hutsune bat badago, eta horri lotuta ari dira: gurasoek dute umeak hezteko eginbeharra, baina ez eskolatzekoa. Normalean, ez dago arazorik. Inoiz Polizia edo ikuskatzaile bat agertzen bada eta ikusten badu atzean familia egituratuak daudela, utzi egiten dituzte. Ez dute diru laguntzarik jasotzen badakitelako jasotzekotan zurrunbilo horretan sartu beharko luketela. Batzuk aipatzeagatik, Goiztiri eta Zingira daude Gipuzkoan, Kortiñe Bizkaian, Tximeleta Iruñean, Bizitoki Ipar Euskal Herrian...

Hezkuntza eredu estandarrean ari zara, institutu batean. Kontraesanak eragiten dizkizu?

Heziketarako gakoetako bat da harremana, eta harreman horren nolakotasunak asko egin dezake. Zer gogoratzen dugu eskolan ikasitakoaz? Edukietan, esan dugu, gauza gutxi, baina beti oroitzen dugu irakasleren bat gauzak ezberdin egiten zituena... Eta, alde horretatik, nik uste dut hor egin dezakedala lan bat; horregatik nago hor. Egia da sistemaren funtzionario bat zarela; baina jakin behar da horri trufa egiten, eta ahal bada, ziria sartzen. Non zauden baldin badakizu, eta zertarako, gauzak egin daitezke. Badakit niretzat zer den inportantea eta zer ez, eta trufa egiten diot gainerakoari. Barruan, sistema apurtzeko baino ezin zara egon, behin ere ez laguntzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Marifran Aranjuelo. / ©Maialen Andres, Foku

«Gezur asko esan dizkigute metroari buruz»

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Donostiako metroaren aurkako borrokak eta migratzaileen eta presoen aldekoak bizi dute, gaur egun, Aranjuelo. Ez zaio batere gustatu Donostiak azken urteotan izan duen eraldaketa.

Jatetxe bateko zerbitzaria, atzo, Donostian, bi bezeroren COVID ziurtagiriak egiaztatzen. ©JON URBE / FOKU

Ostalariek ez dute polizia (ere) izan nahi

Maddi Ane Txoperena Iribarren Ane Eslava

Atzotik, Euskal Herri osoan da indarrean COVID ziurtagiria. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 lagunetik goitiko jatetxeetako langile eta bezeroek egun batetik bertzera egokitu behar izan dute neurrira

Miren Basaras. / ©Aritz Loiola, Foku

«Pandemiak loa galarazi dit niri ere»

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Miren Basarasek esan du txertoak «oso onak» izan arren, transmisioa eteteko neurriak ezinbestekoak direla. Uste du askatasunaren izenean txertoari uko egiten diotenak «berekoiak» direla.

Otxarkoagako bizilagunak, protesta batean, asteartean. / ©Aritz Loiola, Foku

Betiko zerbitzua gura dute Otxarkoagan

Ibai Maruri Bilbao, Bizkaiko Hitza

Kutxabankek astean egun bitara murriztu du Bilboko Otxarkoaga auzoan dagoen bulego bakarreko leihatila zerbitzua. Bizilagunek protestak hasi dituzte. Bankuek, oro har, Bizkaian, bulegoen %45 itxi dituzte azken hamabi urteetan. Kutxabankek dio erabilera gutxitu delako hartu dutela erabakia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.