Aleksei Albu. Borotba alderdi marxistako kidea

«Ukrainak sabotajea egin zion Minskeko Akordioari»

Albuk azaldu du itun horretara mugatzen dela Luhanskeko eta Donetskeko errepubliken eta Kieven arteko harremana. Uste du gerra zibila ez dela oraindik amaitu, eta fase berri batean sartuko dela .

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ander perez zala
Donostia
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Aleksei Albuk, Borotba alderdi marxistako kideak (Odesa, Ukraina, 1985), bete-betean ezagutu ditu Maidango matxinada eta Luhanskeko eta Donestkeko Herri Errepubliken sorrera. Euskal Herrian izan da, Askapena erakundeak gonbidatuta, Europar Batasunean burujabe? hitzaldi biran.

Lau urte igaro dira Odesako sarraskitik. Zu han zinen.

Sindikatuaren eraikinaren barruan nengoen. Uste dut bizirik atera nintzela zorte handia izan nuelako, eraikinaren beste parte batean bainengoen, ez sutea gertatu zen partean. Denek jakin behar dute sarraskia antolatua izan zela, eta Ukrainako Estatu berria zegoela horren atzean. Badakigu Odesa Eskualdeko Departamenduko buruzagietako batek neonaziei esan ziela errusiazaleen eta antifaxisten protesta kanpaleku bat desegiteko; 200 bat pertsona zeuden, gehien bat emakumeak eta pertsona zaharrak. Erasoa hasi zenean, kanpalekuan zeudenak sindikatuaren eraikinera sartu ziren babestera, eraikin oso handia delako. Han, neonaziek eraikina inguratu zuten, inor ez ateratzeko, eta molotov koktelak bota zituzten. Askok leihotik salto egin behar izan zuten, eta kanpoan zeudenean bateekin jipoitu eta hil zituzten. Barrukoekin gauza bera gertatu zen.

Borotba lehenago sortu zen.

2011ko udaberrian sortu zen, ezkerreko hainbat erakunde eta Ukrainako Alderdi Komunistako kide ohiak batu ostean. Alderdi komunistako kide nintzen, baina aldaketa asko izan zituen, tartean haren printzipioena, eta kontraesanak ugaritu ziren; eta alderditik bota ninduten. Garai hartan, Odesako Kontseiluko diputatua nintzen, eta, hilabeteak pasatu ostean, ikusi nuen Borotba proiektu interesgarria zela, eta han sartu nintzen. Gure xedea da protestak agenda sozialera bideratzea, eta hala egin genuen Maidango Iraultzaren aurkakoak hasi zirenetik. Zaila zen, indar erreakzionario askok protesta horiek nazionalismora bideratu nahi baitzituzten.

Sarraskiaren ostean, Donbassera joan zinen.

Bai. Sarraskiaren ostean, gobernadorea aldatu zuten, eta lagun batzuek esan ziguten gu atxilotzeko prestatzen eta antolatzen ari zela. Astebetera, kamarada batek mezu bat bidali zidan atxilotze horiei buruz, eta Krimeara ihes egin genuen. Han geratu ginen urte amaiera arte, eta gero Donetskera joan ginen. Hiru hilabeteren ostean, Luhanskera joan ginen, legezko dokumentuak eskatu eta izateko. Luhansken bizi naiz 2015eko maiatzetik, eta Moskun igaro dut azken urte erdia.

Nolakoa da errepubliken eta Kieven arteko harremana?

Ez dute harremanik; Minskeko Akordioa da harreman bakarra, baina elkarrizketa txarra izan da. Sabotajea egin zioten itunari. Herritarrek bizitza lasaia egiteko aukera izan dute gutxienez bi errepublikatan. Orain hobeto daude Ukrainan zeudenean baino. Bai, sistema kapitalista da, baina aurrerakoiagoa. Gerra zibila ez da bukatu Ukrainan; fase berri batean sartuko da. Gure gutxieneko xedea da Odesa askatzea, eta gehienezkoa Ukraina askatzea, mendebaldea izan ezik.

Behar adina eskumen dituzue errepubliketan estatu independente gisa funtzionatzeko?

Hasieratik izan ditugu kontraesanak talde antifaxisten artean, batzuek euren estatuak sortu nahi zituztelako. Uste genuen etsai komun bat genuela, Ukrainako Estatua, eta denok batera borrokatu behar dugula horren aurka. Nik ez dut egituren maila gorenetan parte hartu, ez baita nire maila.

Baina badituzue, adibidez, osasun sistema, sistema judiziala, armada, eta horrelakoak?

Bai. Eta talka juridikoak izan ditugu Ukrainakoekin. Estatu berri bat sortzean ez bada lege berririk, lege zaharrak erabiltzen dira. Gure kasuan, zaharrak eta berriak kontraesanean daude, eta, herritar guztiek horri buruz ez dakitenez, arazoak izaten dituzte.

Arazo horrek jarraitzen du?

Badituzte beren sistemak, baina arazo asko daude, lege berriak behar baitira, eta kontsentsuak lege zaharrekin.

Nolakoa da errepubliken eta Moskuren arteko harremana?

Errusiarrek laguntza humanitarioko misio handia dute errepubliketan. Programa bereziak jarri dituzte martxan bonbek suntsitutako eraikinak eta bestelakoak konpontzeko, eta, adibidez, suntsituriko sabaien %90 konponduta daude jada. Errepublikek egin dituzte lan horiek, baina materiala eta dirua Errusiako Estatutik dator. Beste programa bat, adibidez, leihoak konpontzeko da, eta ia denak konponduta daude; asko lagundu dute botikekin ere. Beharrezkoak ziren, batez ere, gerraren parte larrienean, komunikazio gutxi zegoelako, eta janari gutxi. Ofizialki, Errusiak ez du parte hartzen gatazka honetan, baina badira armadako kide batzuk, erretiratuak, errepubliketan lanean ari direnak irakasle gisa.

Ukrainako beste eskualde batzuetan errusiazaleak dira gehiengoa, baina ez da errepubliketako prozesu bera izan.

Ukrainak bere subjektu politikoa eta mugak 1917ko iraultzaren ostean definitu zituen. Historikoki, errusiar lurrak, Errusia Berrikoak, errusiar hiztunez eta errusiar herritarrez beteta daude. SESB sortu zenean, inork ez zuen pentsatu Errusia Berria aldarrikatuko zutenik, eta eremu horiekSESBen sartu zituzten. 1954an, Krimea SESBen sartu zuten. Ukrainak egun dituen mugetan gehienbat errusiarrak bizi dira, eta, Kieven estatu kolpe bat izan zenean 2014ko otsailean, ulertu genuen ez genuela bizi nahi estatu berriarekin; autonomiaren alde borrokatzen hasi ginen. Hasteko, finantza independentzia, zergen bidez. Errusiera ere ofizial nahi genuen, eta geure Polizia indarra izan. Maiatzaren 2ko gertakarien ostean erabaki genuen mugimendu independentista bilakatzea, ez genuelako estatu horretan bizi nahi.

Baina zergatik ez da gertatu?

Ez genuelako egitura iraultzailerik, masa hori gida zezakeen egitura antolaturik. Babes handia genuen, baina egitura txarra zen, eta esperientzia gutxikoa. Hori izan zen gure akatsa.

Prozesu politikoa eskualde horietara zabaltzea da helburua?

Bai. Saiatzen ari gara herritarrak antolatzen, baina egungo baldintza politikoak oso txarrak dira. Antolatzen saiatzen garen bakoitzean, zerbitzu sekretuek gure kamaradak kartzelan sartzen dituzte, eta, ez badute hori lortzen, neonaziek jipoitzen gaituzte.

Uste duzu Kiev eta Mosku errepublikak euren interesetarako erabiltzen ari direla?

Galdera ez da guztiz egokia. Gatazka Errusiaren eta AEBen artekoa da, Kiev AEBen txotxongiloa delako. Ukraina eremu okupatua da egun. Ez dut uste bi erregimenen txotxongiloak garenik, guk geure helburua baitugu: erresistentzia antolatua egin nahi dugu, antikapitalista eta antifaxista. Geure burua errusiar munduaren parte ikusten dugu. Errusiarrekin egon nahi dugu, ez estatuarekin; estatua burgesia da. Estatua erabiltzen dugu gure erresistentzia antolatzeko. Errusiako liberalek, adibidez, gure iraultza gelditu nahi izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.