Mikel Aiestaran. Kazetaria

«Ekialde Hurbilean ez da dena zuria eta beltza; kolore gehiago daude»

Estatu Islamikoaren porroten ostean «hutsune ikaragarri bat» dagoela deritzo Aiestaranek, baina ziur da ordezko bat agertuko dela. Herritarrak «oso ukituta» ikusi ditu, zauria «irekita» dagoelako. Bideoa albistearen amaieran.

ander perez zala
Donostia
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Kalifa herriaren errautsak (Ediciones Peninsula) obra berria aurkezteko biran murgilduta dago Mikel Aiestaran kazetaria (Beasain, Gipuzkoa, 1975). Elkarrizketen zerrenda luzean tartea egin dio BERRIAri.

Kalifa herriaren errautsak da liburua. Errautsak betirako dira, ala zerbait atera daiteke?

Errautsetik zaila da edozer ateratzea. Niretzat, garrantzitsuena da ikastea behintzat zer gertatu den, nolakoak izan diren azken urteak eta zer ekarri duen kalifa herriak. Eta horrelakorik berriz ez errepikatzea. Hori da atera dezakegun gauza bakarra. Errautsak fisikoak dira, hiriak txikituta daudelako, baina baita sozialak ere, Iraken eta Sirian gizarteak apurtuta geratu direlako. Oso zaila izango da etnien eta sekten arteko harremana berreskuratzea.

Liburuaren azalean bi haur agertzen dira barrezka. Zergatik hautatu duzu irudi hori?

Harri-jasotzaile puntu hori ikusi nuenean, argi ikusi nuen. Deir Hafer hirian egin nuen argazkia, Siria iparraldean, eta hara heldu nintzenean justu Errusiako gerra hegazkin batek bonbardatu zuen Estatu Islamikoaren komisaria hori. Hemen bonbardaketa bat ikusten badugu, jendearen erreakzioa zein izango zen? Segituan alde egin, urrundu, baina han ez; ohituta zeuden, eta haurrak jolastera irten ziren. Errauts horiek altxatzen ari dira jolasteko. Garrantzitsua iruditu zait gai ilun eta triste batean azal baikor bat jartzea.

Lehen pertsona erabili duzu.

Aurreko liburuan hasi nintzen lantzen. Estilo kontua da. Alde batetik, gai hauek urruti daude, eta, bestetik, lehorrak dira. Eta niretzat ere ulertzeko zailak. Nire helburua beti izan da gaiak gerturatzea, eta horretarako egin dut eguneroko lanean egiten ez dudana: lehenengo pertsonan idatzi, eta orainaldian. Eta oso zaila da.

Ikuspuntu homogeneoa dugu Mendebaldean?

Bai, ezjakintasunaren eraginez. Baina hori normala da; toki bat ezagutzen ez duzunean, klixeak zabaltzen dira, bereziki gaur egun, erantzun errazak eta azkarrak behar baititugu. Nahi dugu jakin zein diren onak, zein diren txarrak. Toki hauetan, dena ez da zuria eta beltza. Kanpotik ikusita, arrazoi duzu, homogeneizazioa dago. Hurbiltzen zarenean, ikusten duzu kolore desberdinak daudela, jende eta talde desberdinak, baina horretarako denbora behar duzu. Egun, dena azkar nahi dugu: fast food bezala, fast information nahi dugu.

Zein da EIren oinordetza?

Oraintxe bertan, hutsune ikaragarri bat dago. Etorriko da beste bat, ez dakit zer-nolako izenarekin eta zer-nolako formularekin. Baina kolpea oso indartsua izan da sunitentzat. EI hor egon da, suniten komunitateetan, eta hor eraiki du kalifa herria. Orain, sunitak galduta daude. Alde batetik, Damaskoko eta Bagdadeko gobernuekin harremanik ez dutelako edo ez direlako fidatzen. Nork beteko du hutsune hori? Oraingoz, Sirian Baxar al-Assaden gobernuak, alde batetik, eta AEBetako armadak eta kurduek, beste batetik. Harrigarria bada ere, kurduak Raqqa bezalako hiri batean daude. Iraken, gobernua ahula da; ezin du hutsunea bete, eta, suniten iritziz, ez du indarrik. Beraz, tribuek betetzen dute hutsune hori, eta lege tribalak jarri dira indarrean.

Liburuan diozu kalifa herria 2014an sortu zela, mundua futboleko Munduko Kopari begira zegoela. Egun, puntu apalenean dago, kopa horren atarian.

Ez dira sailkatu, eskerrak [barrezka]. Kasualitatea da, bai, konparazio polita da. Gogoratzen naiz partida bat ikusten ari nintzela lagunekin, Bagdaden, eta emisioa moztu zutela esateko talde batek Mosul hartu zuela. 600.000 lagun bizi dira han, ez da horrela hartzen [behatzak klaskatzen ditu]. Baina egia da: Munduko Kopa horretan oso ondo egin zuten lana, baina aurtengoan matxinadan daude berriz ere Siria eta Irak arteko basamortuan. Eta, horretan, talde onena da. Aurtengo kopan, zoritxarrez, ezustekoa emateko aukera izan dezake.

Zer sinbolizatzen du EIren kalifak taldearen jarraitzaileentzat?

Ikono bat da, baina ez du lortu Osama Bin Ladenek lortu zuen xarma edo irudi hori betetzea. Behin ikusi dugu bakarrik, eta oso mezu gutxi bidali ditu, baina jarraitzaileak ditu, eta izan duen rola oso garrantzitsua izan da. Nola dagoen EIren lidergoa: hori ez dakigu, ez dago informaziorik. Putzu ilun bat da; ez dakigu zer gertatzen ari den. Azkenengo fasea guztiz galdu dugu.

Askatutako eremuetan egon zara. Nola daude herritarrak?

Oso ukituta daude, zauria oraindik irekita dagoelako. Pertsonalki, oso potentea izan da. Ideologikoki ez dut uste babes handirik izan dutenik; herritar hauek baserritarrak dira, eta toki normalak dira. Jendea shock egoeran dago; amesgaiztoa amaitu da, baina orain datorrena, gerraren ondorengoa, lehen zutena baino gogorragoa da, asko galdu baitute. Mendekuak oso inportanteak dira Ekialde Hurbilean.

Badago aukerarik berreskuratze prozesu baterako?

Fisikoki, bai, baina argi dago Mendebaldeko gobernuek gerra egiteko diru asko inbertitu zutela Raqqa, Mosul eta horrelako tokiak bonbardatzeko; orain, berreraikitzeko ez dute zentimorik ipini mahai gainean, eta, ez badugu lortzen oreka bat, esan nahiko du bakarrik alde militarra bultzatzen dugula, eta ez berreraikitzeko prozesu hori. Eta ezinbestekoa da gerra honetan bi alde horien arteko oreka mantentzea.

Pisu nabarmena izango al dute Siriako eta Irakeko gobernuek berreraikitze prozesuan?

Sirian zer edo zer ikusten dut. Lanak ikusten dituzu gobernuaren partetik: ura, ospitaleak, eskolak... Horretarako, gobernu indartsua behar da, baina Sirian zera gertatzen da, Al-Assad ez zaiola gustatzen Mendebaldeari. Irakekoa hondamendi bat da, dena hankaz gora dago. Sirian, AEBek kontrolpean dituzten eremuan, kanpotik etorritako enpresak daude, eta dena pribatizatuta dago. Azkenean, negozioa da, eta negozioak, Iraken eta Afganistanen ikusi dugun bezala, ez du balio. Gobernu indartsu bat behar da oinarrizko gauzak egiteko.

Sirian, Idlib probintzian izango da azken borroka zailena?

Niretzat, zailena Hasaka iparraldea izango da, amerikarrak dauden tokia. Idliben, Turkiarekin lortuko dute harreman bat, zer edo zer gertatuko da. Baina AEBetako armadarekin zer gertatuko den... Frantziakoa ere badago; petrolioa, gasa. Puntu beroa izango da. Baina Siriako gerran gauden fasean, negoziazio politikoa ezinbestekoa izango da bide militarrari heldu aurretik, Turkia barruraino sartuta dagoelako Idliben, Hasakan AEBak, Frantzia, eta kurduak, eta Daraan Israel eta Jordania. Hitz potoloak dira.

Bi konferentzia egiten ari dira Siriako irtenbideari begira: Astanakoa eta Genevakoa.

Genevakoa ez da egiazkoa; ez dauka indarrik. Astanakoak indarra dauka, eta arauak Moskutik, Teherandik eta Ankaratik etortzen dira. Etorkizun handiagoa ikusten diot Astanakoari.

[youtube]https://youtu.be/GOqrNpwzd9U[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.