Francisco Contreras 'Niño de Elche'. Kantaria

«Ekintza artistikoa une politiko bati dago atxikia»

Txikitatik hasi zen flamenkoan nabarmentzen, sariak pilatzen eta talentua erakusten. Gerora, ordea, mundu hori zalantzan jarri, eta tradizioari lotuta bai baina korrontearen kontra doan bidea hartu du.

Juan Gorostidi Berrondo.
Itsasu
2014ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Francisco Contreras, Niño de Elche, «beste era bateko kantari flamenko» gisa izendatzen duten artista gaztea (Elx, Alacant, Herrialde Katalanak, 1985) egona zen Euskal Herrian joan den irailean, Bilboko Bidebarrieta kulturguneak antolatutako kontzertu pedagogiko bat ematen. Orain, berriz, Errobiko Festibalera izan da gonbidatua, Raul Cantizano bere urte hauetako kolaboratzaile eta gitarristarekin batera. Festibalaren hasiera ekitaldian hartu zuten biek parte, Bernard Lubatekin eta Beñat Axiarirekin.

Zure lehen diskoa (Mis primeros llantos, 2007) arrakastaz eta sariz betetako gaztaro baten ondoren etorri zen, baina 21 urterekin grabaturiko disko horretan bertan nabari da ez zarela atxikiko arrakastari lotutako komertzialtasunari… Aurten, uko egin diozu Madrilgo Las Ventas zezen plazan antolatutako kontzertu handi batean kantatzeari eta SGAEren antzoki sarean abesteari. Harrigarriak egiten dira egun jarrera horiek talentu handiko artista batengan.

Nik senari jarraitzen diot, baina ondo ikasi dut nola kudeatzen duen botereak gizartean ernaltzen diren talentu eta forma artistikoak. Flamenkoaren historia laburrak oso garbi eman du irakaspena. Gero, bizi beharra dago, diru asko eskaintzen dizute, izen bat, dirdira… eta zaila da arrisku horietan modu askean mugitzea; zirkuitu ofizialetatik kanpo.

Flamenkoa, zure hitzetan, ez da arte herrikoi bat; desjabetze bat suertatu da, usurpatze bat, Andaluziaren marka bilakatu arte. Frankismo garaian antzeko zerbait gertatu zen, espainolismo zaharminduenaren ikur gisa ikusten baitzen, Espainia hegoaldeko beste hainbat konturekin batera. Horrek ekarri du, neurri handi batean, euskaldunen eta beste hainbat jenderen mesfidantza eta ezagutza eskasa ere.

Lehenik, esango nuke flamenkoa oso arte gaztea dela, eta bere aura enigmatiko eta misteriotsua, erromantikoen asmakizun bat. Ezagutzen ditugun lehen erreferentzia fidagarriak XIX. mende erdikoak dira, eta gaur ezagutzen ditugun formulak (dantzan, kantuan edo gitarran) lehen grabaketekin hasi ziren egituratzen. 1895ekoak dira lehen grabazioak, eta urte haietako kantuak entzutean konturatzen gara ez zeudela askoz geroago finkatu ziren kantaerak, erritmoak eta estiloak. Dena nahasia zen, eta hala jarraitu zuen izaten ondoren ere. Esan liteke XX. mendeko 60ko eta 70eko urteak baino lehen ez zirela forma zurrun horiek finkatu. Grabazioek eta urte hauetako profesionalizazio artistikoak bultzatu zuen egituraketa hori.

Sasoi horien aurrekoa erantzunik gabeko galderez betea dago, eta, frankismoari dagokionez, herritartasunaren ideia bati lotuta aurretik zetorren ideia erromantiko horien inposatze bat baino ez zen izan. Frankismoak bere egin zuen Errepublika garaiko mugimendu bat, misio pedagogiko-en bidez asko hedatu zena, hainbat ezkerreko ekintzaileren eskutik; berak ez zuen hori asmatu. Urte hauetan, berriz, ia erabateko instituzionalizazioa etorri da: asko hitz egiten da arte herrikoiaz, baina profesionalen eta administrazioan txertatutako funtzionarioen eskutik markatua eta erabakia suertatu da. «Sormena piztuko duen askatasunarena» kudeatzaile horiei komeni zaien erretolika gezurtia da, eta prozesu horren hasieratik bertatik nahasia eta kontrolik gabeko adierazpen hibrido eta aldakorra zena, mugatu, zatikatu eta zikiratu egin da flamenkoaren arrakastaren urteetan.

Badirudi antzeko zerbait gertatu dela beste hainbat musika arlotan: hor dago jazza bera eta baita klasikoa deitzen dena ere. Ez al da bilakaera hau gure garaiari erabat lotua, ezinbestean?

Hala da. Ezin dugu pentsatu leku bakar batean edo pertsona jakin batzuen erruz gertatu den zerbait denik. Paralelismo esanguratsu bat dago zuk aipaturiko fenomeno horien artean, baina horrek ez du esan nahi gaiari aurre egin behar ez zaionik. «Herrikoia» esaten denean, zinez, indibidualismo hertsi bat sustatzen da, oso irizpide atzerakoiekin kudeatua. Flamenkoan, muturreraino eraman dira jarrera horiek: talentu handiko kantariak, musikariak edo dantzariak jarrera erabat zurrun eta chauvinistak hartzera bultzatu dituzte. Batzuek diote ijito familia batean ez bazara jaio ezin duzula flamenkoa ulertu ere egin; familia horiek Jerezen edo Cadizen finkatuak behar zutela; beste batzuek Granadan edo Sevillan ezin dela esentzia ulertu. Kontu barregarriak, ez balira erabiliko askoren sormena eta adorea zapaltzeko. Ipuin batzuk oso errepikatuak izan dira —familia barruko iniziazio hermetikoak, erritualak…— ipuin galantak, gero norberaren alde eta besteen kontra erabiltzeko baliatuak.

Badira izar batzuk, azken urteetan guztiz mitifikatuak izan direnak: Camaron, Morente, Paco de Lucia… flamenkoa munduan izen eta prestigio bat lortzera eraman dutenak; tradizio bat garaikidetasunera prestigio handiz eraman dutenak…

Kasu bakoitza ezberdina da, eta nik ezin dut ukatu begien bistakoa: talentu handia, arriskua hartzeko gaitasuna… baina horrekin ezin dira estali egitasmo publiko bati lotuta dauden jarrerak, proposamen artistikoa bera goitik behera baldintzatzen dutenak. Tradizioa bera oso ideia manipulatua da. Zer da tradizioa? Bat nator honetan Beñaten [Axiari] ikusmoldearekin: «Tradizioa ez da izen horrekin saltzen diguten gorpuzki zurrun hori; tradizioa askatasuna da, egituretan malgua; inprobisazioa guztiz tradizionala da…». Sortzen da talentu bat; egiten ditu bere ekarpenak, baina berehala datoz haren ondorengoak maisuaren izen ona bere interesera eta besteak zapaltzeko erabiliko dutenak. Enrique Morenteren kasuan gertatu da: bere ondorengoak, morentetarrak (Estrella alaba, Poveda, Maite Martin…) guztiak maisua baino askoz ere kontserbadoreagoak dira, eta zuku ederra ateratzen diote bereganatu duten ondareari.

Morenterekin alderatua izan zara… Non daude aldeak eta desberdintasunak?

Horiek adituen kontuak dira, eta kalte izugarriak ekarri dituzte. Morentek intuizio handia zuen,eta ate asko ireki zituen flamenkoaren mundu hertsi eta atzerakoian, baina ez zuen bide horietan gehiegi sakondu. Bestalde, estetizismo handia dago. Badira artistak urrats handiak egin zituztenak arlo estetikoan; bai eta birtuosismoarekin tematu batzuk ere… Bide okerra, nire ustean. Ezin da gehiegi sakondu ideia estetiko batean, uste baduzu ideia hori gauzatzerakoan, gainontzeko artistekin dituzun harremanak, gizartearekin eta botere ezarriarekin dituzunak hortik kanpo daudela. Ekintza artistikoa une historiko, sozial eta politiko bati dago erabat atxikia. Ezinezkoa da ustezko neutraltasuna. Zeure burua diskurtso baten barruan kokatzen duzu, eta diskurtso hori gizartean dago, alde batera edo bestera. Horrek guztiak baldintzatuko du zure ekimen artistikoa… Artista neutral hori iruzur galanta da. Asko saltzen dutenek erabiltzen duten amarrua…

Sormena, jenialtasuna… norbanakoaren gaitasunarekin lotu ohi ditugu; zuk talde ekimena azpimarratzen duzu.

Zergatik gaude artea beti iraganean ipintzen? Artea ekintza da, orainean gauzatu behar dena, orainaren tentsio eta erronka guztiei kemenez, argitasunez eta eraginkortasunez aurre egiteko. Badakit ez dela lan erraza, arriskutsua ere badela, eta etiketaz kanpo ibiltzera eramaten zaitu. Etiketatzeko zailtasun horrek dena zailtzen du: hor gauzatzen da programatzaileen zentsura, eta autokudeaketaren gaia zabaltzen da: nola ekin, nola eraiki modu eraginkorrean… Artista ekilibrista bat da; mugetan dabilena, eta eskarmentuak esaten dit interesatzen zaizkidan forma artistikoak ezin direla eraikia dagoen sistemaren barnean landu. Halere, denok gaude sistemaren barruan aldi berean; kapitalismoa edo neoliberalismoa gure bizitzan dago txertatua; horregatik tentu handiz tratatu behar ditugu prozesuak, lan egiteko erak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.