Joan Baixas. Txotxongilolaria

«Noiz erotuko garen erabakitzeko soilik balio du arrazoiak»

Arte plastikoak eta txotxongiloak urruntzen dituen zubia desegiten saiatu da Baixas 'Eroen ontzia' erakusketan. Geldirik ere istorioak konta daitezkeela uste du. Tolosako Topic-en ikusgai dago haren lana.

Ihintza Elustondo
2016ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Margolaria, artista plastikoa, idazlea eta txotxongilolaria da Joan Baixas (Bartzelona, 1946). «Sentsazioa dut dena gauza bera dela. Buruan ditudan ideiak, intuizioak eta irudiak era askotako obra bilakatzen dira. Lagunek esaten didate: 'Zu ez zara txotxongilolaria!' Berezitzat hartzen dira txotxongiloak; sinpatia handia pizten dute, baina ez zaie sinesgarritasun handirik ematen. Halere, ni zerbait baldin banaiz txotxongilolaria naiz». Teatre de Claca konpainia zuzendu zuen 1967. eta 1988. urteen artean, eta hainbat artistarekin kolaboratu du: Joan Mirorekin, Antonio Saurarekin, Roberto Mattarekin... Txotxongiloekin ikuskizunak egiten aritu izan da bere ibilbide luzean, eta, orain, lehen aldiz, erakusketa bat ondu du: Eroen ontzia. Urriaren 2ra arte dago ikusgai, Tolosako Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroan (Gipuzkoa).

Era askotako txotxongiloak daude erakusketan, eta haietako bakoitzak istorio bat kontatzen du. Geldirik dauden arren, bizirik ikus ditzake publikoak?

Haietako gehienek agertokian antzeztu ahal izango lukete. Gauza da ez direla sortu ikuskizunetarako. Hori berrikuntza da nire ibilbidean. Guztiok uste dugu txotxongiloak agertokirako sortu direla, baina denok erabiltzen ditugu beste esparru batzuetan, eta beti umorearekin, metafora dibertigarriak egiteko: politikako hariak mugitzen dituztenak zein diren esateko, gizon bat txotxongilo bat dela esateko... Txotxongiloa sinbolo moduan erabiltzen da, metafora moduan, edo broma moduan. Hausnarketa hori egin dut Topicen. Txotxongiloak agintari bat du, transmisiorako hariak daude, eta bizitza hartzen duen objektu bat. Hiru elementu horien arteko jokoak gauza asko adierazten ditu. Bizitza guztia agertokietan ibili naiz, eta orain begirada kontzeptual batetik ikusi dut txotxongiloa. Hor material asko dago, inork antzerkiarekin lotuko ez lukeena. Txotxongiloak hizkera popularrean daude, egunkarietan, arlo sozial-politikoan... Beti agertzen dira.

Egin al daiteke antzerkirik hitzik eta mugimendurik gabe?

Erakusketa amaituta ikusi nuenean, pentsatu nuen pixka bat mugitu beharko luketela txotxongiloek. Haietako asko putz egite hutsarekin mugituko lirateke, eta ez dakit publikoak putz egiten duen edo ez. Kartel bat jarri beharko nuke: «Putz egin». Asko gustatuko litzaidake haizearen bidez kulunkatuko balira, eta ez manipulatzailearen eskuarekin; hor pasatzen den haize batekin baizik. Txotxongiloaren mugimendua ez du txotxongilolariak soilik sortzen. Gustatzen zait pentsatzea txotxongiloek bizitza propioa dutenez mugimendu pixka bat izan dezaketela.

Erakusketak bisitariak jolastera gonbidatzen ditu, beraz.

Liburuak daude, objektuak, tresnak... Material asko dago publikoaren imajinazioa pizteko. Asko gustatuko litzaidake pentsatzea, pieza hauen aurrean jartzen zarenean, burura etortzen zaizkizula irudiak, gauzak, interpretazioak, istorioak, gustatzen zaizkizun gauzak, gustatzen ez zaizkizunak... Obra teatrala, kasu honetan, ikusleak proposamen horiekin guztiekin sortzen duena litzateke. Bakoitzak obra propioa egin dezala. Bidea nahiko markatuta dago; iradokizun asko daude. Labirinto batean sartzea bezala da, eta bakoitzak egin dezala bere ibilbidea. Batzuk gehiago galduko dira, eta beste batzuk gutxiago.

Irudimenaren bidez bizitza hartzen dute txotxongiloek?

Hain zuzen. Txotxongiloek istorioak kontatzen dituzte, nahiz eta geldirik egon.

Probokazioa bilatu duzula esan izan duzu...

Hitzaren zentzurik onenean. Gauzak mugitu ditut, eta, agian, planteatu gabe zeuden gaiak planteatu. Guztiok esaten dugu txotxongiloak arte plastikoen eta antzeztokiaren artean daudela. Txotxongilo guztiak espazioan mugitzen diren eskulturak dira. Baina txotxongiloek, oro har, arte plastikoetatik aparte eboluzionatu dute. XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, arte plastikoak indartsu daude eta dibertigarriak dira: mundu kaotikoa da, proposamen pila bat daude... Egun arte plastikoen zirkuitua nazioartekotuta dago, eta batek etengabe ditu parean korearrak, iraniarrak, mexikarrak... Bizi handia dago. Zentzu honetan, txotxongiloak alferrak izan dira. Txotxongilo asko dago arte plastikoetan, eta arte plastiko gutxi dago txotxongiloetan. Zubi hori salbatu nahi nuke. Norabide horretan emandako pauso bat da erakusketa hau. Munduko maitasun eta umore guztiarekin probokatu nahi izan dut.

Eroen ontzia izenburua jarri diozu egindako lanari. Ba al dute zerikusirik eromenak eta txotxongiloen munduak?

Bai; eromena XX. mendeko abangoardietan ageri den gai nagusietako bat da: kubismoan, surrealismoan... Mendebaldeko kulturan sartu zuten egoera hauen ideia: eromenarena, drogena, guretzat esplikaezinak diren gauzena... Abangoardietako artistek garbi ikusarazi ziguten hori ez zela beste mundu bat, iraganekoa eta gainditu beharrekoa. Gure errealitatearen parte dela erakutsi ziguten. Nik aldarrikatzen dut txotxongiloa gure alderdi iluneneko parte dela, gure energiarik sakonenak dauden leku horretakoa. Eta horrek norabide guztietan funtzionatzen du; ongiaren bidean eta gaizkiarenean. Nik uste dut txotxongiloaren sustraiak gizakiaren inkontzientean daudela, eta horri eromena deitzea modu maitekor bat da. Eromena zer den mundu guztiak ulertzen du: eromena da maitale on bat, lagunekin mozkortzea edo nirea bezalako lanbide bat aukeratzea. Eromen horretatik tira egin behar da. Asko gustatzen zait esaldi hau: Indarra eromenean dago;noiz erotuko garen erabakitzeko soilik balio du arrazoiak.

Mori el Merma ikuskizuneko txotxongilo bat dago erakusketan. Ikuskizun hartan Joan Miro artistarekin lan egin zenuen. Zein istorio du kontatzeko txotxongilo horrek?

Mermak berrogei urte daramatza nirekin, eta istorio asko bizi izan ditugu. Nire lanaren parte inportante bat izan da, eta gogoratu egin nahi izan dut. Orain gustura dago erakusketan, bere lagunekin. Alfred Jarryren Ubu pertsonaiaren eraldatze bat da. Ubuk boterea du, eta horrekin erotuta dago, mundu guztiari barre egiten dio, zinikoa da, basatia... Baina, aldi berean, sinpatikoarena egiten du. Mirorekin eraldatu genuen Ubu, eta Merma sortu genuen, gugandik gertuago zegoen identitate bat. Franco hil eta berehala sortu genuen Mori el Merma ikuskizuna, eta diktadura amaitu zela ospatu genuen.

Txotxongiloek edozertaz hitz egiteko balio dezakete?

Bai. Txotxongiloen arloan, eremurik dibertigarriena eta emankorrena satira politikoarena da. Hori beti egon da. Txotxongiloak botereari barre egiteko erabili izan dira, baita dagoeneko existitzen ez diren tradizioetan ere.

Baina legeak oztopoak jarri izan ditu, Madrilen adibidez...

Hori astakeria bat da, hanka sartze ikaragarria. Sinestezina egiten zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.