Luzia Alberro. Ikertzailea

«Bertsolariek lagundu zuten gertatzen ari zenari hitzak jartzen»

Gipuzkoako modernizazioa eta horrek eragindako identitate kolektiboaren krisia ikertu ditu Alberrok doktore tesian. Horretarako, ohiko iturriak baztertuz, sei bertsolariren bertso paperak arakatu ditu.

Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Bertsolarien ahoz. Modernizazio prozesua eta identitate bideak. Gipuzkoa, 1830-1936 tesia defenditu du Luzia Alberrok (Astigarraga, Gipuzkoa, 1975). Gipuzkoako modernizazio prozesua aztertu du sei bertsolariren begiradapean: Frantzisko Petrirena Xenpelar, Indalezio Bizkarrondo Bilintx, Pedro Elizegi Pello Errota, Pedro Mari Otaño, Manuel Lujanbio Txirrita eta Joxe Mari Lopetegi izan ditu arretagune; askotariko orientazioak, ofizioak eta bizilekuak dituztelako. «Ez nuen nahi irudi monolitiko bat egin».

Modernizazioak bizitzaren alderdi guztietan eragin zituen aldaketak. Zuk bertsolaritzan izan zuen eragina ikertu duzu. Zer dela eta?

Herri xehearen ikuspegira hurbiltzea interesatzen zitzaidan. Zeharka, beste iturri batzuetatik hurbil zaitezke: erroldetatik, udaletxeetako aktetatik... Baina hurbilago zeuden iturri batzuetara jo nahi nuen, eta iruditzen zitzaidan bertsolaritza izan zitekeela bide egoki bat. Bertsoetan ez duzu historia edo kronika ofizial bat jasoko, baina bai egunerokoaren bizipena, eta, gainera, balorazio batzuen bidez jasoa. Ez dute nahi objektibotasun bat jaso; bizi diren errealitatearen irakurketa eta azalpena egiten dute. Historiara hurbiltzeko modu gizatiarragoa dela iruditzen zait. Gainera, euskaraz idatzita daude.

Herri xehearen bizipenetara hurbiltzeko tresna egokia da, beraz, bertsoa?

Bertsolariak herri xehearen parte dira: sozioekonomikoki pobreak direlako, euskararen erabileragatik, sentsibilitate politikoan askotarikoak direlako... Baina hizkuntza erabiltzen espezialistak dira, eta jende xeheak izaten dituen prozesuak kontatzeko eta kantatzeko gaitasun handiagoa dute. Bertsolariek lagundu zuten gertatzen ari zenari hitzak jartzen.

Mundu zaharrak eta berriak bat egite horretan, zein zeregin izan zuen bertsoak?

Modernizazio prozesuan, zaharraren eta berriaren arteko lotura egiten saiatu ziren hainbat bertsolari, mundu zaharra berrira eraman nahirik; Otaño eta Lopetegi, adibidez. Bertsoa egitura zaharra izanik, ideia berriak ekartzen saiatuko dira. Berrirako egokitzapenari ematen diote garrantzia, baina, aldi berean, ahaztu ezin diren elementu batzuk objektibatzen hasten dira. Zaharrak bizitzen jarrai dezan egindako apustua izango da. Baina, denetarik dago; Xenpelar, esaterako, antimodernoa zen.

Aldaketak identitate berri bat sortzea dakar. Nolako identitate proposamenak egin zituzten?

Identitatea edo nortasuna da «nor gara gu?» galderari erantzutea; baina inguruarekin lotuta dago. Bestearengandik zertan gara ezberdin? Eta, gu gure artean, zertan gara berdin? Irudikapenen mundua da. Sei bertsolari hauetan askotariko identitate proposamenak daude, hiru faktorek baldintzatuta. Batetik, gaia arazo moderno gisa agertuko da modernizazio prozesuaren bizipen indartsuena eduki dutenengan. Pello Errota landa eremuan ibiltzen zen, eta identitatea ez da arazo moduan ageri. Xenpelar, ordea, fabrikako langilea zen, eta ikusi zuen frantsesak trenbidea egitera nola etorri ziren. Haiek zein ezberdinak ziren ikusita sortu zitzaizkion kezkak: «Orduan, gu zein gara? Ez al ginen denok antzekoak?». Beste faktore bat da aldaketak erraz eramatekoa zaren edo ez. Eta, hirugarrena, zahar eta berriaren artean zeri ematen diozun garrantzi handiagoa.

Proposamen bat da berriari kontra egitea, Xenpelarren kasuan bezala. Otañok nahitaez berrirako aldaketa egin behar zuen, AEBetan zegoelako; eta haren proposamenean euskara erdigunea da. Lopetegi da berritzaileena: errepublikanoa zen, eta askatasuna, herriaren garrantzia, batasuna eta halako kontzeptu modernoak erabiltzen ditu. Bilintxen bertsorik ez da iritsi gai politikoen edo identitatearen inguruan. Eta Txirrita eta Pello Errota hurbilago daude zaharretik berritik baino.

Identitateaz gain, zeri erreparatu zioten bertsolariek modernizazioaren garaian?

Aldaketa ekonomikoekin bizimodua hobetzeko aukera bat ikusten dute, baina Xenpelar konturatzen da ez dutela betiko soluzioa ekarriko. Gainera, harremanak aldatzen ari dira: fabriken jabeak daude, eta langileak. Gizonen eta emakumeen irudia ere oso presente dago: ezkontza tratuak ohikoak dira; bikotea sistemak irauteko pieza moduko bat da. Baina emakume eta gizon izateko forma berriak agertzen dira. Muturrekoenak Bilintxek agertzen ditu: zer sentitzen duen da harentzat garrantzitsua; ezkontza oso gutxitan erabiltzen duen hitza da. Gizartea antolatzeko moduaz ere hasten dira pentsatzen.

Eta sasoi hartako politika nahasia nola ikusten zuten?

Espainiar monarkiaren erreferentzia zalantzan jartzen du herri xeheak: «Hau al da gure ispilua?». Batetik, izen ona izugarri galtzen ari delako XIX. mendeko Espainia, krisia eta hondamendiak zirela eta. Eta, bestetik, haien eguneroko bizitzan ari direlako nabaritzen ondorioak: «Soldaduskara joan behar dugu? Kubara gerrara?». Eta, aurrerago, eskolan: «Euskararen ordez, gaztelaniaz hitz egin behar dugu?».

Gero, bada harritu ninduen kontu bat: bi gerra karlistak etengabe aipatuko zirela espero nuen, eta sei bertsolariek gutxi hitz egiten dute gerrari buruz. Hitz egitekotan, gerrak dituen ondorio kaltegarriez hitz egiten dute, eta gerraren kontra agertzen dira. Gosea, heriotza, gaixotasuna, etxe asko desegituratzea... Kaos hori da azaltzen dena. Nik diskurtso belikoagoak espero nituen.

Garai hartan ez zegoen emakume bertsolaririk?

Bat badago; Xenpelarren iloba. Baina ez daude haren bertso asko jasoak. Tesia egiten ari nintzela, Asteasuko [Gipuzkoa] artxiboan ere agertu ziren emakume batzuen bertsoak, baina gutxi dira. Iturrien ikerketa lana egin behar dela uste dut. Nire tesian emakumeak ageri dira, baina gizonezkoen ahotsetik. Zer esango lukete honi buruz emakumeek?

Zein da atera duzun ondorio nagusia?

Historiografiak asko ikertu du Gipuzkoako modernizazioa, eta hori ez da kontrajartzen bertsolariek diotenarekin. Gipuzkoako modernizazioa nahiko goiztiarra izan zen, hainbat erdigunetan garatu zen, modu gradual batean, eta ez ziren asko izan kanpoko lurraldeetatik egindako migrazioak. Horrek ez zuen ekarri modernizazio traumatiko bat Gipuzkoan, Bizkaian gertatu zen bezala. Eta hori konfirmatu egiten dute bertsolariek. Bertsolarien lanek eta diskurtsoek, agian, Gipuzkoako herritarrei lagundu egin zieten modernizazio prozesua ulertzen, nolabait hitza jartzen bizitzen ari ziren horri. Gainera, identitate prozesu integratzaile bat posible egin zuen modernizazioak; nahitaez ez zen ikusi behar modernizazioa zaharrarekin puskatzen zuen zerbaiten gisara: bazeuden diskurtso batzuk posible egiten zutenak zaharra eta berria lotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.