Donostiako 61. Zinemaldia

Hasteko, animazio bikoitza

Juan Jose Campanella zuzendari argentinarraren 'Futbolín' lehen animazioko filmak harrera ona izan duFontana Rosa idazlearen 'Memorias de un wing derecho' ipuinean oinarritzen da

Juan Jose Campanella filmaren zuzendaria, atzoko prentsaurreko aurretik. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Juan Jose Campanella Argentinako zuzendariaren Futbolin 3D animazioko filmak ireki du Donostiako 61. Zinemaldia. Lehen animazioko filma du, eta ikusleek begi onez hartu dute. Atzoko hasiera ekitaldian, Kursaaleko aretoan jende ugari bildu zen filmak 3Dan ikusteko aukera ematen duten betaurrekoak eskuetan. Pelikulak irauten duen 106 minutuetan, ikusleek gogotsu ikusi zuten: tarte batzuetan isilik eta beste batzuetan barrez. Amaieran, txaloak entzun ahal izan ziren.

Futbolín-ek mahai futbolean aritzea izugarri atsegin zaion Amadeo izeneko gazte baten istorioa kontatzen du. Ia egun osoa ematen du herriko tabernan mahai futbolean jolasten. Egun batean, haurretan etsairik handiena zuena herrira itzultzen da izugarrizko kirol gunea eraikitzeko asmoz. Herritar gehientsuenak, ordea, horren aurka daude. Baina garabiak ekarri, eta taberna eraisteko agindua ematen du, mahai futbola bertan dela. Amadeo lur jota dela negarrez hasten denean malko bat mahai futboletik berreskuratu duen jokalari baten gainera erortzean bizia eskuratuko du.

Ondoren, mahai futboleko gainerako jokalariak bildu ostean, erronka latzari egin beharko diote aurre. Futbol partida batean herria bakean uztea jokatuko dute.

Abentura eta ekintza ziurtaturik daude filmean, baina baita maitasuna eta sentimenduak ere.Amadeori Laura gustatzen zaio,baina ez da bere sentimenduak adieraztera ausartzen. Horrela, badira tartean momentu erromantiko eta intimoagoak ere.

Futbola agertu arren, filmaren emanaldiaren ostean emandako prentsaurrekoan Juan Jose Campanella zuzendariak nabarmendu zuen ez dela futbolari buruzko pelikula bat, eta ez diola futbol munduari erreferentzia zuzenik egiten. Horren ordez, bizitzarekiko pasioa islatu nahi izan du, norbere beldurrak gainditzeko balio duena.

Futbolín Campanellaren lehen animazioko lana bada ere, ez da lehenengo aldia Zinemaldian parte hartzen duena. 2009an Sail Ofizialean lehiatu zen El secreto de sus ojos lanarekin. Badira filmean zehar pelikula ezagunetan oinarritutako eszenak ere: 2001, Casablanca eta Citizen Kane, besteren artean. Animaziokoetan, gainera, haren ustez, uneoro gogoan eduki behar da umeek ikus dezaketen zerbait direla.

Bere ehen animazioko filma Donostiako 61. Zinemaldia irekitzeko hautatu izanak onerako harritu zuen. «Apustu handia deritzot, animazioko industriarentzat hauspo garrantzitsua da».

Animaziokoa hiru dimentsiotan egitea beste apustu bat izan da Campanellarentzat. «Ez zait atsegin gauzak gainera jausten zaizkizuneko sentipen hori, baina plano txikietan oso baliagarria da hurbiltasun irudipena sorrarazteko».

Film hau Argentina eta Espainiaren arteko koprodukzio lanean oinarritu bada ere, jatorria Roberto Fontana Rosa idazle argentinarraren Memorias de un wing derecho ipuinean aurkitu behar da. Jatorrizko film argentinarrak Metegol izenburua du, eta Futbolín espainiako gaztelaniara bikoiztu osteko emaitza da.

Torontoko jaialdian aurkeztu zutenean harrera ona izan zuela eta, korearrek filma erosteko asmoa agertu zuten. 20 bat milioi dolarreko aurrekontua Dreamworks edota Pixar gisako ekoizpen etxeena baino boste edo hamar aldiz txikiagoa izatean, mundu osoko balizko erosleak ere gehiago dira.

Hori dela eta, munduko hainbat txokotan agertu dute filmaganako interesa. Orain artean, besteak beste, Koreara, Thailandiara, Turkiara, Poloniara eta Errusiara saldu dute. Hala zuzendariak nola ekoizleek uste dute frogatua geratu dela posible dela lehian egotea Hollywoodeko sistemaz kanpo dagoen aurrekontu batekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.