17. Korrika

Euskalakariak, bidean

Donostiarantz abiatu da 17. Korrika; Trebiñuko plaza lepo bete du lehen kilometroak egitera joandako jendetzakGuardia Zibilak sarreretan jarritako kontrolek asko zaildu dute herrira iristea

Edurne Brouard, mezua sartzen lekukoan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Trebiñu
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
«Euskal Herrian gaudelako eta euskara maite dugulako» oihu eginez hartu zuen Trebiñuko (Araba) Gutxisolo elkarteko Pilar Ansotegik Korrika 17ren lekukoa. Edurne Brouard Korrikaren koordinatzaileak eman zion, azken egunean irakurriko den mezua barruan sartu ostean. «Trebiñu ere euskararen alde» aldarrikatuz erantzun zion plazan elkartu zen jendetzak, eta lelo hori ahotan hartuta egin zituzten lehen urratsak. 2.000 kilometrotik gorako ibilbidea osatu beharko du Korrikak, apirilaren 17an Donostiara iritsi aurretik.

Trebiñuko plaza mukuru bete zen. Euskal Herri osotik etorritako euskalakari andana zegoen elizaren parean lehen urratsak egiteko zain, nahiz eta Guardia Zibilak jarritako kontrolek asko zaildu iristea. Txalapartariek, adibidez, ez zuten garaiz heltzea lortu. Tamainaz plaza ez da oso handia, eta bildua da. Horrek eta jendeak sentitzen zuen emozioak leku berezi bihurtu zuten. Gose taldeak egindako kantua lagun, Kale Nagusian barrena abiatu zen ehunka lagunek osatutako olatua, aldapan gora. Bero sargoria ere ez zen oztopo izan. Baselizan zegoen bigarren kilometroa. Trebiñuko alkate Inmaculada Ranerok (PP) hartu zuen lekukoa.

Brouardek harro begiratzen zion hiriburuetatik kanpo inoiz ikusi den Korrikaren lehen kilometrorik jendetsuenari: «Bukaerako festan parte hartzeko ohitura handia dago, baina azken aldian gero eta jende gehiagok du hasierara etortzeko joera».

Arabarra eta euskalduna

Trebiñuko hiribilduko alkate Roberto Abajosek hartu zuen hitza Korrika abiatu aurreko ekitaldiaren hasieran. Ezer baino lehen AEKri eta Gutxisolo elkarteari eskerrak eman nahi izan zizkien Trebiñu Korrikaren abiapuntu bihurtu zutelako. «Guretzat oso garrantzitsua da. Eta aukera hau aprobetxatu nahi dut trebiñuarren eskaera berriro aldarrikatzeko: Trebiñu Araba da!».

Asier Amondo AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak euskalakari hitzaren esanahia zein den gogoratu zuen. «Zuek zarete euskalakariak!», egin zion oihu jendetzari. «Mugen gainetik administrazioek euskalakarien eskubideak errespetatzeko lan egingo» dutela ohartarazi zuen.

Juan Mari Juaristiren eta Manex Agirreren bertsoek, Argantzun abesbatzak kantatutako Araban bagare abesti ezagunaren doinuek, joaldunen joare soinuek eta dantzarien agurrak girotu zuten ekitaldia. Trebiñutik Argantzunera eraman zuen lekukoak jai giroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.