Gerizpean

Sagardoaren jai nagusia

Berritasun ugari izango ditu biharko Sagardo Egunak: sagar mota bakarrez eginiko uzta dastatu ahal izango da

jon eskudero
Donostia
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiako Euskal Jaien barruan, 28. Sagardo Eguna ospatuko da bihar, Konstituzio plazan, 11:00etatik 14:00etara bitarte. Gipuzkoako 40 sagardogile bilduko dira guztira, eta euren sagardorik onena jarriko dute dastagai. Horrek aukera emango die sagardozaleei nahi dituzten sagardo guztiak probatzeko. Horrez gain, sagardotegietako langileekin hitz egiteko eta iritziak trukatzeko aukera ere izango da. Sagardoa urteko edozein sasoitan edateko edari aproposa da, baina bihar are aproposagoa izango da. Izan ere, festa giroa izango da nagusi goiz guztian. Trikitilariak ez ezik, bertsolariak eta beste ere ez dira faltako.

Aurtengoan, Gipuzkoako sagardo naturala dastatzeaz gain, hainbat berrikuntza izango dira, jaia berritu, zabaldu eta erakargarriago bihurtzeko helburuarekin. Besteak beste, sagar mota bakarrez egindako sagardoa dastatu ahal izango da. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, EHUko kimika fakultatearekin batera, azterketa bat eraman du aurrera. Bada, emaitza bihar erakutsiko dute, Konstituzio plazako liburutegi zaharrean.

Beste hainbat ekitaldi ere izango dira, egitarau oparoa antolatu baitute. 11:00etan, garai batean egiten zen moduan, idi pareak kupelak eramango dituzte Konstituzio plazara. Bidean, jendeak lehenengo muztioa dastatzeko aukera izango du. Izan ere, aspaldian muztioa edateko ohitura handia zegoen. Bi idi pareak sagardo egunaren berri emanaz iritsiko dira gune nagusira. Han, txalapartariek egingo diete harrera, eta ohorezko topa egingo dute.

Eguerdiko hamabiak inguruan izango da hori. Ondoren, gastronomia elkarteek omenaldia jasoko dute. Sagardoaren kontsumoaren alde eginiko lana eskertuko diete elkarte guztiei. Ekitaldia amaitutakoan, herritarrek nahi adina sagardo dastatzeko aukera izango dute. 14:00etan, bazkaria izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.