PSE «belaunaldi berriei irekitzeko» izan nahi du alderdiko buru Mendiak

«Euskadi berri bati» begira politika beste modu batera egin behar dela dio Jaurlaritzako bozeramaile ohiak.«Pankarta eta instituzioak» uztartu nahi ditu.Idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu du

Idoia Mendia, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Idoia Mendiaren esanetan, PSE-EE erabat aldatzeko, irekitzeko, berritzeko, modernizatzeko eta iraultzeko beharra dagoelako aurkeztu du bere burua idazkari nagusi kargurako. «Euskadi berri bati» begira politika beste modu batean egin behar dela uste duelako. Alderdia «belaunaldi berri bati» ireki behar zaiolako, eta ez delako nahikoa «aurpegi aldaketa soil bat». Patxi Lopez lehendakari zuen Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile zein Justizia sailburu izan zen Mendia, eta astelehenean dimisioa eman arte, PSEko zuzendaritzako bozeramaile izan da, eta orain Lopez idazkari nagusi karguan ordezkatzeko hautagaitza aurkeztu du.

Bakarrik egin du aurkezpena; babes irudirik eman gabe. Bilboko Euskadi plaza aukeratu du ekitaldirako, eta ikurrina izan da erabili duen irudi bakarra. «Euskadi berriaren sinbolo» gisa hautatu du lekua. «Atzo izan ginenak eta bihar izan nahi dugunak bat egiten dute hemen: enpresa lehiakorrak, museoak, unibertsitateak. Hemen, halaber, gure Ramon Rubial omentzen duen kalea». Iberdrola dorre handia dago atzean. Arte Ederren Museoa beste aldean. Deustuko Unibertsitatea eta EHUren Bizkaia aretoa ere bertan dira. Plaza bihurtutako biribilgunea eraikuntza modernoek inguratzen dute. «Bidegurutze honetan, Euskadiko Alderdi Sozialistaren garai berri bat hasteko prest agertzen naiz», adierazi du hedabideen aurrean.

Alderdia «tresna eraldatzaile» bihurtu nahi duela esan du. PSEk izan behar duela «Euskadik behar duen ezkerreko erreferentzia», eta gogotsu dagoela hala izan dadin saiatzeko. «Garai berri bat lideratzeko konpromisoa hartzen dut, alderdi kultura berria duen belaunaldi berri batekin eta herri berri bat egiteko proiektu berriztuarekin».

Bere burua alderdiarentzat «baliagarri» ikusten du Mendiak. Baita «herriarentzat» ere. Eta «labirintutik ateratzeko» lan egingo duela hitzeman du; lehentasuna ekonomiak, enpresak eta zerbitzu publikoek izango dutela bere agindupean. Beste batzuei «estatutu berriak, presoak, politika identitarioak eta doako konfrontazioak» soilik interesatzen zaizkiela esan du.

Alderdi sozialistaren «erdigunea» berreskuratuko duela ere adierazi du: ezkerrari eta federalismoari helduko diela, «eskuinaren eta nazionalismoaren alternatiba gisa». Bide horretan,«harresiak eraiki nahi dituen nazionalismoaren kontra, ahots desberdin, moderno eta plurala» izango dela agindu du.

Horretarako guztirako «jarrerak eta politika egiteko moduak» aldatu behar direnez, horretara doala dio Mendiak: «Sozialismoak behar duen aldaketa ezin da aurpegi aldaketa soil bat izan». Lan moldeei dagokienez, «pankarta eta instituzioak» uztartzeko gai dela dio. «Ezagutzen ditut pankarta politikaren mugak eta baita instituzioen kortseak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.