Diputazioak salatu du beste iruzur bat izan zela Bidegin, eta Goia akusatu du

Arabako obra batzuengatik hamar milioi euro ordaindu zituztela jakinarazi du Gipuzkoako Aldundiak.Aurrekoak gehituta, 24 milioikoa litzateke iruzurra.Azken kasuagatik ez dute salaketa jarri oraingoz

Larraitz Ugarte, Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatua, atzo, dokumentu batzuk erakusten. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Bidegiren auzia handitzeko beste pauso bat eman du Gipuzkoako Diputazioak: beste iruzur bat salatu du, eta zuzenean akusatu ditu aurreko kudeatzaileak. AP-1ean Arabako obra batzuengatik Bidegik hamar milioi ordaindu zituela jakinarazi du Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuak. Susmo bat ere agertu du: diru sailak «puztu» egin zituztela eraikitzaileei gehiago ordaintzeko. Lehen ere salatua du hori Bidegi auzian. Oraingoak bestelako pisua luke, hala ere: dokumentuak sinatu zituztenen artean dago Eneko Goia diputatu ohia —Donostiako alkategai da orain—. Hura akusatu du Ugartek, baina oraingoz ez du auzitara jo haren aurka. Ardura penalik baden «aztertzen» ari dira.

Azaroan hasi zuen Bidegi auzia aldundiak: AP-1 autobidean egin gabeko lanengatik pagatu zutela salatu zuen auzitegian. Bildu gobernura iritsi aurrekoak lirateke iruzurrak. Oraingo salaketa ere kontatuta, denera 23,7 milioi euro.

Funtsa bera da orain ere —lanak egin gabe ordaindu zutela—, baina diferentzia batzuk badira. Batetik, desberdina da obren eremua —Eskoriatza-Arlaban zatikoa da oraingo salaketa; aurrekoak, Eskoriatza-Arrasatekoak—, eta, beraz, enpresa eraikitzaileak ere bai —OHL eta Ferrovial dira orain—. Bestetik, akusatutako pertsonak ere desberdinak dira: Agustin Zugasti Bidegiko zuzendari tekniko ohia eta bi enpresatako ordezkariak dituzte salatuak; orain, aldiz, Bide Azpiegituretako Departamentuko buru ohiak dira jomuga.

Akordioa Arabarekin

Berezitasun bat badu Eskoriatza-Arlaban zatiak: Arabako lurrak ere baditu tartean. Bi aldundiek, obrak aparte ez egitearren, akordio bat egin zuten: Bidegiren esku utzi lanak, eta Arabak hari pagatu zegokion zatia. Hala egin zuten: bi aldeek adostuta, obra zuzendaritzaren oniritziz, 36,3 milioi euroan likidatu zuten Arabako tartea.

Ondoren sortu ziren irregulartasunak, Ugarteren arabera. Arabakoa eginda, Gipuzkoako zatiko likidazioa adostu zuten enpresek eta Bidegik. Hor iruzur egin zutela uste du diputazioak: Arabako zatiak ere sartu zituztela, eta hamar milioi euro gehiago pagatu zituela Bidegik. Likidazioko agiriak hartu ditu frogatzat: lanen kostua kilometro puntuen arabera adierazita dago, eta Arabakoak ere ageri dira, Ugarteren esanetan. Galdetu diote Arabako Aldundiari, eta berretsi die pagatu zuela zegokiona.

Likidazioa «puztu» egin zutela uste du Ugartek, eta Arabako zatia ere sartu zutela horretarako. Datu batzuk aipatu ditu: Arabako tarteko zementuagatik, 800.000 euroan adostu zuten likidazioa aldundiarekin. Bidegik 5,2 milioi erabili zituen kontzeptu horretan.

Oraingoz, salaketarik ez

Gipuzkoaren aldetik agiriak sinatu zituzten lau arduradun ohi aipatu ditu Ugartek: Borja Jauregi Bidegiko zuzendaria, Eneko Goia Bide Azpiegituretako diputatua, Luis Mari Apraiz Errepide zuzendaria, eta Felix Urkola Kudeaketako eta Plangintzako zuzendaria. Ez dute haien aurkako salaketarik jarri oraingoz; «aztertzen» ari dira ardura penalik ba ote duten—berritasuna da hori ere: aurreko bi kasuetan, agerraldietan iragarri dute auzitara jotzeko asmoa—.

Esanahi politiko handia izango luke salaketak, EAJren hautagai baitira aipatutako hiru —Jauregi hila da—: Goia Donostiako alkategai da; Urkola, Lazkaoko alkategai; eta Apraiz Arrasateko listan dago. Salaketa kanpainan jartzea litekeena al den galdetuta, Ugartek erantzun du «errespetatu» egingo dutela bozetako kanpaina, baina «zorrotz» jardungo dutela. «Aldundia ez dago kanpainan».

Ez da bat etorri EAJ: bozen aurretik «eztabaida faltsu bat inposatzea» eta «tranpetan segitzea» leporatu dio EH Bilduri. Ohar bidez adierazi du salaketa «asmatua» dela: «Ez da inoiz zegokiona baino gehiago pagatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.