Jon-Mirena Landa Gorostiza.
Herrira-ren kontrako polizia operazioa. Iritzia

Apologia delitua

2013ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Terrorismo-delitua goratzea omen da Herrira-ren aurkako instrukzioa aurrera eramateko oinarria? Hori izan zen burura etorri zitzaidan lehenengo burutazioa, agian zuzenbide penaleko irakaslea naizen aldetik, begiratzeko modu bitxiak baldintzaturik. Goratzea edota justifikatzea bada aditza, baina zer goratu edota justifikatu? Horra hor arazoa, zigor-legeak sortu duen arazoa alegia. Izan ere gauza bat da delitu jakin bat goratzea eta beste gauza bat pertsona bat goratzea. Apologia delitua jada mugan dago: alegia zuzenbide penalak debeka dezakeen mugan, adierazpen askatasuna kinka larrian jartzen du-eta. Baina apologia zenbat eta zabalagoa izan, hainbat eta handiagoa ere izango da zuzenbide penalak gure adierazpen askatasuna murrizten duen neurria… giza-eskubide hori bera hiltzeraino. Apologia-neurgailu bat balego, lehenengo mailan delituen apologia izango litzateke. Bigarren mailan pertsonen apologia dugu: hemen jauzia itzela da. Ezin al da inoiz modu publikoan holako delitua egin duen pertsona goratu? Ezin al dira halako sentimentuak modu publikoan erakutsi? Ezin egin terrorismo-delituekin goratze hori lotzen ez bada ere? Hirugarren mailan biktimak edota horien senideak umiliatzeko, gutxiesteko edo haien izen ona zikintzeko debekua dugu. Hirugarren honetan bereziki kontuz ibili beharra dago, izan ere biktimekin beti minberak izan behar bait gara. Arazoa ez da hortan legearen helburua, baizik eta debekua interpretatzeko modua: nork erabakitzen du zer den umiliatzea, izen ona zikintzea? Noraino eraman nahi dira kontzeptu horiek? Apologia-delitua, hortaz, terrorismoaren kontrako borrokan mugarik ez duen debeku bilakatu da, diskurtso politiko jakin batzuk isilarazteko erabilia. Apologia-delituak, hain zabala izanik, iparra galdu du, segurtasun juridikoa lehertaraziz, justizia suntsituz.

Baina apologia ez da kontu bakarra. Apologia asko antolatzea terrorismoa al da? Ez dut esaten apologia antolatu denik. Baina jarrai deizaiogun atxiloketa eta instrukzioaren logikari. Kontituzio-Auzitegiak aspalditik, 199/1987koepaiaren bitartez hain zuzen ere, garbi baino garbiago utzi zuen apologia-delitua ezin dela terrorismo-delituekin parekatu. Aipatu epaian 1984ko terrorismo-legearen konstituziokontrakotasuna aztertzen aritu zen auzitegia eta konklusio batera iritsi zen: lege horretan arautzen ziren salbuespenezko neurriak (atxiloketa-epe bereziak, inkomunikazioa etabar) ezin ziren apologia-delitutara aplikatu. Eta horren ondorioz apologia-delitua egiten duenari edota hura antolatzen duenari ezin zaio egotzi terrorismo-taldekide izatea. Agian horregatik atxilotuak epaile aurrera eraman dituzte inkomunikatu gabe, eskubide horien suspentsio salbuespenezkoa guztiz ez-proportzionala izango litzateekeelako.

Azkeneko hausnarketa. Estatuaren gehigekeriaren aurrean, Estatuaren abusuaren aurrean, indarkeriaz ez baizik eta arrazoibidez erantzunez gero, epe motzean ematen du ez dela ezer lortzen. Epe luzean, ordea, zentzuzko gehiengoaren sostengua lortuko da eta horren bitartez benetako justizia berrezartzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.