Tapia, Duesoko kantutegian

Luis Rezola gudariak espetxean sorturiko kantak bildu ditu Joseba Tapiak, eta gitarraz joko ditu gaur Donostian

Tapiak soinu txikia baztertu, eta gitarra hartu du. KEPA GONZALEZ.
Erredakzioa
2013ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Historian kantugintzarako iturria bilatu du lehen ere Joseba Tapia musikariak. 1936ko gerrako doinuak berreskuratu zituen Agur Intxorta maite diskoan, 2001ean, eta Karlistadetakoak Eta tira eta tunba lanean, 2010ean. Oraingoan, Duesoko presondegitik (Espainia) gudari batek idatzitakoak erabili ditu, Tximela kapitainaren izarrak lanerako. Soinu txikia albora utzita, gitarrarekin dabil orain Tapia.

Luis Rezola Arana izenarekin jaio zen 1914ean, gero Tximela kapitaina bihurtuko zen tolosarra. Bertsozale zen nerabezaroan, baina 22 urte eskas zituenean jo zuten faxistek altxamendua. Eusko Gudarostean sartu zen, eta Gorbeian, Oizen, Gernikan eta Bilbon ibili zen borrokan. Luze gabe, kapitain izendatu zuten gudarien arteko izardunik gazteenetakoa. Duesoko espetxean preso, sufrimenduari hitzak jarri zizkion Tximelak.

Tapiak musikara eraman nahi izan du egoera gogor haren zirrara. Espetxeko paretak bezain gordin eta biluziak dira kantak. Tapiaren ahotsa eta gitarra, Luis Fernandezen biolontxeloa eta Jexux Aranbururen teklatuak gehitu dizkio. Eta horrenbeste minen ondoan, umorerako aukera ere ematen dute Tximela kapitainaren hitzek, esaterako, Jueza eta ni abestian, frankisten epaiketa militarren ingurukoan.

JARDUNALDIA

Noiz. Gaur, 21:00etan.

Non. Lugaritz kultur etxean, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.