Munduko mendi zinemagintza

Tolosan Mendi Film jaialdiko filmak eman eta Transantartika 2011 espedizioko irudiak aurkeztuko dituzte gaur
<em>Fly or die</em> filmak irabazi du film labur onenaren saria.
Fly or die filmak irabazi du film labur onenaren saria. BERRIA

Ainhoa Arano -

2012ko martxoak 6
Tolosan (Gipuzkoa) nazioarteko mendi zinemagintzaz gozatzeko aukera paregabea izango da gaur eta bihar. Leidor antzokian, 19:30ean, IV. Mendi Film jaialdiko film hautagaiak eta sarituak izango dira ikusgai.

Gaur, Arditan pelikula jarriko dute, Mendiko kultura saria irabazi duena, Egoi Markaida euskal zuzendariaren lana. Artzain baten eta haren familiaren egunerokotasuna agertzen du filmak. Horretaz gain, Fly or die Mendiko kirolen saileko film onena eta Cold film labur onena izango dira ikusgai. Eguneko egitaraua ezin hobeto itxiko dute, Transantartika 2011 espedizioaren irudien aurkezpenarekin. Juan Vallejo, Mikel Zabalza eta Alberto Iñurrategi mendizaleek egindako espedizioa da hori, eta abentura horretako protagonistetako bat izango da Tolosan, Vallejo.

Bigarren egunean, film hauek emango dituzte: Wildwater —argazki onenaren saria—, The Hardest of the Alps, Línea continua, The Swiss Machine, Next Time Inshallah eta Broad Peak: Hastapenetara itzulera. Azkeneko biak Josu Bereziartua eta Alex Garcia de Bikuña euskal zuzendarien lanak dira, hurrenez hurren. Bereziartua bertan izango da, bere lana aurkezteko. Filmak jatorrizko bertsioan ezarriko dituzte, euskarazko azpidatziekin. Saio bakoitzerako sarrerak 5 euro balio du.

MENDI TOUR 2012

Noiz. Gaur eta bihar, 19:30ean.

Non. Tolosako Leidor antzokian, Gipuzkoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna