Emakumeen Nazioarteko Eguna

Lanean bazterketa pairatzeko arriskua ikusten dute neskek

Emakumeen okupazio tasak gora egin du, baina, hala ere, gizonena baino baxuagoa da oraindik ere

Erredakzioa
2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Lan munduko genero bazterketari buruz emakume gazteek duten pertzepzioak okerrera egin du azken urteotan. Eusko Jaurlaritzaren Gazteen Euskal Behatokiak 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 neska-mutilekin egindako azterlan baten arabera, andrazkoen %28k uste dute beren prestakuntza bereko gizon batek aukera gehiago izango lituzkeela lanpostu bat eskuratzeko, gizon izate hutsagatik —2008an %23k uste zuten hori—. Halere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeen %57k eta gizonen %64k adierazi dute sexuak ez lukeela eraginik izango.

Behatokiaren azterlanak dioenez, gizonei gehiago kostatzen zaie genero desorekak antzematea, eta orain lau urte baino gutxiagok antzematen dituzte. Etxeko lanen esparruan ere pertzepzio desberdina dute emakumeek eta gizonek. Bikotekide heterosexualarekin bizi diren andrazkoen %40k adierazi dute eurek egiten dituztela lan guztiak edo gehienak, eta %45ek erdibana egiten dituztela. Aldiz, gizonen %26k baino ez dute aitortu beren bikotekideak egiten duela guztia edo gehiena, eta %51k esan dute lanok banatzen dituztela.

Eustatek emandako datuen arabera, berriz, 16 urtetik gorako emakumeen %93,4 otorduak prestatzen aritzen dira, eta egunean ordu eta erdi eskaintzen diote lan horri; gizonen artean, portzentajea %76,3koa da, eta egunean 38 minutuko tartean. Alderik handiena garbiketan dago: andreen %72,9k egiten dute, eta gizonen %24,5ek baino ez.

Zaintzan, aldiz, datuak parekatzen ari dira pixkanaka. Emakumeek egunean bi ordu eskaintzen diote haurren zaintzari, eta bi ordu eta laurden helduenari; gizonek, berriz, ordu bat eta 19 minutuz egoten dira umeekin, eta ia bi orduz helduekin.

Emakumeen okupazio tasa ere hobetzen ari da apurka (%58,4koa izan zen 2012an), baina jarduera tasak —biztanleria aktiboaren barruan, lanean zein lan bila ari direnen kopurua— baxuagoa izaten jarraitzen du andrazkoen artean, %49,1ekoa; gizonen artean %61,1ekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.