Euska presoak. Abokatuen kontrako polizia operazioa

Abokatu denak askatu dituzte

Inputatu egin ditu epaileak, eta defentsa lana murriztu die.Jon Mintegiaga, Jabi Carbadillo eta Fran Balda espetxera bidali ditu.Guardia Zibilaren egoitzetara deitu dituzte Herrira-ren auzian inputatuak

1 J. DANAE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Abokatuak bai, baina Herrira-ko diruzaintzaz arduratzea egotzi dietenak ez. Guardia Zibilak asteleheneko operazioan atxilotu zituen abokatu guztiak aske utzi ditu Eloy Velasco epaileak, deklarazioa hartu ondoren. Hamabiak. Herenegun askatu zituen bost, eta atzo gainontzeko zazpiak. Ez du gauza bera egin, ordea, deseginda dagoen Herrira plataformakoak izatea egotzita atxilotu, eta epailearen aurretik atzo arratsaldean igaro zirenekin. Fran Balda, Jabi Carbadillo eta Jon Mintegiaga espetxera bidali zituen Velascok iluntzean, baldintzarik gabe.

«Erakunde terroristako kide» izatea, hura finantzatzea, Gizarte Segurantzari iruzur egitea, zerga iruzurra egitea eta dirua zuritzea egotzi die epaileak espetxeratu dituen hiruei. Nagore San Martini ere akusazio bera egin zion Velascok. Inputatu egin zuen argudio horrekin, baina aske utzi zuen asteartean, deklaratu ondoren. Hori bai: Herrira-n jardutea debekatu zion.

Abokatuak aske utzi zituen epaileak. Diru bermerik gabe, baina ez baldintzarik gabe. Pasaportea kendu diete guztiei, eta hilero epaitegian sinatzeko agindua jaso dute.

«Bisita antolaturik» ez

Ez hori bakarrik: euren lana erabat baldintzatua izango dute. Abokatuei ukatu egin die beren lana normaltasun osoz eta berme guztiekin egitea. Espetxeetara «bisita antolatuak» egitea debekatu die epaileak, instrukzioak irauten duen bitartean. Euren bezeroak ikusi ahal izango dituztela adierazi du Velascok, baina bakarka, aurrez aurre, «preso jakinekin eta ekinbide prozesal edo espetxealdi jakinei buruzko saioetarako».

Baldintza horiekin askatu zituzten atzo eguerdian Aiert Larrarte, Ainhoa Baglietto, Atxarte Salvador, Jaione Karrera, Kepa Manzisidor, Alfontso Zenon eta Ane Ituiño abokatuak, herenegun epailearen aurrean deklaratu zuten beste bost abokatuak bezala. Atxilotu bakoitzak, aske geratzeko, 50.000 euroko bermea ordain zezan nahi zuen fiskalak. Epaileak bermerik ez zien jarri, baina bai baldintza gogorrak.

Inputatu egin ditu hamabi abokatuak. «Erakunde terroristako kide izatea edo hari laguntza ematea» egotzi die Velascok. Dirua zuritzea, eta BEZarekin iruzurra egitea.

Baldintzak baldintza, askatu egin zituzten, eta pozik zeuden kaleratu berritan. Baita haien senide eta lagunak ere. Atxiki zituztenetik zain zituzten, eta askatu zituztenean Auzitegi Nazionalaren aurrean ziren, asko, esperoan. Irribarreak, musuak eta besarkadak izan ziren nagusi. Abokatuen defentsa lanetan aritu direnak, haien lankideak askatuko zituztela esatera atera zirenean, txalo artean hartu zituzten senideek.

Ez da amaitu

Eguerdian, abokatuak askatuko zituztela zabaltzen ari zen une berean, pertsona gehiago jopuntuan jartzen ari ziren. Duela urtebete Herrira-ren aurkako polizia operazioan atxilotu eta inputatu zituzten herritarrak Guardia Zibilaren telefono deiak jasotzen hasi ziren. Inputatuta zeudela eta Guardia Zibilaren egoitzetara deklaratzera joan behar zutela jakinarazi zieten telefonoz. Zitazioen bila joan behar zutela lehenik, hitzordurako eguna, ordua eta lekua ezagutzeko. «Langileen aurkako delitua» egitea leporatuta deitu zituzten guztiak deklaratzera.

Herrira-koak izatea egotzita honako hauek atxilotu zituzten iazko urtarrilean Velasco epailearen beraren aginduz: Jexux Mari Aldunberri, Jon Garai, Jose Antonio Fernandez, Nagore Garcia, Sergio Labaien, Manu Ugartemendia, Eneko Villegas, Roberto Noval, Ibon Meñika, Beñat Zarrabeitia, Oskar Sanchez, Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ekain Zubizarreta, Imanol Karrera, Ane Zelaia eta Gorka Gonzalez. Fran Balda ere bai, baina astelehenean berriz atxilotu eta atzo espetxeratu zuen epaileak. Duela urtebete, Herrira «ETAren garroa» zela esanaz justifikatu zuen operazioa Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Orain, inputatuta dauden horiek deklaratzera deitu ditu Guardia Zibilak, Herrira-ko langileen kontrako delitua egin izana egotzita.

Gipuzkoarrei atzo arratsalderako jarri zieten hitzordua. Intxaurrondora joan ziren inputatuak, eta elkarrekin deklaratzeko aukera izan zuten. Baina, BERRIA-ri azaldu diotenez, ez zuten galdeketarik izan. Langileen aurka delitua egitea egozten zietela besterik ez zieten esan guardia zibilek.

Bizkaiko inputatuek gaur joan behar dute Salvera. Eguerdian batzuek, 17:00etan besteek. Nafarroakoei eta Arabakoei ere gaurko jarri dizkiete hitzorduak, Guardia Zibilak Iruñean eta Gasteizen dituen komandantzietan.

Albistea ezagutzean jasotako ezusteaz gain, beste arazo batez ere konturatu ziren akusatuak: ezin zutela euren abokatuen laguntzarik jaso. Batzuk atxilotuta zeuden, eta besteak Madrilen. Arazoa aurkeztu, eta beste alor batzuetan lanean jarduten duten abokatuen babesa jaso zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.