Korsikako nazionalisten eskaera nagusien aurka agertu da Macron

Korsikeraren koofizialtasuna eta egoiliar estatusa Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat jo ditu Frantziako presidenteak. Pe A Corsicako diputatuek «preso politikoen» sakabanaketa kritikatu dute

Jendea Korsikako banderak astintzen, hauteskunde kanpainako Pe A Corsica koalizioaren ekitaldi batean, azaroan. OLIVIER SANCHEZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Pe A Corsicak nagusitasunez irabazi zituen Korsikako hauteskundeak, abenduaren 10ean. Femu A Corsica autonomistak eta Corsica Libera independentistak osatutako koalizioak bozen %56,5 lortu zituen. Frantziako presidente Emmanuel Macronek, ordea, koalizioaren helburu nagusietako biren aurka egin du.

«Posible da aldaketak egitea, baina esparru baten barruan, Frantziako Konstituzioarenean. Esparru horrek ezin ditu hainbat erreibindikazio bete: adibidez, egoiliar estatusa eta korsikeraren koofizialtasuna», adierazi zuen Frantziako presidenteak El Mundo egunkariak argitaratu eta berri agentziek zabaldutako elkarrizketan.

Nazionalistek uko egin diote epe motzera independentzia lortzeari, eta autonomia lortu eta garatzea ezarri dute datorren hamarkadarako helburutzat. Garapen horren barruan kokatu dituzte Macronek ezinezkotzat jo dituen bi puntu horiek.

Korsikera pixkanaka normalizatzen ari da politikan, eta politikari nazionalistek jada erabiltzen dute legebiltzarrean eta euren esku dauden udaletan. Testu ofizial ugari ere bi hizkuntzatan argitaratzen dituzte. Koofizialtasuna emateko, ordea, konstituzioa aldatu beharko litzateke, eta horrek bretoiei eta euskaldunei bidea irekiko lieke eskaera bera egiteko.

Egoiliar estatusa, berriz, hango biztanleen eskubideak bermatzeko neurri gisa aurkeztu dute hauteskunde kanpainan. Korsika Frantziako eskualde pobreenetako bat da, eta hango herritarrek uhartera joaten diren frantziarrekiko lehentasuna izatea du helburu, besteak beste, jabetza pribatuak eskuratzeko orduan. Horrela, etxebizitzen espekulazioaren aurka borrokatu nahi dute.

Hauteskundeetako garaipenarekin batera, Frantziako Barne ministro Gerard Collombek adierazi zuen Paris prest zegoela nazionalistekin elkarrizketak hasteko, «korsikarren eskaera ugariei aurre egiteko». Orduan, Gilles Simeonik, Pe A Corsicako zerrendaburuak, «adeitasunezko protokolotik» haratago joateko beharra adierazi zien: «Benetako elkarrizketa bat espero dugu estatuarekin».

Orain, ordea, marra gorriak finkatu ditu Macronek, eta kolektibitate berriaren zereginak ongi funtzionatzea jarri du helburutzat, «irlaren garapena bermatzeko». Izan ere, 2018tik aurrera kolektibitate bakarra osatuko dute Korsikan, orain arte indarrean zeuden bi departamenduak batuz.

Presoen gaia mahai gainean

Macronek, ordea, ez dio aipamenik egin Korsikako nazionalisten beste eskaera nagusietako bati, Frantzian espetxeratuta dauden «preso politiko korsikarren» itzulerari. «Presoentzako eta iheslarientzako amnistia beharra dago. Urte luzez, Parisek uko egin dio gaiaz hitz egiteari. Orain, berriz ere, mahai gainean dago», azaldu zuen Corsica Libera alderdiko buru Jean Guy Talamonik, hauteskundeetako garaipenaren ostean.

Orduan, Youssef Badr Frantziako Justizia Ministerioko bozeramaileak uko egin zion amnistiaz hitz egiteari, baina presoen gerturatzea aztertuko dutela azaldu zuen, «euren senideei bidaia garesti eta zailak saihesteko». Izan ere, FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak, uharteko talde armatu nagusiak, 2014an erabaki zuen armak uztea.

Nazionalistek behin eta berriz egin duten eskaera da presoena. Aurreko astean Pe A Corsicak Frantziako Asanblea Nazionalean dituen hiru diputatuk Fleury-Merogisko espetxea bisitatu zuten, presoen gerturatzea eta amnistia eskatzeko. Urtarrilean, Meauxko, Fresnesko eta Villepinteko kartzelak ere bisitatuko dituzte.

«Korsikarrak preso dauden instituzio horietara egiten ari garen bisitak zabaldua dagoen eskaera bat azpimarratzea du helburu, zatiketa politikoetatik haratago: presoen gerturatzea», adierazi zuen Paul Andre Colombani diputatuak. Lege arrunta aplikatu beharra ere aipatu zuen, «familien mesederako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.