Gaur astebete Sinaiko penintsulan erori eta 224 bidaiariren heriotza eragin zuen Airbus A321 hegazkin errusiarraren ezbeharra zerk eragin zuen argitu aurretik Londres eta Washington atentatu baten usteak zabaltzen aritu izana gogor gaitzetsi dute aurreko egunetan Errusiako agintariek. Atzo, baina, FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federaleko buruaren gomendioa aintzat hartu eta Egiptorako hegaldi errusiar guztiak bertan behera uzteko agindu zuen Vladimir Putin presidenteak. Egipton oraintxe bertan dauden 50.000 turista errusiarrak etxeratzeko neurriak hartzen hasiak dira dagoeneko —Xarm el-Xeikh eta Hurgana hiri turistikoetan daude gehienak—, baina, bi hiriotako aireportuen gaitasuna aintzat hartuta, guztiak aberriratzeko «gutxienez hilabete» beharko dute, Irina Tiurina Errusiako Turismo Industriako sindikatuko bozeramaileak Interfax agentziari adierazi dionez.
Terrorismoaren aurkako Batzordearen bileran egin zuen KGB ohiko buruzagiak, atzo, Errusiak Egiptorako hegaldi guztiak bertan behera uzteko gomendioa. Urriaren 31n Xarm el-Xeikhetik San Petersburgora bidean zela A321 hegazkinak izandako ezbeharraren «benetako arrazoiak» argitu artean, Egiptorako hegaldiak eteteko aholkatu zuen Segun Bortnikov FSBko buruak, «bereziki kanal turistikoekin lotutako hegaldiak».
Putinek azkar batean hartu zuen aintzat Errusiako segurtasun zerbitzuko buruaren gomendioa, eta gobernuari behar diren neurriak hartzeko agindu dio, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek jakinarazi duenez: «Egiptoko aldearekin koordinatzeko ere agindu du presidenteak, aire komunikazioaren segurtasuna bermatzeko».
Metrojet konpainiaren A321 hegazkina zergatik erori zen argitzeko ikerketa ofiziala ezbeharra gertatu orduko hasi zuten Errusiak eta Egiptok —Estatu Islamikoaren sail batek bere gain hartu zuen eraistea, baina ez diote sinesgarritasunik eman—, eta bi kutxa beltzak aztertzen ari dira aste hasieratik. Hegazkina airean zartatu zela erakutsi dute puskak zortzi kilometro luze eta hiru kilometro zabaleko eremu batean barreiatu izanak, eta hondamendia pilotuen hutsegite batek edo akats tekniko batek eragin izana erabat baztertu zuen Metrojet konpainiak berak aste hasieran.
AEBek eta Erresuma Batuak, aurrena inteligentzia militarreko iturriak aipatuta eta gero Barack Obama presidentearen eta David Cameron lehen ministroaren adierazpenekin, hegazkineko maleta biltegian bonba bat lehertu izanaren zantzuak haizatu dituzte egunotan. Errusiak oinarririk gabeko espekulazioak egitea leporatu zien aurrena, atentatu baten hipotesia defenditzeko zantzurik ez zegoela argudiatuta, baina astearterako jada atentatu baten aukera ere ikertzen ari zirela onartu zuen Moskuk.
Erresuma Batuak Egiptorako hegaldiak bertan behera utziak ditu, Irlandak, Herbehereek eta Ukrainak etenak dituzte Xarm el-Xeikherako hegaldiak, eta Lufthansak eta Airt Francek Sinaiko penintsula zeharkatzeari uko egin diote. Eta orain, Errusiaren erabakiarekin, kolpe gogorra jaso du Egiptoko turismo sektoreak.
Britainiarren aberriratzea
Atzo hasi ziren Easyjet, Monarch eta Thomson Airways konpainiak Xarm el-Xeikh hiritik turista britainiarrak etxeratzen, iragan larunbateko ezbeharra izan eta asteazkenetik ez baita Erresuma Baturako hegaldirik izan. Eta kaos erabatekoa sortu zen Itsaso Gorriko hiri turistikoko aireportuan, hasieran iragarritako 29 hegaldien ordez zortzi baizik ez baitzituzten baimendu Egiptoko agintariek.
Segurtasun arrazoiengatik, eskuko puskak soilik eraman zitzaketen bidaiariek, hegazkinaren biltegian fardelak sartzea galarazi baitute. Aireportuan 120 tona maleta pilatu ziren —30.000 turista britainiar daude—, eta Egiptoko Abiazio Zibileko ministro Hosam Kamalek azaldu du ez daukatela horrenbeste ekipaje gordetzeko tokirik. Horrek eragin zuen uste baino hegaldi gutxiago ateratzea.
Errusiak ere bertan behera utzi ditu Egiptorako hegaldi guztiak
Airbus A321 hegazkina zergatik erori zen argitu arte debekatu ditu hegaldiak Putinek.Egoera kaotikoan hasi dute Erresuma Batuko turisten aberriratzea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu