Jo behar zuenean jo

Haizea gora eta haizea behera. Txanda batetik bestera haizea sortuz gero erabakigarria izan zitekeela aurtengo Kontxako Banderako garailea zehazteko. Denak haizeari begira: telebistaz ikusten ari zirenak, indarra neurtzen duen zenbakiari; Donostian zeudenak, natural-natural neurtzen haizea. Eta azkenean zer, eta denak zerura begira zeudela, Urdaibaik ia erabakita utzi zuen urteko estropada preziatuena, eremu marka puskatzetik bi segundora bakarrik geratuta. Jo behar zen lekuan jo zuelako.
Hala adierazi zion Euskal Telebistari Gorka Aranberrik, Urdaibaiko patroiak, lehen txanda bukatu berritan: «Jo behar genuenean jo dugu». Kazetariak ez zion galdetu zein puntu izan ziren horiek, Bermeoko talde indartsuaren kolpeak ikusi zituztenak. Galdetuta ere ez zion erantzungo patroiak, ziurrenik. Ez zeukan zertan, gainera.
Haizeak ez, Urdaibaikoen joak eta une zehatzetako joak erabaki du aurtengo bandera. Okerrik ezean, Bermeora joango da Donostiako bandera preziatua. Hasi eta buka jo heldu zien aurkariei lepotik, eta majo estutu zien zintzurra, burua alde batera eta lepoa bestera banatu arte. Kaiku aurreikusten zen Urdaibaikoen etsai handiena aurreneko txandan. Hala izan zen, baina batzuek espero zuten baino urrutiago geratu zen Sestaoko taldea: hamar segundora. Eta eskerrak aurreneko luzean ondo eutsi zion Kaikuk Urdaibairi. Hiru segundo baino ez zituen alde Jon Salsamendiren taldeak.
Aurreneko kaletik joan zen Urdaibai, bigarrenetik Kaiku. Igandeko giroarekin, kale onenak ziren kanpora joateko. Ondo baliatu zuten hori biek. Bueltakoan, beste izkinako kaleak ziren onak, batez ere laugarrena, eta haraxetik ibili zen Urdaibai. Barrurantz utzi zuen txiki Kaiku, beste zazpi segundo sartu zizkiolako. Hamar azkenean.
Bigarren txandakoen txanda etorri zen gero, eta Hondarribiak ere bazterrak puskatzera irten zuen. Hasieratik hartu zuen burua, Oriori lauzpabost segundo sartuz, eta hori izan zen deigarria, Orio ez ibiltzea gertuago. Bi horiek ere lehen eta bigarren kaletik joan ziren, eta kanpora erraz moldatu ziren. Datu honek berretsi du hori: Hondarribiak Urdaibaik baino bi segundo gehiago behar izan zituen kanpoko balizara heltzeko. Handik aurrera gertatu zen ezustea, oso gutxik uste zutelako barrura etortzen Hondarribia Urdaibai baino gaizkiago moldatuko zela. Baina gertatu egin zen, eta, azkenean, 11 segundo gehiago behar izan zituen Hondarribiak. Orio hemeretzira geratu zen Urdaibaitik.
Lau handiak hurrengo igandeko ohorezko txandan sartzea ez zen ezustea izan. Nahikoa egin zuten Portugaletek eta Cabok lehen txandan Urdaibairen erauntsiaren aurrean, eta San Juanek lan ona egin zuen bigarrengoan. Hiruren denborak ikusi besterik ez dago lan ona egin zutela ikusteko. Donostiarrak egin zuen azkena, espero bezala. Ez zen ezusterik izan horretan.
Igandetik igandera orain. Denak jarri dira herenegungo denborei begira, aste honetako azkeneko egunean iraultzarik gerta daitekeen edo ez aztertzeko. Halakoetan egin ohi den bezala, aurreko urteetako erreferentziak plazaratzen hasten dira, eta iraultza gertatzea iraganeko datu horien mende badago, iraultzaren zain egon beharko dute.
Hondarribiarena, 2005ean
Oso atzera egin behar da urteetan azkeneko iraultza handia aurkitzeko. 2005ean izan zen, eta Hondarribiak astindu zituen bazterrak. Nola, gainera. Eguraldi aldaketa baliatuz, hankaz gora bota zuen Astillerok, lehen igandeko onenak, ateratzen zion aldea. Hamalau segundo atzetik ekin zion lanari, eta hogei kendu zizkion bigarren igande hartan.
Eguraldiak eragin erabatekoa izan zuen egun hartan. Datorren igandean zer itsaso eta zer haize egongo den esateko goiz da oraindik, eta Urdaibai Kontxako tronutik botatzeko, naturaren laguntza izan beharko dute Kaikuk, Hondarribiak eta Oriok. Eta hala izanda ere, Urdaibaik beldurra ematen du oraindik ere. Beldurra eta konfiantza. Igandean gertatua gertatzea ez zen erabateko ezustea izan. Lau faboritoen artean bakarren batek baldin bazuen aukera beste hirurak txiki uzteko, hori Urdaibai zen.
Oinarri sendoa ipini dio iaz eskuetan izan zuena eta galdu zuen hori bere egiteko. Agian, duela urtebete gertatu zen hartan dago herenegun ikusi zenaren sorrera eta hazia.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.