Albistea entzun

Biharamuna iristen denekoa

Simon Norfolk argazkilariak memoriaren eraikuntzaz gogoeta eragitea du xede. Iruñeko Ziudadelan dago ikusgai 'Genozidioa, paisaia, memoria' erakusketa, haren 40 argazkiz osatua
Irudian, Norfolkek Afganistanen, 2001. urtean, gerra bete-betean zela, ateratako argazkietako bi. Irudiok islatzen dute nola egiten duen aurrera egunerokoak gatazkaz gaindi.
Irudian, Norfolkek Afganistanen, 2001. urtean, gerra bete-betean zela, ateratako argazkietako bi. Irudiok islatzen dute nola egiten duen aurrera egunerokoak gatazkaz gaindi. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Naiara Elola -

2018ko apirilak 11 - Iruñea

Zerua goibel dago, eta euria hastear dela irudi du. Argazkiaren erdigunean, Kabulen garai batean erakusketak eta kontzertuak egiteko erabiltzen zen eraikin baten arrastoak ageri dira. Izkina batean, berriz, gizonezko bat dago, eskuetan koloretako puxikak dituela. Simon Norfolk argazkilariaren (Lagos, Nigeria, 1963) Genozidioa, paisaia, memoria erakusketako 40 argazkietako bat da hori, Iruñeko Ziudadelako Mistoen aretoan ikusgai jarri duena. Bisitariak gerra baten ondoren geratzen diren suntsipena eta esperantza falta ikusi ahal izango ditu erakusketako irudietan. Heldu den maiatzaren 13ra bitarte egongo da zabalik.

2001eko irailaren 11n New Yorkeko Dorre Bikietako atentatuek «etena» eragin zuten Simon Norkfolken argazkilari ibilbidean. Ehunka lagun hil ziren, eta, gertakari hartatik aurrera, AEBen eta munduko hainbat herrialderen arteko —tartean Afganistan eta Irak— gerren ondorioak erretratatu ditu batez ere. Xose Garrido erakusketako komisarioaren irudiko, «Norfolken helburua ez da kokagune jakin batean gertatu denaren berri ematea, ikusleari gogoeta eragitea baizik». Halatan, Ziudadelara joaten den bisitariak ez ditu ikusiko edozein hedabidetan maiz argitaratzen diren gerretako ohiko eszenak. Gatazken, inperioen desagertzearen nahiz gainbeheraren ondotik geratzen dena da artistak plaka kameraren bitartez harrapatzen duena.

Izan ere, haren irudiko, inperio orok, bere gainbeheraren eta desegitearen orduan, garai loriatsuen aztarnak uzten ditu atzean, hondakin historiko moduan. Hala, «arkeologia» horri guztiari arretaz begiratuta ondorioak atera daitezkeela dio. Hain zuzen ere, ondorio horiek baliagarriak izan daitezke memoria historikoa eraikitzeko. Beraz, artistarentzat paisaiak dira bereziki erakargarri, paisaiak berak «nahikoa esaten» duela uste baitu.

Genozidioa, paisaia eta memoria erakusketa osatzen duten 40 argazkiak bost serietakoak dira: Afganistan, Bagdad, Bosnia, Beirut eta Israel/Palestina. Garridok argitu duenez, serie horiek ez dira itxiak. 2008a baino lehen ateratako argazkiak daude, baina azken urteetan argazkilaria zenbait serie osatzeko lanean aritu da. Izan ere, azken hamar urtean gatazkek ez dute etenik izan Afganistanen nahiz Iraken. «Jakin badakit Norfolk behin baino gehiagotan itzuli dela Afganistanera», azaldu du erakusketaren komisarioak.

Begirada aldaketa

Sarritan, gerra edo gatazka bat hasi berria denean, hedabideen artean nolabaiteko lehiaketa bat hasten da: lehena izateko lehiaketa, hain zuzen ere. Norfolk bera ere gisa horretan hasi zen lanean. Gertakariren baten beroaldian jartzen zuen hark ere fokua. «Egiten ari zenaz hausnartzen hasi zen, eta ohartu zen argazkiak egiteko modu hori ez zela nahikoa», azaldu du Garridok. Argazkiak egiteko modu «hotzagoaren» aldeko hautua egin zuen, «beroaldietatik» urrun zegoena. Nolabait esatearren, argazkilari moduan zuen begirada aldatu zuen. Lehentasuna kendu zion azkarra izateari. Gertatutakoari garrantzirik ukatu gabe, leku horretan eraikitzen ari zen errealitate berriari erreparatzen hasi zen; gerraren edo gatazkaren biharamunari, alegia.

Hautu horrek teknikoki ere izan zuen eraginik. Kamera digitala alboratu, eta argazkiak plaka kamera bidez egiten hasi zen. Horrekin, azkartasuna «galdu» zuen, argazkiak ateratzeko esposizio denbora gehiago behar zuelako. Hala, mugimenduak fokua galtzea eragiten du, zenbaitetan. Baina Garridok argazkiak ateratzeko modu hori aldarrikatu du, besteak baino «egiazkoagoa» dela irizten diolako. Gainera, komisarioaren ustez, artistak konplexurik gabe erakusten ditu argazkiak ateratzeko modu horrek dituen «ahultasunak eta sendotasunak». Iruñean ikus daitezkeen argazkietako bat da horren adibide. Beste behin, Kabuldik oso gertu dagoen paisaia bat ageri da. Gerraren arrastoak nabarmenak dira. Artalde bat ageri da. Baina ardi batzuk ez dira oso argi ikusten, lausotuta daude. Plaken kamera erabiltzearen «zehar kaltea» dela dio Garridok. Adierazi du zehazki argazki horrek Simon Norfolken lanaren «egiazkotasuna» frogatzen duela .

Haren argazkietan, Norfolk ez da arinkerian aritzen. Mintzagai duen gaia oso mingarria izan arren, ez du indarkeriaren edo gerraren irudi espliziturik baliatzen. Kontatu nahi duen hori kontatzeko aliatu modura erabiltzen du bisitariaren irudimena. Izan ere, gizakiaren izana ezagutzen duenak badaki argazkietan zer gertatu zen, zer ari den gertatzen, eta, ziurrenik, zer gertatuko den.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Belako taldearen kontzertu bat Donostian, iazko urrian. ©Idoia Zabata, FOKU

La Femme, Anari, Belako eta beste, Donostiako Boga Boga musika jaialdiaren lehenbiziko aldian

Uxue Rey Gorraiz

Irailaren 8tik 10era bitarte eginen dute festibala, hiriko zenbait tokitan. «Musika independentearen alde egiteko jaialdia» izanen da, antolatzaileen esanetan. 25 kontzertu iragarri dituzte oraingoz.

Luigi Anselmi idazlea, bere lan berria esku artean duela, Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, liburuaren aurkezpen egunean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Luigi Anselmi: Laguntasunari elegia bat

Naroa Torralba Rodriguez

Larrazkeneko argi-ilunetan poema liburua kaleratu du idazleak, Pamiela argitaletxearekin. Poema gehienak bere lagunei eskaini dizkie. Olerkien artean, Jose Enrique Urrutiaren irudiak daude tartekatuta

Arte Ederren udako ikastaroko antolatzaileak, atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bildumagintza pribatutik publikorako saltoa, Arte Ederren udako ikastaroan

Miren Mujika Telleria

Arteari eta bildumazaletasunari buruzko udako ikastaroa antolatu dute Bilboko Arte Ederren Museoak eta Gondra Barandiaran fundazioak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.