Hamaika Txillardegi, bakarrean

Gaur bost urte dira Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' politikari, idazle eta hizkuntzalaria hil zela. Ekitaldiak antolatu ditu Txillardegi Liburutegia kultur egitasmoak

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Txillardegi asko gordetzen ditu Jose Luis Alvarez Enparantzak. Pentsalaria eta ekintzailea, eta, batez ere, aitzindaria izan zen Txillardegi. Mugarria izan zen Euskal Herriko politikan, hizkuntzalaritzan eta literaturan. Eta itzal luzea utzi du haren lanak. Joxe Azurmendi pentsalariak hala marraztu zuen Txillardegiren lana: «Bilatzaile baten historia delako bilakatu da, Txillardegirena, gure historia. Txillardegi ez da azken urteotako Txillardegi bakarrik. Haren hastapenak dira gureak. Gero, Txillardegi diferente asko dabil Txillardegiren barruan: matematikaria, filosofoa, politikaria, poeta, linguista, mistikoa, literatoa eta eremuotako bakoitzean—militantea, zientzialaria, adiskidea, etsaia— Txillardegi diferenteak berriro». Gaur bost urte dira Donostian hil zela, 82 urte zituela. Eta hainbat ekitaldi antolatu ditu Txillardegi Liburutegia kultur egitasmoak urteurrenaren harira.

Txillardegik utzitako emariaezagutzera ematea da ekitaldien helburua, Fito Rodriguez EHUko irakasle eta kultur egitasmoko kidearen arabera. Atzo egin zuten lehen saioa, Txillardegi gogoan bideoaren aurrestreinaldiarekin. Esku artean duten Txillardegiren egunkari ezkutua dokumental egitasmoaren lehen urratsa da atzo erakutsitako bideoa: aurrerapen bat. Azaldu duenez, aurten bukatuko dute Txillardegiren lana ezagutaraztea helburu duen behin betiko ikus-entzunezkoa. «Oraindik ere ez da haren lana behar bezala ezagutzen, eta hori zabaltzen lagunduko digu dokumentalak».

Hitz bakarra erabili du Rodriguezek Txillardegiz aritzeko: «Polimata». Zehaztasunak eman ditu gero. «Arlo asko sakonki ezagutzen zituen pertsona da, eta beharrezkoak dira paradigma aldaketak sortzeko». Txillardegi izango litzateke XX. mendeko Euskal Herrian, Errenazimentuko Galileo Galilei edo Aro Modernoko Isaac Newton, Rodriguezen arabera. «Paradigma berri bat planteatu zuen euskal mundua ulertzeko. Tradizioarekin erabat hautsi zuen hizkuntzalaritzan, kulturgintzan eta politikagintzan. Eremu askotan izan da aitzindaria».

Aitortza helburu

Ondarea da Txillardegi, Rodriguezen arabera. «Herri ikuspegitik, denon ondarea da. Eta euskal kulturaren eremutik aldarrikatu egin behar da hori». Immateriala den ondare hori material bihurtu nahi dute Txillardegi Liburutegia kultur egitasmoko kideek. Donostiako liburutegi nagusiari Txillardegi Liburutegia izena jartzeko eskaera egin du elkarteak azken urteetan. Pentsalaria zendu zen urte berean egin zuten eskaera Donostiako Udalean estreinakoz. Baina ezezko botoa eman zuten PPk eta EAJk, eta gauza bera eskatuko dute bosgarren urteurrena baliatuz. Atxikimenduak biltzen aritu dira azken hilabeteetan, eta bihar liburutegian bertan elkarteak egingo duen ekitaldian ere aldarrikapen hori izango dute ardatz. «Euskalgintzan ezagunak izan diren Karlos Santamaria eta Koldo Mitxelena, adibidez, hiriburuko paisaian txertatuta daude. Eta Txillardegiri oraindik ez zaio tokirik eman. Paisaia linguistikoan islatzen ez bada, ahaztu egiten du jendeak». Musikak ere tokia izango du biharko ekitaldian. Pianoa jotzen zuen Txillardegik, eta pentsalariak jotako instrumentuaren notekin batera irakurriko dituzte hark utzitako testuak.

Datorren astean solasaldia eskainiko du Rodriguezek berak EHUko Filosofia fakultatean. «Ikuspegi filosofiko batetik landuko dugu bere lana. Existentzialismotik estrukturalismora eta generatibismora egin zuen jauzia aztertuko dugu, baita hizkuntzaren filosofia ere. Identitatearen defentsatik, ikuspegi unibertsalera nola pasa zen aztertuko dugu». Otsailaren 10ean egingo dute Txillardegiren heriotzaren bosgarren urteurrena omentzeko azken saioa, Martin Anso idazleak eta Markos Zapiain filosofoak. «Gizaki eta animalien harremanak zeintzuk diren eta zeintzuk izan behar diren ere aztertu zuen Txillardegik. Gai hori izango dute ardatz».

Eremu askotan aitzindari

Euskara eta Euskal Herria izan zituen ardatz Txillardegik bere ibilbide osoan. 1929ko irailaren 27an jaio zen Antigua auzoan, eta etxekoek euskaraz jakin arren, ez zioten erakutsi. Bere kabuz ikasi zuen, eta pixkanaka hartu zuen Euskal Herriaren egoera orokorrari buruzko kontzientzia. Gerora, Txillardegik berak aitortu zuen euskarak eraman zuela abertzaletasunera. Ezbairik gabe, euskara batuaren alde egindako lana da, merezimenduen artean aipatuena, Rodriguezen arabera. «Euskara estandarraren alde egin zuen. Etorkizunerako hizkuntza baten alde, alegia». Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzailea ere izan zen Txillardegi. Gauza bera kulturgintzan. «Literaturan iraultza egin zuen». 29 urte zituela idatzi zuen euskarazko lehen nobela modernotzat jotzen den Leturiaren egunkari ezkutua, Ferrolen soldadu zegoela (Galizia). Sei nobela gehiago idatzi zituen gerora. Tartean, Elsa Scheelen (1969) aipatu du EHUko irakasleak. «Emakume dibortziatua da protagonista. Lan egin eta drogak hartzen dituena, eta Belgikan kokatzen du lana. Hori guztia 60ko hamarkadan; hasieratik talka egiten du euskal mundua ulertzeko ohikoa zen moduarekin».

Berdin politikan. «Menpekotasunaz ohartu eta burujabetza aldarrikatu zuen, abertzaletasun tradizionalarekin hautsiz». 1952. urtean Ekin talde politikoa sortu zuen Txillardegik unibertsitateko beste lagun batzuekin batera, geroago ETA bihurtuko zena. ETAren kultura adarrean jardun zuen Txillardegik; harik eta 1967an erakundea utzi zuen arte. Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen 1980ko hamarkadan, eta bi legealditan aritu zen senatari. Bide armatua amaituta zegoela iritzita sortu berria zen Aralar alderdian militatu zuen; baina gutxira utzi zuen alderdia. 2008an EAE-ANV alderdiko kideekin batera agertu zen hedabideen aurrean, Espainiako hauteskundeetarako hautagai zerrenda erregistroan aurkeztera joan zirenean. Txillardegi asko ditu Txillardegik. Eta guztiak aztertzea beharrezkotzat jo du Rodriguezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.