Brasilgo Munduko Kopa

'Torpedo'-ren kutuna

Thomas Muellerrek 24 urte ditu, eta dagoeneko zortzi gol sartu ditu munduko kopetan. Haren herrialdean ziurtzat jotzen dute Ronaldoren gol errekorra hobetuko duela: hamabost.

'Torpedo'-ren kutuna.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ez da erraza Thomas Mueller (Pahl, Alemania, 1989) kutxa jakin batean sartu eta etiketa jartzea; golegilea eta futbolari anarkista. Anarkismoa zelai gainean, haren ideologia politikoa ez baita ezaguna, baina bai postu jakin batean geldirik egoteko duen zailtasuna. Eta golegilea dela estatistikak dio. Brasilgoa bigarren Munduko Kopa du, eta, Portugali sarturiko hirurekin, zortzi gol daramatza munduko kopetan. 24 urte ditu, eta litekeena da beste bi kopatan parte hartzea. Gauzak hala, hau da galdera: Ronaldoren 15 goleko marka hobetuko al du? «Bai, ziur nago», erantzun du Gerd Muellerrek aste honetan. Torpedo mitikoak hamalau sartu zituen kopetan, Miroslav Klosek adina, Alemaniako selekzioan oraindik.

Gerd eta Thomas futbolari ezberdinak dira. Hura morroi gogorra zen, eta hau, gazte alaia. Bata aurrelari gotorra zen, eta bestea, dozena erdi postutan jokatzeko gai den edozeintokilari trebea. Alemaniako selekzioan zein Bayern Munichen, aurrelari peto, eskuin hegaleko, erdi-punta eta erdilari postuetan jokatu izan du. Bi Muellerrek Bayern Municheko beheko mailetan elkar ezagutu zuten, eta Torpedo-ak oso gaztetatik ikusi zuen ume hura ezpal onekoa zela.Hamar urte geroago, haren kutuna da. Aurrelari ohia oso kritiko mintza ohi da selekzioaz hedabideetan, baina beste Muellerrekin eskuzabalagoa da.

Agian selekziora iritsi bezain laster 13 zenbakia lotsagabe eskatu zuelako izango zen. Goiz iritsi zen Mueller, 20 urterekin, Bayern Munichekin debuta egin eta urtebetera. Jurgen Klismannek eman zion lehen aukera; bedeinkatu zuena, baina, Louis van Gaal izanzen: «Nirekin beti jokatuko du». Hamahiru gol sartu zituen ligan, eta edozein postutan jokatzeko gai dela erakutsi zuen. Balioaniztasuna, baina, askotan zaila da eskema batean txertatzen, eta Pep Guardiolak, Bayerneko entrenatzaileak, Mandzukic aukeratu izan du aurrelari posturako sasoi honetako garai erabakigarrietan.

Selekzioan askatasun handiagoa du, merezi eta behar duena. «Ez da jokalari ortodoxoa», deskribatu izan du Joachim Low hautatzaileak: «Haren diagonal eta ihesak zaintzea oso zaila da aurkarientzat. Espero ez duzuna egiten duen jokalari bat da. Gauza bakarra dut argi haren jokoari buruz: golegile petoa da».

'Nor da Thomas Mueller?'

Alemanian ospetsua da Mueller, eta duela gutxi are ezagunago egin da, Wer ist Thomas Müller? dokumentalari esker (Nor da Thomas Mueller?). Christian Beyven zuzendariak, jokalariaren ospea ardatz hartuta, gizonezko alemaniarraren soslaia egin du. Thomas Mueller da Alemanian gizonezko izen-abizen zabalduena, eta izen bereko hainbat pertsona elkarrizketatu ditu, futbolaria barne: «Alemaniar normal bat naiz; herritar normalen artean tokia dut».

Eta nolakoa da, bada, prototipoa? Ilehoria, 1,78 metro neurtzen du, egunero bi garagardo edaten ditu, hiru egunean behin ditu sexu harremanak, 41 ordu lan egiten du astean, eta 87 metro koadroko pisu batean bizi da. Bada, hor ere, Mueller ezagunena ere desberdina da, zelaian bezala. Hasteko, 1,85 metro luze delako, eta beste Muellerrek ia ez dute kirolik egiten, eta bost kilo dituzte sobera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.