Kontakizunaren polifonia

Francoren diktadura amaitu eta trantsizioarekin batera zabaldutako kontakizun ofizialaren inguruan sortutako ahots «kritikoak» plazaratu dituzte Iruñeko Hiriartea guneko 'Gelatina gogorra' erakusketan
Irudian, Xabier Morrasen <em>Cristo amordazado</em> artelana. Erakusketa osatzen duten 200 artelanetako bat da Nafarroako artistak 1972. urtean egindakoa.
Irudian, Xabier Morrasen Cristo amordazado artelana. Erakusketa osatzen duten 200 artelanetako bat da Nafarroako artistak 1972. urtean egindakoa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Naiara Elola -

2018ko apirilak 18
Francoren heriotzaren aurreko eta ondorengo urteetan gertatu zenari buruzko kontakizunen bitartez harilkatu dute Iruñeko Hiriartean dagoen Gelatina gogorra. 80ko hamarkadako istorio ebatsiak erakusketa. Bertsio ofiziala zalantzan jartzen duten kontakizunak plazaratu dituzte jatorri ezberdinetako 59 artistaren 200 artelanek. Duela bi urte Bartzelonako Macba museoan ikusgai izan zen erakusketa, eta heldu den ekainaren 23ra bitarte Iruñeko Hiriartea guneko Armen aretoan bisitatu ahal izango da.

Historiaren kontakizunean artistek izan dezaketen «garrantzia» aldarrikatzen du hein handi batean Gelatina gogorra erakusketak. Teresa Grandas komisarioak dioenez, garaian garaiko gobernuek plazaratutako bertsio ofiziala «zalantzan» jartzeaz gain, bestelako ikuspegi bat emateko eragile «aproposak» dira artistak. Demokraziaren oinarriak ezartzen hasi zirenean, aldaketa gizarteko partaide guztiek ez zutela modu berean ulertu nabarmendu du: «Demokraziaren hastapena denek ez zuten berdin barneratu». Hala, 1972 eta 1992. urteen artean jazotakora gerturatzeko zazpi ataletan banatu du erakusketa: Ahantzitako memoria, Angelu itsuak, Lanjantzi urdinetik lepo zurira, Nire ametsetako auzoa, Garaitu ederrak, Ebatsitako letrak eta Gas egoera.

Argazki, margolan, collage eta bestelako sorkuntzekin batera, gaiak ilustratzeko garai hartako telebistako programak, filmak eta komikiak batu dituzte, besteak beste. Bildutako materialagatik erakusketa ez da azkar batean ikusten den horietakoa. Grandasek argitu duenez, Macban sarrera behin erosita, hilabetean erakusketa nahi adina bisitatzeko aukera zegoen. Izan ere, komisarioaren irudiko, «garai hartan entzun zitezkeen ahotsen polifoniaz jabetzeko gauza bakarra behar da: denbora».

Victoria Prego kazetariak 1990eko hamarkada erdialdera Espainiako telebista publikoan egin zuen Transición dokumental programa da erakusketaren abiapuntuetako bat. Espainiako trantsizioa zen gai nagusia. «Demokraziaren bidean, Espainia herrialde aurrerakoi eta moderno izateko bilakaera prozesuan hedatu zen diskurtsoan eragin handia izan zuen programa horrek», azaldu du komisarioak. Izan ere, guztiz bat egiten zuen bertsio ofizialarekin, ez zuen ezer zalantzan jartzen. Hala, Hiriartean ikus daitekeenaren ernamuina da.

Armen aretoak dituen hiru solairuetan barna banatu dituzte erakusketan ikusgai dauden 200 artelanak. Lehen solairuan, Alan Carrascoren Resiliencia lanaren bitartez, bisitariari «kokatzeko» aukera ematen zaio. Izan ere, 1975 eta 1992. urteen artean, Espainian izandako gertakari «esanguratsuenak» kokatu ditu artistak denbora-lerro batean. Grandasen iritziz, garai hartan jazotakoa «lauso» xamar duenarentzat argigarri izango da Carrascoren lana. Izan ere, garai hura bizi zutenentzat ez ezik, bizi ez zutenentzat ere bada erakusketa.

Galderen funtzioa

Espainian diktaduratik demokraziarako bidean egindako kontakizun kritikoak asko badira ere, kritiko izateko ere modu anitz dago. Francesc Torresek, adibidez, 1992an 35 preguntas de un americano ignorante al pueblo español (Amerikar ezjakin batek Espainiako herriari egiten dizkion 35 galdera) obra egin zuen. Iruñerako, lan hori «eguneratu» egin du, eta 46 galdera zerrendatu ditu. Tartean, honako hau: «Ba al dago Espainian zuzeneko harremanik amnesia historikoaren eta egonkortasun politiko zein sozialaren artean?». Galderek aukera ematen diote bisitariari erantzunen bidez bere iritzi propioa eraikitzeko.

Carrascoren eta Torresen obrez gain, badira «eguneratutako» beste artelan batzuk ere, aretoko bigarren solairuan dagoen Habitación europa esaterako. Isaias Griñolo eta Angustias Garciaren lanak gela bateko horma bat dirudi, adreiluz egindako horma bat. Artelanetik apur bat aldenduz gero, adreiluak Nafarroako zenbait egunkaritako zatiekin osatuta daudela ohartuko da bisitaria. 1992an bezala, egun ere etxebizitza eskubidea aldarrikatzen jarraitu beharra dagoela nabarmendu nahi izan dute modu horretan artistek.

Atzerriko artisten lanekin batera, Euskal Herrikoenak ere badira Hiriartean, Xabier Morrasek 1973an egindako Cristo amordazado (Kristo ahoa estalita) adibidez. Ia oihu bat iduri du, minaren aurrean garaiko agintariek zuten jarreraz ohartarazteko modu bat da. Carlos Arias Navarro Espainiako presidente ohia eta Jesus ageri dira. Besteak beste, erlijioak eta politikak elkar bat eginda gizartean duten «eragina» kritikatzen du Morrasen artelanak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna