Kataluniako hauteskundeak. Inbestidurari begira

Zalantzak argitzeko 45 egun

Bost diputatu daude Belgikan, eta hiru kartzelan; akta hartzeko tramitea idatziz egin liteke, baina botoa emateko Kataluniako Parlamentura joan behar dute, arautegia aldatu ezean

Joaquim Fornek Bartzelonako Udalean erabili izan zuen aulkia, xingola horiarekin, azaro hasieran. QUIQUE GARCIA / EFE.
mikel p ansa
2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Apenas dagoen aurrekaririk. Euskal Herrian, Juan Karlos Ioldi izan zen, preso egonik, espetxetik atera eta parlamentu batean—Eusko Legebiltzarrean— parte hartzeko baimena jaso zuen lehena. Baina egun bakarrean bukatu zen hura. Kataluniako zortzi diputaturen egoerak, Belgikan dauden bostenak eta kartzelan dauden hiruenak, berriak dira. Printzipioz, diputatu aktak hartu eta Kataluniako Parlamentuan jardun normal eta jarraitua edukitzeko asmoa dute. Espainiako Gobernuak eta Auzitegi Gorenak beren eskuetan izango dute horien parte hartzea erraztea edo trabatzea, baina, arautegia orain dagoen bezala, aukera izan beharko lukete. Erbestean daudenek, ordea, eta arautegiak aldatzen ez badira, itzuli egin beharko lukete horretarako. Egutegi arruntari jarraituz gero, urtarrilaren 23an eratuko litzateke parlamentu berria, eta otsail hasieran izendatuko lukete Generalitateko presidentea.

BELGIKAKO ERBESTERATUAK DIPUTATU IZAN DAITEZKE?



Bai, izan litezke. Bost diputatu daude Belgikan: Junts Per Catalunyako Carles Puigdemont, Lluis Puig eta Clara Ponsati eta ERCko Antoni Comin eta Meritxell Serret. Printzipioz, diputatu akta hartzeko oztoporik ez lukete eduki behar. Kataluniako Parlamentuko arautegiak zehazten du hautagai agiria aurkeztu behar dutela diputatuek, Espainiako Konstituzioaren eta Kataluniako Estatutuaren zina egin behar dutela, eta jarduera ekonomikoen agiriak aurkeztu behar dituztela. Idatziz ere egin ahalko lituzkete tramite horiek, eta idatziz eskuratu diputatu aktak.

Beste kontu bat dira bozketak, bai inbestidura saiokoak, bai beste osoko bilkuretakoak ere. Kataluniako Parlamentuko arautegiak muga oso argiak dauzka: ospitaleratuta, edo gaixo larri, edo ezintasun luzeren bat izanez gero soilik delegatu daiteke botoa. Horrek esan nahi du bost erbesteratuek itzuli egin beharko luketela, parlamentuan botoa ematekotan.

Kataluniako Parlamentuko arautegia aldatzea litzateke beste aukera bat, botoa delegatzeko aukerak zabaltzeko. Baina, horretarako, parlamentua martxan jarri beharko litzateke; behin-behineko parlamentuak ezingo bailuke berez horrelako aldaketa bat egin. Eta, martxan jartzeko, beharrezkoa litzateke parlamentuko presidentea eta mahaia aukeratzea. Baina inbestidura saioa egin aurretik nekez egongo da ganberaren arautegia aldatzerik.

PRESIDENTE IZAN LITEKE PUIGDEMONT?



Oraingoz, bai. Kontua da itzuliz gero atxilotu egingo luketela. Orain ez dauka zigorrik, inputazioak soilik, eta inputatuek ez dute hautatu edo hautesle izateko mugarik, epaileek zehaztu ezean, eta epaileak ez die oraingoz halako mugarik jarri. Kataluniako Parlamentuak, arautegia aldatzen ez bada behintzat, baldintza bat zehazten dio, ordea: presidente izateko asmoa duenak bere hautagaitza defenditu beharra dauka parlamentuan, inbestidura saioan. Horrek eskatuko lioke Puigdemonti Kataluniara itzultzea, gutxienez inbestidura saiorako. Baina itzultzeak esan nahi du atxilotua izatea. Izan ere, Espainiako Justiziak bertan behera utzi zuen hura atxilotzeko euroagindua, baina Espainian atxilotze agindua indarrean dauka, eta lurra zapaldu orduko atxilotu ahalko lukete. Egoera berean daude Belgikako beste lau diputatuak.

Puigdemontek kanpainan esan du katalanek presidente aukeratzen baldin badute itzuli egingo dela. Serretek eta Cominek zalantza gehiago agertu izan dituzte; uste dute Espainiak jarrera aldatu eta baldintza demokratikoak eskaini beharko lizkieketela, itzuli aurretik. Haien arteko eztabaida ere ez dago itxita, beraz; datozen egunetan argituz joango da.

Bada azken aukera bat, egoera katramilatuz gero: erbesteratutako diputatuek karguari uko egin eta euren koalizioetako listetako hurrengoak bihurtzea diputatu. Tramiteak eta bozketak erraztuko lituzke horrek, baina, aldi berean, erbestean direnak bakarrik geldituko lirateke beren egoera juridikoaren aurrean.

ETA PRESOAK, ZER?



Funtsean, ez dute diferentzia handirik erbestean daudenekin. Hiru diputatu daude preso: ERCko Oriol Junqueras, eta JPCko Jordi Sanchez eta Joaquim Forn. Diputatu akta, Belgikakoek bezala, idatziz eskuratu ahal izango lukete, printzipioz. Gero, Kataluniako Parlamentuko osoko bilkuretara joateko eta botoa emateko, muga bera leukakete: ezingo luketela botoa delegatu. Horrek esan nahi du Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuaren mende leudekela; kartzelatik ateratzeko eta parlamentuko saioetara joateko eskari bakoitza hark aztertu eta erabaki beharko luke. Edo presoek eskaria berritu ahalko lukete, beren diputatu funtzioak bete ahal izateko, aske utz ditzaten.

Puigdemont eta Belgikako beste lau diputatuak egoera berean aurkituko lirateke baldin eta Kataluniara itzultzea erabaki eta atxilotuko balituzte. Orduan, haiek ere Llarena epailearen aurrean kudeatu beharko lituzkete baimen eskariak, inbestidura saiora eta beste bileretara joateko.

Azken buruan, egoera bideraezina bihurtuko balitz, karguari uko egiteko aukera izango lukete errepresaliatu guztiek. Edozein moduz, JPCk eta ERCk ez lukete ordezkaririk galduko. Kontuan izan behar da independentismoak diputatu guztien beharra izango duela hemendik aurrera. Parlamentuan zortzi aulki hutsik uzteak esan nahiko luke 62 diputatu soilik edukitzea aktibo —JPC, ERC eta CUPenak batuta—; unionistek 57 aulki dauzkate, baina CECPenak batuz gero, 65 dira.

NOIZ ERATUKO DA PARLAMENTUA?



Hauteskundeak egin eta hogei lanegunen buruan egin behar da, beranduenez, Kataluniako Parlamentua eratzeko bilera. Urtarrilaren 23an beteko dira hogei egunak, eta ordurako egin beharko litzateke saio hori. Diputatu zaharrenak eta gazteenek osatzen dute mahaia egun horretan, eta parlamentuko presidentea aukeratzea eta mahaia osatzea izaten dute zeregin bakarra.

Bitartean, botoen zenbaketa ofiziala bukatu behar da —osteguneko emaitzak behin-behinekoak baitira—. Hiru bat egun behar izaten dituzte horretarako, eta espero da, beraz, datorren astelehenean edo asteartean bukatuko dela kontaketa. Ez da aldaketa handirik izango emaitzetan.

NOIZ EGINGO DA INBESTIDURA SAIOA?



Parlamentuko presidentea aukeratuta eta mahaia eratuta, hamar eguneko epe bat zabaltzen da. Parlamentuko buruak, alderdiekin kontsultak eginda, hautagai bat proposatzen dio ganberari, Generalitateko presidente gisa aukeratzeko. Egutegiari begiratuta, parlamentuko osoko bilkura urtarrilaren 23an egingo balitz, parlamentuko presidenteak otsailaren 6a izango luke azkeneko eguna hautagai bat proposatzeko. Inbestidura saioari eguna ere jarriko liokete. Printzipioz, otsailaren 6ko aste horretan bertan izan litezke inbestidura saioak, epeak aurreratzen ez badira.

Inbestidura saioetan presidenterik aukeratzen ez bada, parlamentuak bi hilabeteko epea dauka —alegia, beranduenez, apirilaren 6ra arte—. Denbora hori pasatuta presidenterik hautatu ez badute, parlamentua berez desegin, eta berriro hauteskundeetara deitu beharko lukete.

GEHIENGO OSOA BEHAR DA PRESIDENTEA IZENDATZEKO?



Ez. Inbestidura eztabaida bi saiotan egiten da Kataluniako Parlamentuan: lehen saioan presidentea aukeratzeko, gehiengo absolutua behar da. Gehiengo hori inork lortzen ez badu, bigarren saioa egingo du parlamentuak, handik bi egunera. Otsailaren 6an egingo balitz lehen saioa, bigarrena otsailaren 8an egingo lukete.

JPCk, ERCk eta CUPek bat egingo balute, gehiengo absolutua leukake independentismoak: 70 diputatu 135etik. Unionismoak ez du gehiengo absolutua osatzeko modurik. Eta, gainera, JPCk eta ERCk ez dute CUPen behar larririk: bien artean 66 diputatu dituzte, alderdi espainiarrek baino bat gehiago. Gobernua gutxiengoan osatzeko eta gehiengo sinplez presidentea aukeratzeko modua ere badute, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.