Lau presori Frantziako zigorra aintzat hartzeko agindu dute

Frantzian betetako zigorraldia Espainian bete beharrekoei kenduta, urteak aurreratuko zaie kaleratzeko data.Bada berehala atera behar lukeenik.Beste bati ezezkoa eman diote

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Alberto Plazaola, Pakito Mujika, Santiago Arrospide eta Rafa Caride presoei espetxealdia murrizteko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak; Frantzian egindako espetxealdia kontuan hartzeko eta delitu berberengatik Espainiako auzitegien aginduz bete beharreko kartzelaldiari kentzeko. Auzitegi Nazionaleko Lehen Sekzioak hartu du presoen aldeko erabakia, zigorrak batzeari buruz Europak indarrean duen direktiba aintzat hartuta. Auzitegi berbereko beste sekzio batek, ordea, aurkako erabakia hartu du: Iñaki Bilbao Beaskoetxeari ez diezaiola batura hori egin agindu du Bigarren Sekzioak.

Preso bakoitza dagoen espetxera igorri ditu aginduak auzitegiak. Batura ezarri behar dela ebatzi duen kasuetan, espetxe bakoitzak egin beharko ditu orain kalkuluak. Presoak Frantzian zenbat urteko zigorra bete duen egiaztatu beharko du, eta kopuru hori kendu Espainian bete beharreko espetxealdiari. Presondegiak fiskalari jakinaraziko dio zenbaketa berria bere iritzia eman dezan, eta Auzitegi Nazionaleko sekzioak adostuko du zigorra noiz geratuko den behin betiko kitatua.

Tramite horiek guztiek denbora hartuko dutela pentsa daiteke. Baina kalkulu horiek egin bezain laster horietako batzuk egun batetik bestera kaleratzea esan nahiko du ebazpenak. Plazaola askatzea ekar lezake, adibidez; izan ere, Frantzian betetako zigorra kontuan hartuta, aspaldi behar luke kalean.

Erabaki kontrajarriak

Auzitegi Nazionaleko Bigarren Sekzioak kontrako irakurketa egin du. Ezezkoa eman duten epaileek argudiatu dute Europako araua ez dela oraindik txertatu Espainiako legedian eta zigorren batuketak ez duela «automatikoa» izan behar. Bilbaoren kasuan, argudiatu dute egozten zaizkion delituek ez dutela denboran bat egiten ere. Baina arrazonamendu deigarriagoak ere erabili ditu ezezkoa emateko: oraindik indarrean ez dagoen lege batek jasotzen dituen baldintzak. Bihar sartuko da indarrean Europako irizpidea Espainiako araudian txertatuko duen legea, bateratzea mugatzen duten baldintza eta guzti. Oraindik indarrean ez dagoen legearen baldintzak jaso dituzte epaileek ebazpenean.

Bigarren sekzioko epaile guztiak ere ez dira ados agertu erabakiarekin: Concepcion Espejel Jorquera eta Julio de Diego Lopezek batura ez onartzeko erabakia hartu dute, eta Jose Ricardo de Prada Solaesak horren aurkako boto partikularra eman du, lehenengo sekzioko epaileek erabakitakoarekin bat eginda.

Auzitegi Nazionaleko osoko bilkurak aurreko ostiralean gaiari buruzko irizpiderik ez ezartzea erabaki ondoren datoz irakurketa desberdinak. Orduan epaileak ez ziren ados jarri presoen eskaeren harira hartu beharreko ildoari buruz, eta sekzio bakoitzaren esku utzi zuten erabakia. Ezezkoa jaso dutenen abokatuek aukera izango dute Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko edo, preso batzuei eta besteei ezarritako irizpideak kontrajarriak direnez, irizpideak batzeko eskatzeko.

Izan ere, iritsiko dira kasu gehiago oraindik. BERRIAk jakin duenez, EPPK-ko 49 presok egina dute zigorrak batzeko eskaera, eta auzi horiek tramiteetan daude. Horien abokatuen arabera, Frantzian betetako zigor osoa kontuan hartuta, EPPK-ko lau presok dagoeneko kalean beharko lukete. Gainontzekoei urteak aurreratuko litzaieke kartzelatik ateratzeko data.

Hollanderi erantzuna

Bestalde, Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak txalotu egin du François Hollande Frantziako presidenteak euskal presoei buruz herenegun esandakoa, uste duelako Frantziak «salbuespen neurriak» alboratzen dituela espetxe politikan. EH Bilduren ustetan, berriz, edozein espetxe politikaren oinarrian sakabanaketaren amaierak egon behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.