Aroztegiko plana bertan behera uzteko eskatu diote gobernuari

Baztanen (Nafarroa) 228 etxe egin nahi dituzte proiektuan.Epaileek haren kontra egin dute.Ondorioz, bultzatzaileek berriz aurkeztu, eta udalez gaindiko plan gisa onartu dute

Aroztegia Jauregia SM enpresak bere proiektua egin nahi duen eremua, Lekarozen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Sententzien aurka, udalez gaindiko sektore plana. Hori da Aroztegia Jauregia SM enpresak erabili duen estrategia, Aroztegia... eta gero zer? plataformako eta Sustrai Erakuntza fundazioko kideek salatu dutenez. Proiektu horren sustatzaileek luxuzko 228 etxebizitza, bederatzi zuloko golf zelai bat, lau izarreko hotel bat eta spa gune bat egin nahi dituzte Baztanen, Lekarozko Aroztegia jauregiaren 45 hektareako eremuan. Epaileek atzera bota dute, ordea: 2013. urtean, lehendabizikoz, eta aurten, bigarrenez. Bigarren sententzia hori Espainiako Auzitegi Gorenak eman zuen, uztailean. Jakin baino lehen, proiektuan hainbat aldaketa egin, eta berriz aurkeztu zuten bultzatzaileek Nafarroako Gobernuan. UPN zen agintean, oraindik ere. «Foru intereseko inbertsiotzat» jo, eta udalez gaindiko sektore plan gisa onartu zuen gobernuak, maiatzeko hauteskundeak egin baino zenbait egun lehenago. Aipagarria da gobernuak berak urrats hori ez egitea erabaki zuela 2008. urtean.

Aroztegiko egitasmo horren aurkako plataformako eta Sustrai Erakuntza fundazioko ordezkariek atzo nabarmendu zuten egungo gobernua garaiz dela, oraindik ere, proiektu horren udalez gaindiko sektore plana bertan behera uzteko. Eta horixe egiteko eskatu zioten. Eskaera horrekin bat egin dute Lekarozko herri batzarrak eta Baztango batzar nagusiek ere.

Gobernuak, oraingoz, ez du jarrera argirik erakutsi. Manu Aierdi presidenteordeak atzo erran zuenez, ez dute erabakirik hartu. Aitortu zuen gobernua babesten duten lau taldeak ez daudela ados Aroztegiko proiektuaren inguruan. Geroa Bai egitasmo horren alde agertu da, hain zuzen ere. «Akordio programatikoaren jarraipen batzordeak aztertu beharko du gaia», erran zuen Aierdik atzo.

Lehendakariordeak nabarmendu zuen arlo politikoaz gain juridikoa ere kontuan hartu beharra dagoela: «Oraingoz ez dut ikusi udalez gaindiko sektore plana legez kanpokoa dela erraten duen txostenik; kontuan hartu beharko dugu, halaber, gure erabakiek ondarearen arloan erantzukizunen bat ekar ote diezaioketen gobernuari».

Sustrai Erakuntza fundazioak atzo argi utzi zuen auzitara joko duela gobernuak plana bertan behera uzten ez badu. Erabaki hori babestu zuen Aroztegia...eta gero zer? plataformak. Talde horretako kide Agurtzane Orbegozok salatu zuen Aroztegiko proiektuak eredu ekonomiko «espekulatzaile eta suntsitzailea» ekartzen duela. «Gobernuak planarekin aurrera jarraitzen badu, aldarrikatzen duen aldaketa iruzurra dela erakutsiko du», gaineratu zuen.

Hamaseigarren herria

Aroztegiko egitasmoaren aurkako plataformako kideek argi dute golf zelaia eta hotela aitzakia direla etxebizitzak egin ahal izateko. «Proiektuak bultzatzaileei baino ez die mesede egiten; Baztanen, berriz, ondorio sozial eta ekonomiko sakonak eraginen lituzke», ohartarazi zuen Orbegozok. 228 etxebizitza eraikitzea da Aroztegia Jauregia SM enpresako kideen asmoa. «Horrek Baztango hamaseigarren herri bilakatuko luke urbanizazio hori», erantsi zuen plataformako kideak. Talde bereko kide da Garbiñe Elizegi, eta atzo gogora ekarri zuen Baztanen badirela 850 etxebizitza huts: «Kontua da ea zer-nolako garapen urbanistikoa nahi dugun. Proiektuak erakar dezakeen jendea aipatzen dute sustatzaileek; gaur egun Baztanera etortzen diren bisitariek, ordea, ez dute Aroztegian egin asmo duten eredua nahi».

Proiektuak Baztanen izan dezakeen eragina jarri zuten egitasmo horren aurkako taldeek atzo mahai gainean. Lekarozko herritarrek zuzenean jaso ditzakete ondorio horiek. Hango alkate jurado Miren Meokik ezezko biribila eman zion proiektuari, eta herritarrak «gerta daitekeenaren beldur» direla nabarmendu zuen.

2009. urtean galdeketa egin zuten herrian, eta gehiengoak erran zion ezetz Aroztegiko egitasmoari. Orduan erabaki zuten abokatu bat kontratatzea, Aroztegiko proiektuaren aurka lan egiteko. «Ziurgabetasuna erabatekoa da; ikusten ari gara, gainera, denak ez garela berdinak legearen aurrean; proiektu hau bultzatzen ari direnek nahi dutena egiten dute, udalaren eta herritarren iritzia kontuan hartu gabe», erantsi zuen Meokik.

Baztango eragileek espero dute urriko lehen hamabostaldian emango duela Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko sektore planari buruzko erantzuna. Bitartean, Aroztegiko proiektuaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten atzo plataformako kideek eta herritarrek. Etzi, 19:00etan, batzarra eginen dute Lekarozen, hango biztanleei egitasmoari buruzko informazioa azaltzeko. Meokik herritar guztiak deitu zituen parte hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.