Sestaoko alkatearen auzia ixteari helegitea jarri dio SOS Arrazakeriak

11 ijito eta etorkin ez erroldatuta prebarikazioz eta arrazakeriaz aritu zela uste dute.Auzia artxibatu aurretik Josu Bergara akusatuari deklarazioa hartu ere egin ez izana gaitzetsi dute

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Barakaldo
2015eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
SOS Arrazakeriak ez du ulertzen Barakaldoko epaitegiak Josu Bergara Sestaoko alkatearen aurkako auzian hartu duen jarrera. Herrian bizi ziren hainbat ijito eta etorkin ez erroldatzea erabaki zuela eta, salaketa jarri zuten kaltetuek, SOS Arrazakeriaren laguntzarekin. Ezustean, auzia artxibatu egin du epaileak, fiskalaren irizpidearen aurka eta akusatuari deklaraziorik hartugabe. «Ez gaude ados, eta ez dugu onartzen», adierazi dute elkarteko kideek, Bizkaiko beste hainbat gizarte eragiletako ordezkarien babesarekin egindako agerraldian. Auzia artxibatu izanaren aurka helegitea aurkeztuko duela iragarri du SOS Arrazakeria elkarteak.

Iazko maiatzean jarri zuten salaketa Sestaon bizi ziren 11 pertsonak. Denbora luzea zeramaten bertan bizitzen, eta hainbatetan eskatua zuten bertan erroldatzeko. Sestaoko Udalak, ordea, ez zituen erroldatu. Ez hori bakarrik. Alkateak adierazpen «arrazistak» egin zituen higiezin enpresa batzuekin egindako bileran, eta horien grabazioa froga gisa aurkeztu zuen gero akusazioak. «Ijito onak, oso gutxi daude», esan zuen Bergarak. «Ez dut nahi hau San Frantzisko bihurtzea». Erroldan nor sartu erabakitzean «iragazkia pasatu» zuela adierazi zuen, enpresariekin ari zela. Are, legea etengabe urratzen zuela eta berdin zitzaiola ere esan zuen.

Prebarikazioa, arrazakeria

Hamaika pertsona horiek prebarikazioa leporatu zioten Sestaoko alkateari, arrazakeriaz jardutea astungarri hartuta. Arartekoak ere, jarreraz aldatzeko eskatua zion, baina Bergarak muzin egin zien haren gomendioei.

«Errolda herri batean bizi diren pertsonen erregistroa besterik ez da», azaldu du Nekane Garcia Amezagak, SOS Arrazakeriako abokatuak. «Herri batean bizi bazara, hala erregistratuta egon behar duzu». Hain zuzen, errolda ahalik eta errealena izaten saiatu behar dute alkateek, abokatuaren hitzetan. Ez dute nor erroldatu eta nor ez erabakitzeko eskumenik. Bertan bizi direnen akta zuzen jasotzen dela bermatzea da haren betebeharra.

Salatzaileak, salatuta

Inori errolda ukatzeak, gainera, pertsona horren eskubideak urratzea eta bazterkeriara eramatea dakarrela ohartarazi du Brigida Ridruejok, SOS Arrazakeriako kideak. Horixe egin zitzaiela-eta jarri zuten salaketa familiek. Bereziki, haurrei. Errolda ukatzen zietenek salaketa jarri eta astebetera, familia horietako bik udalaren salaketa jaso zuten. Familia abandonatzea egotzi zieten, haurrak eskolatu gabe zituztela eta. «Erroldatuta egon gabe ezinezkoa da haurrak eskolatzea», salatu du abokatuak.

Izan duten jazarpenaren ondoren, familietako batzuk inguruko beste herri batzuetara joan dira bizitzera. Bi, esaterako, Barakaldon bizi dira.

Bien bitartean, Bergararen aurkako salaketa artxibatzeko erabakia hartu du Barakaldoko epaitegiak. Alkateak prebarikatu zuela esateko frogarik ez dagoela argudiatu du. Epailearen hitzetan, etorkinak eta ijitoak erroldatzeko tramiteak egitea luzatu egin zitzaion alkateari, baina horren atzean ez dago horiek ez erroldatzeko erabakirik. Hori alkateari berari deklarazioa hartu gabe esatea ez zaio egoki iruditzen akusazioari. Auzia berriz irekitzeko eskatuz helegitea aurkeztuko du, eta Bergarari deklarazioa hartzea galdegingo.

Bestalde, Txibilenea elkarteak jakinarazi duenez, akusazio partikular gisa aritzeko eskatuko du. Edozein herritarrek dituen eskubideei eta horretarako egin beharreko tramiteei buruzko informazioa emateko gunea ere zabalduko du; aholkulari arituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.