«Garaipenaren» tragedia

Haider al-Abadi Irakeko lehen ministroak iragarri du Mosul EItik askatu dutela. Krisi humanitario larria sortu du gatazkak, eta ia milioi bat lagunek alde egin dute hiritik

Zibil batzuk Mosulen, joan den astean, etxetik alde egiten. AHMED JALIL / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Ia bederatzi hilabete iraun duten borroken ondoren, Irakeko armadak, AEBek gidatutako nazioarteko koalizioaren babesarekin, Mosul hiria EI Estatu Islamikotik askatu duela jakinarazi zuen atzo Haider al-Abadik. Irakeko telebistek lehen ministroak irakurritako komunikatua eman zuten, eta, horretan, armadako kideak eta Irak osoa zoriondu zituen, «lortutako garaipen historiakoarengatik». Herenegun heldu zen lehen ministroa Mosulera, eta askatu zutela iragarri. Muturreko islamisten hainbat dozena ekintzailek, ordea, hiriko alde zaharreko 300 metro luze eta 500 zabal den eremu batean segitzen zuten gotortuta. Atzo, baina, erabateko askatzearen berri eman zuen. Mosulen bertan eta baita Bagdad hiriburuan ere, igandean bezala, Irakeko banderak lau haizeetara haizatu zituzten. 2014ko ekainetik EIk aldarrikatutako kalifa herriaren bihotzaren askapenak, lehen ministroak nabarmendutako «garaipenak», ordea, tragedia humanitario handia eragin du.

Lise Grande mintzo da, NBE Nazio Batuen Erakundeak Iraken daukan Koordinatzaile Humanitarioa: «Alde egin duen jende askok dena galdu du. Aterpe bat, janaria, osasun zerbitzua, ura eta beste behar du jendeak. Ikusten ari garena inoiz edonon bizitako traumarik handienetakoa da. Jendeak bizi izan duena pentsaezina da ia-ia».

Datuak, behintzat, argigarriak dira. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 950.000 bat lagunek alde egin behar izan dute —1,5 milio pertsona bizi ziren hirian joan den urrian—, eta horien herenak NBEk berak eraikitako eremuetan daude orain. Gatazkak milaka hildako eragin ditu, baina ez dago datu ofizialik; ez hildako zibilenak eta ezta militarrenak ere. Eta kalte materialei dagokienez, UNAMI Nazio Batuen Erakundeak Iraken duen misioak jakinarazi du 900 milioi euro inguru beharko direla hiriaren gutxieneko azpiegiturak berriro eraikitzeko. 2003an AEBek inbaditu zutenetik, Irakeko herritarrek ez daukate bakerik.

EIkoak ez daude amore emateko prest. Joan den larunbatean, adierazi zuten, Amaq berri agentziaren bidez, «hil arte» iraungo dutela, eta atzo Telegram baliatu zuten kontraerasorako prest daudela jakinarazteko. Azken asteetan, erabat inguratuta sentitu direnean, eraso suizidak egin dituzte, eta, gainera, minaz eta lehergaiz josi dute alde zaharra.

Abu Bakr al-Baghadi EIko buruzagiak izendatu zuen Mosul kalifa herriaren bihotza. Orain desagertuta dago. Iranek adierazi du, azken asteetan, hil egin dutela, eta Errusiak ere hori «uste»du. Ez da, ordea, Abu Bakr al-Bagdadi hil dutela esaten duten lehen aldia. AEBek ia 22 milioi euroko ordainsaria eskaintzen du harengatik.

Lehen ministroak ez zuen Bakr al-Baghadi ahotan izan, eta atzo, Nofel Hamadi al-Sultan Ninive eskualdeko gobernadorearekin bildu zenean —Mosul da hango hiriburua—, Bagdadi laguntza eskatu zion txikituta dagoen hiria eraikitzeko lanean. Gainera, aniztasuna defendatu zuen. «Berdin du zein etniatakoak diren, zein erlijio daukaten; nahi duguna da desplazatuak Mosulera itzultzea». Bai arabiar xiitek eta sunitek eta bai kurduek bat egin dute EIren kontrako borrokan.

Lanak izango dituzte hiria berreraikitzeko. Irakeko armadako ofizial baten esanetan, inoiz gertatutako «gerra urbano» lazgarrienetakoa izan da Mosulgoa. Bonbardaketen beldurrez, hainbat bizilagunek sotoan igaro dituzte azken hilabeteak. «Garaipen historiakoaren» tragedia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.