Zenbakietan ere arrakastatsua

'Loreak' filma gaur kenduko dute aretoetatik.50.000 lagun pasatxok ikusi dute, eta Donostian hamabost aste egin ditu; denbora asko, filmaren ekoizlearen ustez

Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariak argazkiaren alde banatan, Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Itziar Aizpuru eta Itziar Ituño aktoreekin, Loreak Zinemaldiak aurkeztu zutenean, joan den irailaren 23an. JON URBE / ARP.
Igor Susaeta.
2015eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Munduaren luze-zabaleko hainbat zinema jaialditan proiektatu dute —eta proiektatuko dute— Loreak pelikula. Joan den irailaren 23an Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean eman zutenetik, Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok ondutako drama intimista Euskal Herriko zinemazaleen eta ez hain zinemazaleen ahotan dabil, eta onak edo oso onak izan dira, oro har, lanari buruz bai hemen eta bai hemendik kanpo egindako kritikak. Filmak komentario positiboak eragin ditu, baina, pertzepzio kualitatibo horretatik gaindi, lortu dituen zenbakiak ere arrakastatsuak dira. Gaurtik aurrera ezin izango da ikusi Donostiako zinema areto komertzialetan, baina hamabost bat astez programatu dute horietan, joan den urriaren 31n estreinatu zutenetik. «Bizpahiru astez kendu zuten, tokirik ez zegoelako. Aste pila bat da», nabarmendu du pelikularen ekoizleetako batek, Moriarti Produkzioak etxeko kide Xabier Berzosak. Beste datu bat: 50.000 ikusle pasatxok ikusi dute. «Egungo egoera kontuan hartuta, zifra oso ona da».

Aupa Etxebeste filmak (2005) 72.000 lagun bildu zituen, baina kopuru hori testuinguruan jarri behar da. Batetik, berritasuna izan zen hura, hamahiru urte zirelako ez zela euskal pelikularik estreinatzen; bestetik, kontsumoa ere handiagoa zen orduan. Esaterako, Goenagak eta Garañok Loreak-en aurretik egindako azken lanak, 80 egunean-ek (2010), bidea egin zuen nazioarteko jaialdietan, baina zinema areto komertzialetara erakarritako jendeari dagokionez, ez zen haien azken pelikulak lortutako zenbakien erdira ere iritsi: 21.886. Iaz estreinatutako beste lan batek, Lasa eta Zabala filmak (Pablo Malo), 57.000 ikusle izan ditu, Berzosaren esanetan.

Argitu du Grupo Sadek Donostian —Antiguo Berri, Principe eta Trueba aretoak— eta Golemek —Yamaguchi, La Morea eta Baiona Iruñean, eta Alondegikoa Bilbon— badutela konpromiso bat Euskal Herrian egiten den zinemarekin, egiten dutela horren aldeko apustua. «Esaterako, estreinatzen denean jende gutxi joanda ere, mantendu egiten dute. Ez da hala gertatu Loreak-ekin: kasu honetan, irizpide ekonomikoei begiratu diete aretoetan mantentzeko orduan». Izan ere, ostiraletan estreinatutako lanak astelehenean bertan ken ditzakete filmen zerrendatik, lehen asteburuan funtzionatzen ez badute.

Euskarazko zinema, oro har, Donostian «indartsu» sentitzen dela pentsatzen du Berzosak. Halere, beste hiriburuetan ere Loreak-ek oso emaitza onak lortu dituela dio. «Sorpresa handia hartu dugu Iruñean eta Bilbon. Sei-zortzi astez egon da ikusgai. Gasteizen ere ondo funtzionatu du». Baina beste tokietan nola funtzionatu duen ikusita, pentsatzen zuten Arabako hiriburuan gehiago iraun zezakeela. «Apustu falta bat ere izan da, tira...».

Bestelakoa da egoera Iparraldean. Tartean-tartean eta zirkuitu komertzialetik kanpo ematen dituzte euskarazko filmak. Hazparnen (Lapurdi) proiektatu dute, adibidez, baina ekoizleak aitortu du nekagarria dela egindako pelikula bakoitzarekin horrela ibiltzea. «Gero banaketa txikia izanda ere, banatzaileren batekin akordio bat iritsi beharko genuke, bost-zazpi herritan banatzeko».

Gipuzkoan, bosgarrena

Bada beste datu argigarri bat: 2014an Gipuzkoako aretoetara ikusle gehien erakarri duen bosgarren pelikula izan da. «Oso datu inportantea da. Horrek esan nahi du, azken batean, AEBetako pelikula komertzialekin aurrez aurre borrokatu garela». 8 apellidos vascos-ek 250.000 bildu zituen Gipuzkoan soilik, Berzosaren arabera. «Ohiz kanpoko fenomenoa da».

Loreak-ek aretoetara erakarri dituen 50.000 pasatxo horietako %20k Espainian, Katalunian eta Galizian ikusi dute filma. «Espainolera bikoizten ez diren lanek jatorrizko hizkuntzetan proiektatutako emanaldien zirkuituan ibili beharra daukate, eta horietan zaila da 30.000 pertsona baino gehiago erakartzea. Hori edozeini gertatzen zaio». Bartzelonan, Madrilen eta beste hiri askotan banatu dute. Hasieran, hamabost bat kopia egin zituzten, «eta horiek asko mugitu dira». Berzosak pentsatzen du beren neurrian «kristoren promozioa» egin dutela. «Dena den, ezin zaio sekulako arrakasta edukitzea eskatu: aktoreak ez dira ezagunak, drama gogorra da... Espainian 50.000k ikusi izan balute ere, han urtean gehien ikusitako filmetan 100.a izango zatekeen. Helburu kualitatiboak hartu beharko genituzke kontuan».

Goya sarietarako izendatua egon denez, kopia gehiago egin behar izan dute. «Oihartzun hori gabe, ibilbide laburragoa izango zuen, ziurrenik». Filmoteketan eta emanaldi jakin batzuetan ere bota dute. Martxoan, gainera, El País egunkariak salgai jarriko du DVDan, film onenaren Goya saria irabazteko hautagaia izan delako. «Horri esker, 10.000 kopia egin ditugu; normalean, 2.000-edo egiten dira». Datorren hilabetean Blue-ray formatuan kaleratuko dute, eta Internet bidezko plataformetan ere egongo da. Berzosa pozarren dago: «Ezohikoa izan da dena. Igual gustatuko litzaigukeen baino jende gutxiagok ikusi du, baina uste genuen baino toki gehiagotara iritsi gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.