Koldo Almandoz.
Donostiako 61.Zinemaldia. Plano subjektiboa

Zinema haragi

2013ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Pelikula edo nobela batek unerik gorenak poesia eta musikara hurbiltzen denean lortzen ditu.

Gloria pelikulako protagonistak, gauean duen zitarekin kitzikatuta, irratian kantu dedikatu saioa entzuten duen bitartean hankak argizariz depilatzen dituenean bezalaxe, edo Zela Trovke-n, senarra aizkoraz nola akabatzen duen kontatzen duen musika pieza eslovakiarra jo ostean, musikarietako batek irrintzia botatzen duenean.

Oilo ipurdia jartzen zaizun une horretan, zinema haragi bihurtzen da.

Bada haragi hori jaten duenik ere. Manuel Martin Cuencaren azken laneko protagonistari giza haragia afaltzea gustatzen zaio. Etxeko hozkailuan gordetzen ditu bere biktimen zatirik samurrenak. Modu geldo eta lehorrean kontatzen zaigu Granadako jostun kanibalaren istorioa. Culinary atalerako pelikula aproposa zatekeen. Pelikula osteko afarian, mezetan bezala albokoari bakea eman beharrean, haren eskua, besoa, aurpegia, bularra edo izterrera hurbildu, eta kosk egin, haragia eta odolaren zaporea dastatu arte.

Erakargarria da kanibalismoa. Donostiako Rex zinema areto desagertuan Holocausto Canibal film mitikoa iragartzen zuten paperezko afixak oroitzen ditut. Pelikula hura ikusteko adinik ez baina kristalean jarritako iragarkitxo horiek ikuste soilarekin pelikula osoa buruan osatzen nuen. Beranduago, etika klaseetan klasiko bihurtu den Viven izeneko pelikula hura. Pelikula diruditen egiazko kanibalismo kasuak are erakargarriagoak dira: Renee Hartevelt ikaskidea akabatu eta jan zuen Issei Sagawa japoniarraren kasu ezaguna, beranduago, libre geratu zenean Spa gastronomia aldizkarirako kritiko gisa lan egin zuena. Edo duela bost urte, Rothenburg-en, eta Bernd Brandes biktimaren adostasunarekin hura zatitu eta jan zuen Armin Meiswes-en afari erotiko-kanibala. Edo iaz, Herman Melvilleren Typee: A Peep at Polynesian Life kontakizunetik ateratakoa dirudien Henri Haiti gida turistikoak, Stefan Ramin bezeroa asasinatu eta haren gorputzarekin antolatu zuen barbakoa. Edo telebistako albistegietan, etsaiari bihotza atera eta kosk egin zion Siriako Abu Sakkar matxinoaren irudia. Edo...

Elikatu. Errealitatea fikzioaz eta fikzioa errealitateaz. Irudia irudiz. Zeluloidea zeluloidez. Gaurkoak atzokoez eta biharkoak gaurkoez. Zinema kanibalismo hutsa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.