Gizarte eragileen babesa jaso dute Madrilen epaitzen ari diren 28 gazteek

Ainhoa Etxaide, Paul Rios eta Maider Karrere defentsaren lekuko gisa aritu dira.Epaiketa politikoak amaitzeko beharra aldarrikatu dute

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Defentsak proposatutako lekukoen txanda iritsita, gizarte eragileetako ordezkariak ari dira deklaratzen egunotan 28 gazte independentisten aurkako epaiketan. Espainiako Auzitegi Nazionala epaitzen ari da gazteek egindako lan politikoa, eta lan hori ezin dela delitutzat hartu esan dute epailearen aurrean orain arte igaro direnek. Gazteei babesa adierazi eta epaiketa politikoak amaitu daitezela aldarrikatzeko baliatu dute bidaia Madrilera haiekin batera joandakoek.

Atzo, esate baterako, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia aritu zen lekuko gisa. Epailearen aurrean deklaratu ondoren, absoluzioa eskatu zuen 28 gazteentzat. Baina horrekin ez dela nahikoa ohartarazi zuen. «Epaiketa hau salatu behar dugu». Are gehiago; «tribunalaren jarrera» ikusi ondoren, epaiketa «antzerki hutsa» dela salatu zuen. «Lotsagarria da, baina hauxe daukagu».

Egoera ikusita, LAB sindikatuko buruak ohartarazi zuen epaiketa salatu eta absoluzioa eskatu baino gehiago egin behar dela: «Uste dut garaia dela euskal gazteriari zor zaion antolatzeko eskubidea aldarrikatzeko eta eskubide hori ziurtatuko duen egoera demokratikoaren bila urrats berriak egiteko».

Etxaidek dio ez zirela sekula abiatu behar epaiketa politiko hauek. Baina, orain, sekula baino «logika gutxiago» dutela dio; «guztiz jokoz kanpo» daudela. Kezkagarriena dela halakoek erakusten dutena: «Euskal Herria oraindik erabat demokratizatu gabe dagoela erakusten du, hemen —epaiketan— dauden gazteek demokratizazio horretan modu antolatuan parte hartu nahi dutela, eta horretarako eskubidea dutela». Horixe da, Etxaideren ustez, defendatu behar dena. Horretarako urratsak egiteko deia egin du.

Errugabeak

Herenegun, Paul Rios Lokarriko koordinatzailea eta Maider Karrere Gazte Abertzaleen idazkari nagusi ohia aritu ziren defentsaren lekuko gisa deklaratzen, eta epaiketaren zentzugabekeria salatzeaz gain, halako epaiketa politikoak eteteko eskatu zuten epailearen aurrean deklaratu ostean.

«Ez dago inolako oinarririk zigortzeko», esan zuen Riosek. «Uste dut halako makroepaiketak amaitu egin behar direla eta edozein pertsonak izan behar duela libre politikan jarduteko». 28 gazteak errugabe izendatuko dituzten «esperantza» azaldu zuen Lokarriko buruak. Eta ez horiek soilik. Gazteak libre utzi behar liratekeela eta horrek beste bide bat sustatu behar lukeela uste du: «Inor gehiago ez dadila ideia politikoengatik ez epaitua ez espetxeratua izan sustatu behar luke».

Riosek gogora ekarri du egunotan epaitzen ari diren gazteak Gernikako Akordioa sinatu eta hilabetera atxilotu zituztela, eta, hain justu, akordioak ETAri su-etena iragar zezala eskatu ziola «indarkeria behin betiko amaitu zedin urrats gisara».

Lekukoen azalpenek «arrazoi gabeko auzia» eteten lagunduko duten esperantzarekin atera zen Karrere epaiketatik. «GazteHerriaren itzalpean» ezin dela inor akusatu esan zien epaileei; egitasmo horrek ez duela inolako loturarik inolako delitu motarekin. Hartara, akusazioen argudioetako bat bertan behera bota zuen ustea azaldu zuen epaiketatik ateratakoan.

Nolanahi ere, ustezko froga zehatzetatik haratago, halako makroepaiketen zentzugabekeriaz ohartarazi zuen Gazte Abertzaleen buru izan denak: «Argi dago halako makrosarekada eta makroepaiketek ez daramatela inora». Halakoekin «euskal gazteria estigmatizatzen» saiatu direla uste du, eta ezin direla halako erasoak onartu.

Aurre egiteko deia egin du, hargatik: «Honi noizbait erantzun beharko zaio». Zio politikoen gainean eraikitako makroepaiketak 28en aurkakoarekin batera amaitzeko nahia ere azaldu du; «eta ea, benetan, libre geratzen den Euskal Herria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.