Austeritate politika bertan behera uzteko eskatu dute Baionako karriketan

Orotara 1.500 manifestari bildu ditu sindikatu gehienek deitu protestak.Greba egunak bereziki ikastetxeetan izan zuen segida handiena

Mobilizatzeko molde eraginkorrenez dudak agertu ziren atzoko hitzorduan. I. M.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Bi alde izan zituen atzoko mobilizazio egunak. Alde bat, grebak, manifestaldiak eta aldarrikapenek osatua. Ipar Euskal Herriko sindikatu gehienek deitu zuten mobilizatzera, hau da, CGT, LAB, FO, Sud, Snuipp-FSUk. CFDTk eta UNSAk ez zuten deitu. Macron legea eta Erantzukizunaren Ituna bertan behera uztea, hori izan zuten eskaera nagusia sindikatuek; «austeritatea oztopatu behar da» lelo nagusi. Baionakoaren oihartzun, Frantzian gaindi beste 80 bat manifestaldi antolatu zituzten, guztiek Frantziako Gobernuaren politika jomugan.

Lanbide guztiei irekia zen deialdia, sektore pribatukoei zein publikokoei. Orotara, 1.500 ziren bildu Baionan, antolatzaileen arabera. Haien artean, zenbait egitura esanguratsu. Itsasuko La Nive artatze zentroa, adibidez. Zentroa hestekotan dute, eta 44 langile lana galtzeko puntuan dira. Enpleguak salbatzeaz gain, barnealdeko zerbitzu eskaintzaren murrizte joera ere salatzen dute. Beste adibide bat, France Bleu irratia izan daiteke. Martxoaren 19tik greban dira. Irratiaren murrizte plana salatzeko.

Erretretadunek ere presentzia nabarmena izan zuten atzo. Hots, han eta hemen hauteman daitezkeen lan baldintza eta bizitzeko salerosmen arazoei lotu kezkak elkartzeko manera izan zen atzoko eguna: «Gaurko austeritatearen ondorioa da guztien arazoa. Diru gero eta gehiago bada enpresentzat, baina langileentzat diru murrizketak, besterik ez. Erretretak ere apaltzekoak dituzte», laburbildu zuen CGTko Peio Dufauk.

Irakasle andana bat ere bazegoen manifestaldian, nahiz eta ez biziki agerian izan. Akademia Ikuskaritza une honetan eskola gutuna zehazten ari dela, eta, horren ondorioz, irakasle lanpostu andana bat kentzekotan dela, giroa pil-pilean dago hainbat eskolatan. Baina eskola gutuna baino haratago, hilabete sari izoztuak eta lan baldintzen kaskartzea dute ere salatzen. «Arazoa austeritatea da, eta hautu politikoak. Eskoletan gertatzen ari zaiguna lan mundu osoko kontua da», dio Arño Aizager-ek, LAB sindikatuko hezkuntza taldekoak. «Problema orokor bati erantzun orokor bat eman behar zaio».

Eta horra nonbait atzoko egunaren bigarren aldea. Zer-nolako erantzuna eman behar ote den. Dudak agertu ziren atzo. 1.500 manifestari ez dela hainbeste ere entzun zen. Sindikatuetatik entzun zen egun bakarreko greba egunek eta ohiko manifestaldiek ez dutela funtzionatzen. Baina«haserrea gero eta zabalagoa da», hori argi du Dufauk. «Gure lana da sindikatu gisa erakustea langileei arazo berdina dugula. Ez dugu pentsatu behar enpresa bakoitza bakarrik arituta irabaziko dela zerbait. Irtenbidea borroka bateratu batetik aterako da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.