Zaharren egoitzak. Greba Bizkaian

Egoitzaz egoitza, aldarrikapen zaratatsuan

Bilboko hamaika zahar etxetara joan dira langileak greba egunean. Hitzarmen duin bat lortu arte protestan segituko dutela esan dute

Bilboko kaleetan hamabi autotan ibiliz zabaldu zituzten aldarrikapenak langileek, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
«Ez dugu onartuko bigarren mailako langileen modura trata gaitzaten, kokoteraino gaude». Haserre ekin zioten atzo Bizkaiko adinekoen egoitzetako ELAko ordezkariek greba egunari. Haserre, baina irmo, euren lan baldintzetan izandako lorpen guztiak mobilizatuz erdietsi dituztela nabarmenduta: «Horixe da bidea, eta horrelaxe jarraituko dugu». Bi urtean behin atera behar izaten dute kalera, lan ituna bukatzen zaien aldiro. Oraingoan ere, patronalaren eskaintza errespetu faltatzat jo dute, eta argi utzi nahi izan dute langileen eskubideen defentsan ez dutela amore emango: «Aurreko hitzarmenaren negoziazio prozesuan greba mordoa egin genituen, eta lan erreformari aurre egin zion Espainiako Estatuko lehen hitzarmena lortu genuen».

Aurtengo bigarren mobilizazioa izan zuten atzokoa. ELAk Bilbon duen egoitzan elkartu ziren sindikatuko zenbait ordezkari eta zahar etxeetako langileak; handik abiatu zuten protesta. Hamabi autotan sartu, eta ilaran abiatu ziren, zaratatsu, euren aldarrikapenak ozen entzun zitezen.

Lehen geldialdia Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailak Ugaskobidea kalean duen bulegoan egin zuten. Diputazioak ordaintzen baititu adinekoen egoitzetako itunpeko lanpostuak. «Diru publikoaren kudeaketa enpresa pribatuen esku utzi du aldundiak, beste hainbat sektorean egin duen moduan», azpimarratu zuen Lourdes Aretxagak, Misericordia egoitzako ELAko ordezkariak. Esaldi bakarrean laburbildu zuen haren ohiko prozedura: «Aldundiak betetzen du tokia, adinekoari diru laguntza ematen dio, eta egoitza enpresa pribatuak ustiatzen du». Hori dela eta, gero eta egoitza publiko gutxiago dagoela erantsi zuten beharginek. Negoziazioan inplikatzea galdegin diote diputazioari, berriro.

Aldundia utzi, eta Bilboko zahar etxeetatik jarraitu zuten ibilbide. Hamaika tokitara eraman zituzten aldarrikapenak, pankartak eta itsasgarriak: Misericordia, Gazteluondo, Olimpia, Conde Aresti, Miravilla, Txurdinagabarri, Arbidea, Kirikiño, Sar Quavitae, Sarrikue, Caser eta Artxanda Bass. Bitartean, eguneroko lanari lotutako kezkak izan zituzten ahotan: «Lankide askok presiopean egiten dute lan, zahar mordoa dituztelako kargupean. Teorian, zeregin gehienak bikoteetan egin behar dira, baina errealitatean ez da hori gertatzen».

Elkartasuna ere jaso zuten grebalariek. Jesusen Bihotza kalean dagoen Misericordia zahar etxean, adibidez, hamar bat lankide aurkitu zituzten pankarta, itsasgarri eta turutekin harrabotsa ateratzen. Zirkulazio handiko lekua da, eta autotik atera gabe babesa adierazi zieten bozgorailuetatik: «Aupa zuek! Animo!».

Langileek diotenez, egoitzetako erabiltzaileek ere kezka agertu dute lan baldintzen inguruan. Atzo, dena den, denetariko erreakzioak ikusi zituzten zahar etxeetan: adineko batzuek pozik egin zieten harrera grebalariei; beste batzuek, aldiz, axolagabetasunez. Oro har, eragozpenik gabe igaro zen greba eguna, baina liskar bat salatu zuen beharginetako batek. Haren hitzetan, Egaña kaleko Olimpia egoitzako mantentze lanen arduradunak mehatxu egin zion, eta erasotzeko zorian egon zen, itsasgarriak eta pankartak gero hark kendu beharko zituelako. Autoan sartu, eta bideari jarraitu zioten grebalariek. Haserre, baina irmo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.