Zahar etxeetako langileak grebara deitu dituzte CFDTk, LABek eta UNSAk

Martxoaren 15ean 11:00etan suprefetura aitzinean elkarretaratze bat egitera deitu dute. Baliabide eskasak salatzen dituzte sindikatuek

Baionan hiru sindikatuetako ordezkariek eskainitako prentsaurrekoa. I.M.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Martxoaren 15ean zahar etxeetako langileak grebara deitu dituzte atzo CFDT, LAB, eta UNSA sindikatuek. Egun hartan, 11:00etan Baionako (Lapurdi) suprefetura aitzinean elkarretaratze bat egitera deitu dute, azken hamarkadetan baliabideetan izandako murrizketak salatzeko, bai eta gobernuari neurriak eskatzeko ere. Gutun bana ere bidaliko diete, Ipar Euskal Herriko auzapez guziei, parlamentariei, Jean Jacques Lasserre departamenduko kontseiluko lehendakariari eta eskualdeko osasun agentziari. Urtarrilaren 30ean Frantziako Estatuan zahar etxeetako milaka langile atera ziren kalera.

Hiru sindikatuek salatzen dutenez, baliabideen apaltzeak artatzaileen lana okertzen du: «Gure etikarekin ez doa bat». Kexu dira. «Osasuneko profesional garenok urteak dirauen tratu txar instituzionalizatu honen konplize ez dugu izan nahi», dio hautetsiei bidali dieten gutunak. Instituzio publikoak beharrei egokitu gabeko eskaintza ematen ari direla salatu dute, eta zahartzen ari den populazioaren patologia geroz eta konplexuagoak ez direla kontuan hartzen. Adibideak ere jarri dituzte. Artatzaile batek 7,5 minutu ditu mendekoa den adineko pertsona baten iratzartzeko, garbitzeko, janzteko eta gela garbitzeko. Afaltzen zein bazkaltzen laguntzeko hamar minutu dedikatzen ahal dizkio pertsona bakarrari, eta giza harremanetarako ez da minutu bakar bat ere aurreikusia.

Eztabaida politiko zabal baten irekitzea aldarrikatzen dute: «Gure gizarteak zahartzaroaz duen begiradaz hausnartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.