Miren Amuriza.
BIRA

Jubilatuei

2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Barkatuko didazue behin eta berriro zuei buruzko txiste bertsuak egiten aritu izana; izan mokorreko protesi zein hagin postizoez, teknologia berriekiko edo sexualitatearekiko moldakaiztasunaz. Barkatuko didazue zuen irudi estereotipatua, genero rol oso markatuduna, betikotu izana: bilobak zaintzen, bide gorrian paseatzen, kroketak edo yoga egiten baino imajinatu izan ez zaituztedalako andrazkook; eguna perretxikoak batzen, musean jokatzen, txikiteoan edo obrei begira pasatzen duzuela sinetsi izan dudalako gizonezkook. Eta batez ere, barkatu, beti horrelakoxeak izan izan zaretela, zahar jaio zinetela, hainbestetan pentsatu izanagatik; barkatu, 1960 eta 70eko hamarkadetan, diktaduran eta trantsizio garaian, mugimendu sozialak, politikoak, kulturalak lideratu zenituztela ahaztu badugu noiz edo noiz. Barka azken asteotan, lehen lerrora itzuli zaretenean, honenbeste harritzeagatik.

Gure WhatsApp taldeetara ez da, noski, zuen deialdien berririk ailegatzen, Twitterren ere apenas irakurri dizuegun txiorik... Eta hementxe gaude, kaleak eta albistegiak betetzen dituzuen bitartean, albotik begira; pentsio duinagoak ez eze, ongizate estatua erreklamatzen ari zaretela entzuten, ikusten. Albotik begira gauzkazue, bai; zuek sekula gazte izan bakoak zaretela pentsatzen dugun moduan, geu ere sekula zahartuko ez garelakoan baikaude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.