Miren Amuriza.
BIRA

Auzo-lotsa

2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Nago auzo-lotsa, subertsio teknika moduan, oso gutxi esplotatu dugula eta metodo eraginkorra izan litekeela ordena, normatibitatea, pittin bat alteratzeko: batetik, probokatzaileek ez lituzketelako ingurukoak biolentatuko (inor erridikulizatu edo umiliatzean ez bezala), eta bestetik, lotsatuei kontraesanak sorraraziko lizkiekeelako probokatzaileaganako arbuioa eta enpatia ia aldi berean sentitzeak.

Estrategia integralagoa garatu bitartean, dantzan hastea proposatzen dut; «txarto» dantzatzen hastea. Komatxoekin, gehiengoak dantzan egiten dugun kontestuetan (jai-giroan, talde ez-profesionalekin, etxeko salan...), helburu behinena plazera izanik, ondo-txarto bereizketak zentzurik ez daukalako. Edozelan ere, miresmena, inbidia diot txarto dantzatzen duen jendeari. Demagun hantxe dabiltzala, dantzalekuan, ondo mugitzen direnak (markatutako erritmora, solte baina ez solteegi...) eta burua baino mugitzen ez dutenak (edo ondo mugitzen direnei begira egoten direnak). Eta bat-batean, tiroa kontzertuaren erdian: gainontzekoen begietara ipurdia larregi ateratzen duen, besoak zabarregi astintzen, izterrak neurrigabe zabaltzen dituen elementua pistaren erdian; zenbat eta libreago aritu bera, orduan eta lotuago sentiaraziko dituena besteak. Estura aitortu ez arren, beharbada, musika, ordena, nork jartzen ote duen pentsatuz etxeratuko diren besteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.