Mendebaldeko Saharako Guerguerat eremutik erretiratu da Maroko

Fronte Polisarioa ez da eremu horretatik erretiratuko, eta nazioarteari eskatu dio «benetako erantzukizunak» bete eta galdeketa egiteko

Kristina Berasain Tristan.
2017ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Maroko Mendebaldeko Saharako Guerguerat eremutik erretiratu da, eta hala amaitu da sei hilabete iraun duen liskarra. Abuztuan piztu zen gatazka. Mauritaniarekin muga egiten duen eremu horretan errepide bat egiten hasi zen Rabat. Hegoaldera doazen kamioientzat igarobide bat da, baina, obrak hastearekin batera, harresian barrena 3,8 kilometro egin zuten aurrera militarrek, berez okupatuta daukaten herrialdean aurrera egin eta lurralde liberatuetan sartuz.

Fronte Polisarioaren erantzuna berehalakoa izan zen. Su-etenaren urraketatzat jo zuen ekintza, eta militarrak bidali zituen eremura, abuztuaren amaieran itsasalderainoko kontrola guztiz bereganatu zuten arte —Minursok ere soldaduak bidali zituen—.

Marokok, erreakzioa ikusirik, errepidearen lanak bertan behera utzi zituen, baina ez zituen militarrak erretiratu, eta tentsioa areagotuz joan da, aurreko astean militarrak 120 metro eskasera egoteraino.

Tentsio diplomatikoa ere haziz joan da. Mohamed VI.a erregeak Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari deitu zion ostiralean telefonoz «egoera oso larria» zela adierazteko. Fronte Polisarioko militarrak «probokatzen» ari zirela salatu zuen, kamioi batzuen bidea oztopatzen ari zirelako—Mendebaldeko Sahara Marokoren barruan marraztuta zuten mapak zeramatzaten kamioiek—.

Guterresek, bada, biharamunean aldeei deitu zien nork bere buruari eusteko eta tentsioa baretzeko eskatuz. Eta Guterresen «aholkuak aintzat hartuz», erretiratzeko alde bakarreko erabakia hartu du Rabatek. Polisarioak, berriz, militarrei han eutsiko diela jakinarazi du.

Garaipen diplomatikoa

Fronte Polisarioaren garaipen diplomatikotzat jo dute askok gertakaria, baina sahararrek zuhur jokatu dute, esanez «kezko hesi bat» baino ez dela, okupazioak bere horretan jarraitzen duelako.

Otsailaren 27aren bezperan etorri da albistea; SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuten egunean. Brahim Gali SEADeko presidenteak urtemugaren ospakizunak baliatu ditu nazioarteari neurri «praktikoak, zehatzak eta zuzenak» har ditzala eskatzeko; «Nazioarteko zuzenbidea betearazteko eta erreferenduma egiteko ordua da». Rabatek 1975ean okupatu zuen Mendebaldeko Sahara. Polisarioak 1991n onartu zuen su-etena, inoiz egin ez den galdeketa egiteko baldintzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.