EBk Netanyahuri erran dio ez duela Jerusalem Israelen hiriburutzat onartuko

Europako Batasunaren bilkura batean izan da Israelgo lehen ministroa. Gutxienez 29 lagun zauritu dituzte protesten borzgarren egunean

mikel rodriguez
2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa EB Europako Batasuneko Atzerri ministroen bilkurara gonbidatu zuten atzo Bruselan. Baziren bi hamarkada Israelgo lehen ministro batek ez zuela Brusela bisitatzen. Netanyahuk agerraldia egin zuen Federica Mogherini EBko diplomazia arduradunarekin batera, eta Mogherinik adierazi zuen EBk ez duela babestuko Jerusalem Israelen hiriburutzat onartzea. Azken egunotan argitaratu da Txekiar Errepublikak AEBen erabakia babestuko duela, baina Mogherinik Netanyahuren aitzinean adierazi zuen EBren barrenean «erabateko batasuna» dagoela.

AEBek Jerusalem Israelen hiriburutzat onartuko dutela jakinarazi ondoren, palestinarrak borzgarren egunez jarraian protestara atera ziren atzo, nahiz eta aitzineko egunekin konparatuta manifestazio gutxiago egin zituzten. Ilargi Gorriaren arabera, Israelgo indarrek gutxienez 29 manifestari zauritu zituzten Gazan eta Zisjordanian; Gazan, suzko armekin tirokatu zituzten bi. Israelgo armadak lau palestinar hil ditu protestak hasi zirenetik, guztiak Gazan.

Erdoganen adierazpenak

EBko ordezkariek eta estatu nagusiek hasieratik baztertu zuten AEBen erabakiarekin bat egitea, eta, atzo, esperotako erantzuna jaso zuen Netanyahuk. Israelgo lehen ministroak Bruselan erran zuen Donald Trump AEBetako presidenteak «errealitatea» onartu duela. Kritikak kritika, Mogherinik adierazi zuen AEBek gatazkaren bitartekaritzan jarraitu behar dutela. Izan ere, PAE Palestina Askatzeko Erakundeak rol hori ukatu die orain.

Nazioartean, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea nabarmendu da azken egunotan, ez baitu egunik pasatu gaia aipatu gabe. Atzo, «odolustean konplize» izatea leporatu zion Washingtoni. Erdoganek bultzatuta elkartuko da bihar Istanbulen OIC Lankidetza Islamikoaren Erakundea, gaiari buruz eztabaidatzeko. Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea hitzaldi bat ematekoa da. Abbasek espero du Arabiar Ligak eta OICek neurri zehatzak jakinaraztea. Atzo, Jordaniako Parlamentuak adierazi zuen Israelekin dituen akordioak berrikusiko dituela, 1994ko bake hitzarmena barne. Vladimir Putin Errusiako presidentearen arabera, AEBen erabakia «ezegonkortasuna» sortzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.