garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Kaskarrekoak

2016ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kirola eta garuneko kommozioa jarraian aipatu, eta boxeoa etorri ohi da gogora —boxeoa kiroltzat har baliteke, behintzat—. Eta traumatismo mota horrek gerora ondorio larriak izan ditzakeela ohartaraziz gero, inor gutxi harritzen da, ezta Parkinson bezalako gaitzen eragile izan litekeela esanda ere. Konturatzerako, izen-deitura ezagun askoak aterako dira gaiaren ilustragarri. Konparaziora, Casius Clay.

Kirol askotxotan hartzen dira, ordea, kaskarreko galantak, erorita nahiz talka eginda, errugbian, judoan edo futbolean —Zinedine Zidanek emandako gaztako antologiko hura datorkit akordura—, eta horietan denetan, bada kaskorik modernoenak ere ekidin ezingo lukeen kaltea: burmuinak buru-hezurraren kontra hartzen duen zimurtua, eta eragiten zaion azelerazio-dezelerazioa, kolpatua zelaitik berehala aterarazi eta bizpahiru eguneko patxadara bidalita artatu beharko litzatekeena, biharko ondorioak ekidite alde.

Baina kirola osasuna omen. Eta grina. Eta gogortasuna. Eta gaur edo bihar semea, alaba, laguna edo dena delakoa buruko latza hartu duelako lurrean ikustean, hemen esandakoaz akordatu gabe egingo diogu oihu sututa: «Altxa agudo negarti hori, ez da ezer izan-eta, jaiki eta eman egurra burutik behera kakalardo kuadrilla horri, redios!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.